Emisio gutxiko eremua ezartzeko erabakia onartu du Gasteizko Udalak; eta salbuespenak salbuespen, irailaren 15etik aurrera ibilgailurik kutsatzaileenak ezingo dira pasa hiriburuko erdigunetik. Zehazki, B, C, Eco edo Zero etiketa beharko da emisio gutxiko eremura sartzeko. 2030. urtetik aurrera gogortu egingo dira eskakizunak, eta B motako ibilgailuak ere ezingo dira sartu. Gasteiztarrei ez ezik, beste udalerrietatik lanera, ikastera, erosketak egitera edo aisialdira hiriburura joaten direnei ere eragingo die neurriak. Inpaktua ez da nolanahikoa izango, izan ere lanegun arrunt batean, Araban 999.419 desplazamendu egiten dira, eta horietatik 820.708 hiriburu barruan izaten dira. Joan-etorri horietatik gehienak oinez eta ibilgailu pribatuarekin egiten dituzte arabarrek (%47 oinez eta %43 ibilgailu pribatuarekin).
Tokikomek eta EITB taldeetako hedabideek, Saretzen proiektuaren bueltan, Hego Euskal Herriko lau probintzietako eguneroko mugikortasuna aztertu, garraio publikoaren argazkia egin, eta erabiltzen diren ibilgailuak arakatu dituzte. ALEAk zehazki Arabako ibilgailuen parkeari erreparatu dio, jakiteko ea epe ertainera hiri nagusietan sartzeko aurreikusten diren ingurumen baldintzak betetzeko prest dauden Arabako gidariak.
2023ko azken datuen arabera, 227.238 ibilgailu pribatu daude zirkulazioan herrialdean, eta turismoak nagusitzen dira motozikletaren, furgonetaren edo kamioiaren aldean. Gasteizen turismoaren nagusitasuna erabatekoa da (%77), baina motozikleten pisu erlatiboa ere garrantzitsua da (%9). Aiaraldean ere kotxeak dira nagusi (%75), eta atzetik daude, batera, motozikleta eta furgoneta (%9). Arabako Errioxan, Arabako Mendialdean, Gorbeialdean eta Lautadan, berriz, furgoneten eta kamioien presentzia handia dago, ziurrenik eskualde horietako lan jarduerarekin lotuta. Hartara, Arabako Errioxan dago turismoen Arabako ehuneko txikiena (%64), kamioiaren (%13) eta furgonetaren (%12) aitzinean.
Ibilgailuen parke horretan hazkunde joera jarraitua dagoela erakusten dute datuek, mugikortasuna oro har etengabe handitzen ari den testuinguru batean. Izan ere, mugikortasunari buruz egindako azterketek jaso dute eguneroko joan-etorrien kopurua pixkanaka igotzen ari dela Hego Euskal Herri osoan, eta, gainera, hiriburuak barne hartzen dituzten eskualdeetan daudela eguneko joan-etorri gehienak.
Ibilgailu gehiago bizilagunak baino
Mugikortasunaren igoera hori islatzen du Arabako motorizazio indizean azken urteetan gertatu den bilakaerak. Autoen biztanleko harremana etengabe igo da azken urteetan, Hego Euskal Herriko eta Europako gainerako herrialdeen joerari jarraituz, nahiz eta Europako Batasunak garraioaren deskarbonizazio prozesuaren eta errekuntzarik gabeko autoen aldeko apustua mahai gainean jarri duen.
Aiaran eta Donemiliagan ibilgailu gehiago dago erroldatutako bizilagunak baino
Hego Euskal Herrian, Araba da motorizazio indizearen rankinaren liderra, 672 ibilgailu baititu mila biztanleko. Nafarroak, berriz, 545 ibilgailu ditu mila biztanleko, eta Bizkaiak eta Gipuzkoak 487. Europako beste herrialde batzuekin alderatuta ere motorizazio indize oso altua du herrialdeak, Italia iparraldeko eta Luxemburgoko eskualde batzuen parekoa.
Hainbat faktore azpimarratzen dira motorizazioaren hazkundea justifikatzeko. Batetik, Europako herrialdeen errentaren igoera oro har –nahiz eta 2020an murriztu–; eta bestetik, garraio publikoa ez dela nahikoa dauden mugikortasun beharrei erantzuteko. Alegia, ibilgailu pribatua aukera bat da batzuentzat... eta beharra beste batzuentzat; eta hiriburua pixkanaka ibilgailu pribatuak bere zentrotik kanporatzen ari den une honetan, eskualde batzuetan autoak segitzen du izaten desplazatzeko modu nagusia eta bakarra.
Aiarako Udalak, esate baterako, asteon bertan salatu ditu udalerrian dituzten garraio publikoaren gabeziak eta "isolamendua". Udalak eskatu du Alavabuseko L-15 eta L-16 lineetako autobusek, Luiaondo paretik pasatzen direnean, herrian sartu eta geldialdiak egiteko, eta bertako biztanleen 844 sinadura aurkeztu ditu aldundian. Pruden Otegi Aiarako alkateak adierazi duen moduan, "Luiaondotik igarotzen diren L-15 eta L-16 lineetako autobus guztiak herrian sartzea eta horretarako prestatutako bi geralekuetan gutxienez gelditzea eskatzen dugu". Halaber, trenari dagokionez, Eusko Jaurlaritzara 800 sinadura bideratu ditu Aiarako Udalak, eta C3 linea, Urduña eta Abando elkartzen dituena, Aiaran "maiztasun duin" batekin gelditzeko eskatu du.
Garraio publikoaren gabeziez gainera, harreman estua dago lurraldeen motorizazio maila handia eta landa izaeraren artean. Izan ere, hiriguneetatik –Gasteiz, Bilbo, Logroño, Miranda Ebro– urrutien dauden Arabako hainbat herri txikitan ibilgailu pribatuaren erabateko menpekotasunak zenbait egoera bitxi eragiten ditu. Hala, Arabako etxe askotan bi auto baino gehiago edo hiru baino gehiago daude: Armiñonen, Berantevillan, Navaridasen edo Trebiñun. Aiaran edo Donemiliagan, kasu, matrikulatutako ibilgailuak erroldatutako bizilagunak baino gehiago dira.
Bigarren eskuko merkatua, gora
Ibilgailu pribatuen parkea handia izateaz gainera, parke zaharkitua du Arabak; eta jakina, zenbat eta zaharragoa izan auto bat, orduan eta kutsatzaileagoa da, eta, beraz, handiagoa da ingurumenean duen eragina. Autoen eta Kamioien Fabrikatzaileen Espainiako Elkartearen (ANFAC) arabera, 2023aren amaieran, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erkidegoko ibilgailuen parkeak 14,5 urteko antzinatasuna zuen –Arabak batez beste 14,3 urtekoa–. Espainiako Estatuko batez besteko adina gainditzen zuen (14,2 urte), baita Europakoa ere (12,3 urte).
ANFACen datuen arabera, 2023an, Espainiako Estatuan matrikulatutako turismo berri bakoitzeko, hamar urte baino gehiagoko 1,3 auto inguru saldu dira. Arrazoiak askotarikoak dira. Mota horretako autoen prezio erakargarriak daude, batetik: 2021ean, bigarren eskuko ibilgailu baten batez besteko prezioa 13.000 euro ingurukoa zen, eta ibilgailu berri batena, 22.000 euro ingurukoa. Bestetik, autoa aldatzeko orduan zalantzak handitu egin dira erosleen artean (araudiak, zergak, kargatzeko ziurtasuna, autonomia, ibilgailua mantentzeko kostua…). Eragina izango lukete ere bigarren eskuko plataformetarako irisgarritasunak, aldaketa sozialak (autoa izateko nahia) eta garraio alternatibek.
Modu horretan, merkatua desbideratzen ari da parkearen berritzea atzeratzen duten auto zaharretara, eta emisioak murrizteko eskatzen diren helburuak betetzea eragozten duten antzinatasun handiko ibilgailuetara.
Halaber, gaitasun ekonomiko faltaren ondorioz, 0 etiketa duten turismoek presentzia oso txikia dute Hego Euskal Herrian, eta C eta B etiketak dira nagusi oraindik bereizgarririk ez duten autoen ehuneko handia duen parke batean. Arabari erreparatuta, parkearen %30a bereizgarririk gabeko ibilgailuak dira (68.278 ibilgailu), ibilgailuen %35ak C etiketa du (78.398) eta ibilgailuen %30ak B etiketa du (67.252). Zero emisioko edo Eco etiketa duten ibilgailuen presentzia oso txikia da Araban, parke osoaren %1 eta %4, hurrenez hurren. Irailaren 25etik aurrera, beraz, Arabako ibilgailuen heren bat inguru ezingo da sartu Gasteizko Udalak onartu duen emisio gutxiko eremuan.
Ildo horretan, Europako deskarbonizazioaren erronkari eusteko, eta ibilgailu elektrikoaren zabalpena helburu, mugikortasun estrategia berria onartu zuen 2022an Eusko Jaurlaritzak, 2030erako "ibilgailuen %16 elektrifikatuta" egon zedin. Gaur egungo kopuruekin, horrek esan nahi du 227.098 auto elektriko egon behar direla matrikulatuta bost urte baino gutxiagoan. Erronka handia da; izan ere, 2023an mota horretako 8.420 ibilgailu baino ez daude autonomia erkidegoan, guztien %0,59.
Neurri "diskriminatzailea"
"Emisio baxuen aitzakiarekin", ibilgailuak hiritik atera nahi dituztela uste du RACVN elkarteko Arabako arduradun Venancio Ogetak. "Ibilgailu guztiak edo gehienak elektrifikatuko balira, baina Gasteizek duen ibilgailu parkea ikusita... Inguruko herrietako jendea ere hiriburura joaten da, eta askotan eguna erdigunean pasatzeko aprobetxatzen dute. Hori ez dute egingo. Ezin banaiz sartu, edonon erosiko dut eta beste leku batzuetara joango naiz", azaldu dio Ogetak ALEAri.
"Emisio gutxiko eremuak baliabide ekonomiko gutxiago dituzten pertsonei kalte egiten die"
Venancio Ogeta, RACVN
Bilboko eta Donostiako araudiak auzitegietan errekurrituko dituztela iragarri du RACVN elkarteak, baina Gasteizko kasuan ez du erabakirik hartu oraindik. Murrizketa "askoz onberagoa" dela aitortu du Ogetak, eta aztertu behar dutela dio. Hala ere RACVNen eledunak neurriak arbuiatu ditu, "azkenean airearen kalitate txarra konpentsatzea baita kontua, eta Gasteizen ez dago halakorik. Europako araudiak esaten duena da plan bat eduki behar dela airearen kalitatea txarra denerako", azpimarratu du.
Hortaz, orain arte indarrean ziren murrizketak mantentzea defendatu du Ogetak. "Alde zaharra emisio baxuko eremua da jada, trafikoa oso mugatua den eremua, egoiliarrengana eta banatzaileengana mugatzen dena. Horrela mantendu zitekeen, Florida kalera edo Bake kalera iritsi gabe". Emisio gutxiko eremuak duen izaera "diskriminatzailea" ere kritikatu du Ogetak. "Baliabide ekonomiko gutxiago dituzten pertsonei kalte egiten diezu, ibilgailuz aldatzeko aukera gutxiago dituztenei. Ez dut uste inork nahiago duenik hogei urteko auto bat izatea, bildumagileek izan ezik".
Halaber, zirkulazioa hiriko zonalde batzuetatik beste batzuetara mugituko dela uste du RACVNko arduradunak, eta komertzio txikiak ere kaltetuko dituela neurriak. "Ez dakit ondo baloratzen diren gauza batzuk. Babestu nahi den saltoki txikia souvenir bat erosteko geratuko da. Inork ez du poltsa astun edo handi batekin joateko gogorik. Gauza txikiak erosiko dituzte".