Itzalaldiaren ondorengo bigarren bilera egin du eguerdian LABI mahai teknikoak, energia horniduraren etenak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eragindako kalteak eta arazoak aztertzeko eta aurrera begirako neurriak hartzeko. Lehen neurria larrialdi maila 2tik 1era jaistea izan da. Horrek esan nahi du Eusko Jaurlaritzak koordinazio eta laguntza rola izango duela, eta erakunde bakoitzak bere baliabideen eta zerbitzuen zuzeneko kudeaketa berreskuratuko duela.
Halere, Imanol Pradales lehendakariak bileraren ostean egindako agerraldian azpimarratu du normaltasuna ez dela "erabatekoa" eta "zuhurtzia" eskatu du. Lehendakariak azpimarratu du oraindik ez dakitela zergatik gertatu den itzalaldia: "24 ordu igarota, oraindik ez dakigu zergatik gertatu den. Funtsezkoa da arrazoiak ezagutzea, arazoari errotik aurre egiteko eta berriro gerta ez dadin neurriak hartzeko", esan du.
Gasolio erosketa "berezia"
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak goizean izandako gobernu bileran konfirmatu du gasoilaren erosketa berezi bat egingo duela Eusko Jaurlaritzak. "Oraindik ari gara ikusten zer hornikuntza erabili zen atzo. Irratia eta telebista sareak ondo funtzionatu zuen, baita osasun sistemak ere, baina erabilitakoa begiratu behar dugu, aztertu zenbat erregai erabili diren ordu hauetan, eta zer gasolio bolumena erosi behar den. Garrantzitsua da horniketa bermatzea", esan du Ubarretxenak.
Osakidetza, aktibatuta
Halaber, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak gobernu bileraren ondoren egin duten agerraldian, esan du Osakidetzak itzalaldiarekin batera abiatu zuen kontingentzia plana mantenduko duela. "Ez dugu segurtasunik ehuneko ehunean gauzak normalidadera bueltatuko diren. Badaezpada egoera guztiz normala dela bermatu arte Osakidetzak erabaki du kontingentzia plaza mantentzea", esan du.
Garraioan, ahultasunak
Garraioaren egoerak kezka handiena sortu duen aldea da, eta arlo horretan izan du Eusko Jaurlaritzak zailtasunik handiena. Zupiriak azaldu duenez, "gure gizarteak mugikortasun iraunkorraren aldeko apustu bat egin du. Sistema hori argindarrari oso lotuta dago eta argindarraren horniketa egokiaren menpe dago; eta ikusi da horniketak ahultasun batzuk dituela eta horrek seguruenik azterketa bat eskatuko du. Arlo horretan zailtasunik handiena izan dugu, garraio publikoa milaka lagunek erabiltzen duelako.

Araba normaltasunera itzuli da
Bestetik, foru gobernuaren kontseiluak ia modu monografikoan aztertu ditu goizean itzalaldi elektrikoaren ondorioak herrialdean. Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia buru izan duen bileran, lurraldea "normaltasunera" itzuli dela egiaztatu dute. Atzo arratsaldean, pixkanaka, Araba ia osoan energia erabat berreskuratzea lortu zen, eta argindarra berreskuratu zuten azkenak Gesaltza Añanako eta Gaubeako udalerriak izan ziren, Gaubeako alkate Gorka Salazarrek adierazi duenez, Burgosko sare elektrikora lotuta daudelako.
Hala, Arabako Foru Aldundia normaltasunez ari da lanean bere sailetan, nahiz eta goizeko lehen orduan oraindik eragin puntual eta kontrolatu batzuk izan dituen informatika eta telefoni -sistemetan. Horrela, foru garraioan, gizarte zerbitzuetan, Arabako Foru Suhiltzaileen Erakunde Autonomoan eta Foru Ogasunean ohiko jarduera berrezarri da, errentaren kanpaina barne.
Era berean, foru bobernua Arabako industria enpresa nagusiekin harremanetan jarri da. "Enpresa horiek beren jardueraren ia erabateko normaltasunaren berri eman dute, garrantzi txikiko eragin batzuekin, eta langile guztiek ekoizpena azkar martxan jartzeko duten konpromisoa nabarmendu dute".