itzalaldia

Elektrizitate hornidura osoa berreskuratu da Hego Euskal Herrian

Erredakzioa 2025eko apirilaren 29a

Laudioko etxebizitza batean harrapatuta geratu ziren bizilagunak lagundu behar izan zituzten suhiltzaileek. Argazkia: AIARALDEA.EUS

Arabako garraio publikoa normaltasunez funtzionatzen ari da, eta osasun arretan ere ez da aparteko gorabeherarik sortu.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du dagoeneko berreskuratu dela EAEko elektrizitate hornidura osoa. Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak jakinarazi duenez, 07:00etan berrezarri da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hornidura elektrikoaren %100. "Arazo txikiak gerta daitezke, baina dena martxan dago", adierazi du sare sozialetan.

Garraioa

Gasteizko tranbiak eta hiriko autobusek normaltasunez funtzionatzen dute lehen ordutik. Aldundiak ziurtatu du Alavabuseko busek ere normaltasunez funtzionatzen dutela. Zerbitzuei buruzko informazioa 945182060 telefonoan kontsulta daiteke. 

Tren zerbitzuari dagokionez, atzerapenak daude distantzia ertain eta luzeko trenetan Gasteizen. Miranda Ebrorekiko lotura, lanegunetan jende gehien biltzen duen ibilbideetako bat, eta Madrilerako trenak ez dira garaiz atera astearte honetan lehen orduan. Bartzelonarako zerbitzua ere ez. Goizeko 09:00ak arte, konboirik ez da atera Renfek Dato kalean duen geltokitik.

Osasun arreta

Itzalaldi masiboaren ondoren, Osakidetzako zerbitzuak normaltasunez funtzionatzen ari dira, eta programatutako ebakuntzek eta kontsultek planifikatu bezala jarraitzen dute, Osasun Saileko iturriek baieztatu dutenez.

LABI martxan

Eusko Jaurlaritzak aktibo mantenduko du Larrialdiei aurre egiteko bidea-LABIren mahai teknikoa, gertaeren etengabeko jarraipena egiteko. Gainera, LABIren beste bilera bat deitu du astearte honetan, 13:00etan, Lehendakaritzan, baldin eta larrialdi arrazoiengatik aurreratu behar ez bada.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago