San Prudentzio eguneko ospakizunetan hartu du Araba eguerditik aurrera Europako mendebalde eta hegoaldeko hainbat herrialdetan gertatu den itzalaldiak. Argindarra itzultzeko lanetan ari dira orain, 12:30ak aldera izan den argindarraren etenaren ostean. Espainian horniduraren ardura duen Red Eléctrica erakundeak dio egoera hainbat orduz luzatu daitekeela oraindik; 6 eta 10 ordu artean.
Gasteizen, ordea, dagoeneko berreskuratu dute hornidura, eta beste horrenbeste ari da gertatzen beste hainbat tokitan. Arabako Errioxaren kasuan, adibidez, 17:20 aldera itzuli da argindarraren hornidura, bai eta Telefonica bidezko konexioa ere. Añanako zenbait herritan, berriz, 17:45 aldera oraindik argindarrik gabe daude. Etena ez da berdina izan operadore guztietan, eta Orange sareko hornitzaileek bederen kosta ahala kosta mantendu dute konexioa azken orduetan.
Hainbat orduz Gasteizen eta herrialdeko gainerako kaleetan semafororik gabe geratu dira, eta ospitaleek sorgailu elektrikoetara jo behar izan dute gutxieneko zerbitzuak mantentzeko. Irekita zeuden enpresa gehienek beren ohiko jarduera eten behar izan dute, eta berdin gertatu da Gasteizko tranbiarekin eta Adif-en trenekin. Igogailuetan harrapatuta geratu diren lagun ugari askatzen aritu dira azken orduetan suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuetako langileak. Albiste hau idazterakoan ez da ezbehar pertsonalen gaineko informaziorik zabaldu.
Jaurlaritzan, Segurtasun Sailak krisi mahaia deitu du, eta beste horrenbeste egin du Gasteizko Udalak ere. Madrilen, Nazioaren Segurtasun Kontseilua konbokatu dute, eta Europako Batasunak dio "kontaktua" mantentzen duela Europa hegoaldeko herrialdeetako agintariekin.
Oraindik ez da argitu itzalaldiaren arrazoia, baina hainbat hipotesi azaleratu dira. Tentsio geopolitiko handiko garaiotan, agerikoena eremu griseko ekintza militarretan ohiko tresna den zibereraso baten inguruko azalpena izan da, baina bestelako matxura tekniko baten aukera ere jarri da mahai gainean. Pedro Sanchez presidenteak esan du oraindik ez dutela "ezelango hipotesirik baztertzen", eta oraindik "ikertzen" ari direla krisia.