Garraio publikoa gero eta erakargarriagoa da lurraldeko joan-etorrietarako, eta hala erakusten dute azken urteetako datuek. 2024an marka berriak ezarri ditu Alavabusek eta eskualdeko garraio zerbitzuak, tartean bidaien salneurria arintzeko hartutako erabakiek bultzatuta. Erronka, baina, hurrengo hamar urteetan joera horri eutsi eta autobusaren erabilera %70 handitzea dela azaldu du Jon Nogales (Gasteiz, 1988) Mugikortasun diputatuak. Besteak beste, bidaien maiztasuna areagotu, gaueko zerbitzuak eskaini eta lantegietara autobusez joateko erraztasunak jartzeko lanean direla azaldu du.
Ekainaren 30era arte %50eko deskontua iragarri berri duzue Alavabus eta eskualdeko garraioan, baina hortik aurrera?
Ordura arte bonifikazio ereduak bere horretan mantenduko dira, alegia, BAT txartel anonimoarekin %50eko deskontua, eta iaz abian jarri genuen maiztasunaren araberako deskontua BAT pertsonalizatuarekin. Eredu hori mantendu nahi dugu uztailetik aurrera, eta orain eredua finkatzen ari gara. Bonifikazio sistema hau badakigu baldintzatuta dagoela Espainiako Gobernuak ezarri duen koiuntura politikari, eta dekretuz onartutako neurriek argi esaten dute unean uneko eredu batetik eredu estruktural batera jo behar dugula. Hori izan da, gainera, nik neuk diputatu bezala defendatu dudana, bereziki kolektibo batzuentzako bonifikazioak ezartzearekin batera, justuagoa eta jasangarriagoa delako. Horiek Euskadiko Garraioaren Agintaritzan (EGA-ATE) landu beharreko gaiak dira, erakunde desberdinen arteko adostasuna lortuta. Harrera oso ona izaten ari da txartel pertsonalizatua, erabiltzaileen %50 inguru deskontu progresiboaz baliatzen dira, eta etorkizuneko ereduak ere hori behar du izan.
Urtarrilaz geroztik, dohainik bidaiatu dezakete 12 urte arteko haurrek.
Hilean 1.600 bat bidaia zenbatu ditugu. Bere horretan mantenduko da erabaki hori, eta, dekretu berriaren arabera, doakotasun politikak 14 edo 15 urte arteko haurrei ere eragingo die. Bestalde, 26 urtetik beherako gazteentzako politika zehatz batzuk ere ezarri daitezke. Horretan lanean ari gara. ATEn hartuko dira erabakiak, baina gure norabidea hori da, Espainiako Gobernuaren erabakiak bat datozelako gure filosofiarekin.
Deskontuak izan dira Alavabusen azken aldiko arrakastaren gako nagusia?
Ez nuke esango gako nagusia, baina arrakastaren parte bai. Oso garrantzitsua da tarifak erakargarriak izatea, bereziki momentu konkretu batean eman den egoeragatik. Gogoratu behar da deskontu hauek guztiak 2022 eta 2023 urteetan izan zen inflazio larri baten ondorioz heldu direla. Egoera horrek ekarri ditu bonifikazio handienak, eta dagoeneko inflazioa asko leundu bada ere, argi geratu da erakargarri izan direla garraio publikorako. Baina ez da arrazoi garrantzitsuena. Funtsezkoa da sistema eraginkorra izatea erabiltzaileentzako, mugikortasun beharrei erantzungo diena. Doakoa izanda ere, beharrak asetzen ez baditu... Gako nagusia da sistema ona dela, ondo planifikatutakoa, eta herritarrei erantzuten diela. Eta, gainera, etengabe hobetzen ari garela, lineak egokitu eta berriak barneratzen. Uste dut bi faktore horien konbinazioak azaltzen duela arrakasta hori. Iaz, 2.500.000 erabiltzaile izan ziren Alavabus eta eskualde garraioetan, %17ko igoera 2023tik, eta 2025eko lehen hilabeteetan ere gorakada nabari dugu. Sistema arrakastatsua da, eta gure errealitateari begira, geografikoki lurralde bitxia baita gurea, sistema paregabea. Ez dago Espainian parekorik, eta esango nuke Europa mailan ere ez dagoela gure ezaugarriak dituen lurralde bat garraio publikoarekin herri txikienera ere heltzen dena.
"Loiu eta Gasteiz arteko lotura izango da aurtengo jauzi kualitatibo handiena"
Gasteiz eta herriak lotzen dituzte autobusek, gabeziak gabezia, baina zailagoa da herrien artean mugitzea. Demagun, Gaubeatik Laudiora edo Aguraindik Araiara.
Alavabusen hogei lineak diseinatuta daude Gasteiz kuadrilla bakoitzeko hiriburuarekin lotzeko, eta, aldi berean, kuadrilla bakoitzeko hiriburuak beren eskualdeko herriguneekin lotzeko. Lotura horiek egiteko aldaketak egin behar dituzu, baina aukerak egon badaude herri guztiak lotzeko; Gasteizko autobus geltokira heldu eta beste linea bat hartuta.
Gasteizen zentralizatuta, beraz.
Bai, baina gure errealitatea hori delako. Ez luke zentzu handirik izango beste planifikazio batek, errealitateari uko egiten dion batek. Ez litzateke eraginkorra, ezta lehiakorra ere.
Erroldaren arabera, etxe bakoitzeko bi edo hiru ibilgailu daude herri batzuetan, AÒanan edo Arabako Errioxan kasu. Bada datu esanguratsua.
Uste dut joera horiek iraganekoak direla, eta oraindik mantentzen direla zenbait eskualdetan. Arabako Errioxa aipatu duzu, eta berezitasun jakin batzuk dituen eskualdea da, baina justu garraio publiko aldetik oso konexio potenteak ere baditu, 9 edo 12. lineekin. Oionek, Arabako Errioxako herri populatuenak, lotura zuzena du LogroÒorekin, eta duela hilabete batzuk jarri dugu Gasteizekin. Aukerak hor daude, eta gure eskaintza oso zabala da oro har Araba osoan. Joera horiek uste dut gazteek ere aldatuko dituztela urte batzuetan, eta hamar urte barru bestelakoak izango direla estatistika horiek.
Gasteiz eta Loiu arteko autobus zuzena iragarri duzue udarako. Ekainerako prest izango al da?
Uste dut hori izango dela aurten emango dugun jauzi kualitatibo handiena gure garraio publikoan, eta beharbada azken urteetan eman dugun handiena. Linea berri horiek, Gasteiz eta Bilbo lotzen dituztenak, eta Gasteiz Foronda eta Loiuko aireportuekin lotzen duten linea horiek tramitatzeko oso prozesu luzea eta korapilatsua izan dugu Bizkaiko Aldundiarekin, proiektu bateratua izan behar zuelako, baina urtarrilean iragarri genuen esleipena egin da. Jada enpresa batek lortu du kontratua, eta hortik aurrera epeak aurreikus daitezke. Ekainean finkatu dugu linea horiek abian jartzeko unea, eta prozesu administratibo hauetan eman daitezkeen gorabeherak salbu, oraintxe bertan ekainean martxan jarri ahal izango dugula esan dezakegu. Eskaera historiko bat izan da Araban Loiuko aireportuarekin lotura zuzena izateko aukera, eta hala izango dugu.
Zertan da bidaia txartelak bateragarri egiteko prozesua?
Arabako tarifen integrazioa betetzeko 2026. urtea finkatu dugu guk. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak, Gasteizko Udalak eta guk geuk, Arabako Foru Aldundiak, garapenak egin eta erabakiak hartu beharko ditugu, baina hori da jarri dugun epea. BAT txartelarekin ordaindu ahal izateko aukera lortu dugu, Lurraldebusaren salbuespenarekin, bere garapen teknologikoak egin behar dituelako aurretik, beraz, gainontzeko zerbitzu publikoetan BAT txartela erabili daiteke. Beste gauza bat da, ordea, tarifen integrazioa, alegia, prezio bera hiru sistemetan, hiru garraio publikoetan eta deskontu berbera horietan, garraio desberdinen arteko aldaketetan ere doakotasuna bermatzeko aukera. Tuvisa, Euskotren eta Alavabusen arteko aldaketak askoz erosoagoak, koordinatuagoak eta erakargarriagoak egitea da helburua, eta horiek egin ahal izateko ikerketa asko eta garapen handiak egin ditugu Arabako Mugikortasun Agintaritzan (AMA), mahai gainean jarri ditugunak. 2026a finkatu dugu horretarako, eta hortik aurrera etorriko da erkidego mailan integrazio horiek egiteko eta garatzeko unea.
"Gasteizen zentralizatuta daude autobusak, errealitatea hori delako"
Hurrengo hilabeteetarako ere aldiriko trenetan aldaketak iragarri dituzte. Autobusetan aldaketarik ekarriko du horrek?
Bai, eta aldaketak egiteko prest gaude. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzarekin hilabeteak daramatzagu lankidetzan Lautadako Miranda-Altsasu aldiriko trenaren indartze horrek gure autobusei nola eragingo dien aztertzen, bereziki Miranda eta Gasteiz lotzen dituen 18 linea hori nola baldintzatuko duen. Lan tekniko horretan ari gara, baina ikusten dugu tren berria sartu ahala berriz ere aztertu beharko ditugula emaitzak, eta ikusi beharko dugu zer ondorio dakartzan ere erabiltzaileen aldetik; horren arabera, malgutasunarekin egokituko ditugu gure lineak. Halere, hori guretzako ez da kezka bat, oso albiste ona da Lautadako ibilbide horretan tren zerbitzu berri bat izatea. Guztion artean koordinatu eta osagarri izatea lortu behar dugu.
Hurrengo hamar urteetarako prestatutako mugikortasun planean autobusaren erabilera %70 haztea aurreikusten duzue. Nola egingo duzue hori?
Horretarako ia 70 milioi euroko inbertsioa aurreikusten duen plana plazaratu dugu, eta helburuak handiak dira. Eskaria %70 handintzeko eskaintza %35 hazi behar da, zerbitzuak alegia. Hori egin ahal izateko, argi izan behar dugu garraio sistema arrakastatsua dugula, hau da, orain daukagunak ondo funtzionatzen duela, eta hortik abiatuta areagotu behar ditugula zerbitzuak. Eskaintza indartu behar dugu, eta ahalik eta zerbitzu berri gehien barneratu, eta horren adibidea industria guneak dira. Nola lotu ditzakegu industria guneak? Lehendabizi enpresek euren mugikortasun planak prestatu beharko dituzte, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren legeak hala eskatzen duelako, eta hortik aurrera guk finantzaketa eskainiko dugu, euren mugikortasun planak aurrera eramateko pizgarriak. Esperientzia dugu halakoetan, MiÒaoko parke teknologikoa hiriarekin lotzen esaterako, eta ildo horretan eragin nahi dugu.
Hamar urteko planetan gaueko zerbitzu bat ere aurreikusten duzue.
Planaren indargune handiena autobus eskaintza indartzea da, eta gaueko zerbitzuak barneratzeko aukera aztertzen ari gara, batez ere, asteburuei edo jai egunei begira. Horiek garatzeko, udal desberdinekin lan egin behar dugu eta mapa bat zehaztu. Lehendabiziko fase batean Gasteiz inguruko herriekin lantzea da asmoa. 2026 eta 2027an Alavabusen lineen lizitazio berriak esleituko dira, eta momentu hori aproposa izango da mapa berria ordenatzeko. 2027a izan daiteke zerbitzu horiekin hasteko momentua.
Nola irudikatzen duzu Arabako garraio sistema hamar urte barru?
Mugikortasunaren bigarren plana norabide horretan joateko ahalegina da. Uste dut baldintzatuta izango dela AHTaren integrazioarekin eta herritarren mugikortasun joerekin. Azken urte hauetan garraio publiko guztiek gero eta erabiltzaile gehiago hartu dituzte. Joera hori finkatu ahala, nik marrazten dudan etorkizunean gero eta garraio publiko sendoago bat izango da, gero eta lehiakorragoa, kalitate handiagokoa, herritarren exijentzia ere gero eta handiagoa izango delako. Tendentziek hala diote. Jendeak ja ez du kotxe propiorik erosten. Prezioen faktoreak eragina dauka, baina badago joera aldaketa bat ere. Etorkizun hori hala landu behar dugu, eta hala islatu behar da aurrekontu publikoetan ere. Datu bat ematearren, azken lauzpabost urteetan Arabako Aldundiaren garraio publikorako aurrekontua %135 handitu da, 2018tik 2024ra bikoitza baino gehiago handitu da aurrekontua. Hausnarketa hori beharrezkoa da etorkizun hori marrazteko.
"Deskontuak eta sistemaren planifikazioa dira Alavabusen arrakastaren gakoak"
AHTa hurrengo hamar urteetan izango dela diozu...
Egia da ohitu garela kontu honetan epeak kolokan jartzera, baina argien dagoena da Burgos eta Gasteizko zati horretako obrak aurten edo hurrengo urtean hasiko direla, beraz 2030-2031 urteetarako aurreikusten da Gasteizen egongo dela Abiadura Handiko Trena, Madril eta Gasteizen arteko konexioak posible izango direla. AHTaren lotura horrek bakarrik aldaketa handia ekarriko ditu, eta denok behartuko gaitu erabaki handiak hartzera.
Mugikortasun diputatua zara autogintzaren industriak pisu esanguratsua duen lurralde batean. Talkarik eragiten dizu horrek lanean?
Uste dut agerikoa dela egun garraio publikoaren igoera eta indartzea ez dela garraio pribatuaren edo autogintza industriaren kontra egiten, deskarbonizazioa bera ere ez delako logika horretan lantzen. Eta uste dut, gainera, Arabako autogintza industria potenteenek ere hori ulertu dutela. Mercedesek berak hausnarketa egin du, eta erabaki estrategikoak hartu ditu, jakinik deskarbonizazioa errealitate bat dela eta elektrifikaziorantz jo behar dutela. Hausnarketa ulertzen dut, baina ez dut arazorik izan garraio publikoaren aldeko lanean, eta aurrekontuetan ere isla izan dezan borroka egin dut.