Otso uxaldiak, berriro aukeran

Juanma Gallego 2025ko mar. 27a, 16:00

Espainiako Gobernuaren irizpidearen kontra, popularrek kongresuan bultzatutako lege batek otsoa hiltzea ahalbidetuko du. Argazkia: COMMONS

Duela lau urte eskuratutako lege babesa galdu du iberiar otsoak, eta, beraz, hemendik aurrera erakundeek kanidoa ehizatzeko baimenak eman ahalko dituzte. Ekologistek "Erdi Aroko politikatzat" jo dute hori.

2021. urtetik iberiar otsoak (Canis lupus signatus) zuen babesa galduko du aurki, eta, ondorioz, beste behin, Araban ere animalia hiltzeko uxaldiak baimendu ahalko dira. Aldaketa ezustean etorri da —maila publikoan, bederen—: babes berezia behar duten espeziak jasotzen dituen LESPRE izeneko zerrendatik ateratzeko emendakin bat sartu du joan den astean Alderdi Popularrak kongresuan, eta Vox, Junts eta EAJ alderdien botoei esker aurrera atera da. Gobernuan diren PSOE, Sumar eta Podemos kontra azaldu dira, eta ERC, BNG eta EH Bildu alderdiak, berriz, abstenitu egin dira. Aldaketak praktikan suposatzen du hemendik aurrera Duero ibaitik iparraldera hil ahalko dela otsoa. Espainiako Senatuaren tramitea igarota ere, ez zen espero neurri hori une horretan ateratzea, baina popularrek elikagai hondakinak murrizteko lege baten barruan sartu dute ekimena: argudiatu dute otsoaren erasoek landa eremuan hildako abereen haragia galtzea suposatzen duela. 

Ekologistek diote Jaurlaritza "arduragabe" jokatzen ari dela

Aldaketarekin batera, hemendik aurrera erkidegoek egingo dute otso taldeen kudeaketa, eta euren gain eroriko dira orain arte Estatuaren esku zegoen ordainketak —20 milioi euro, Espainia mailan—. 

2021ean, zientzia batzorde batek emandako aholkuan oinarrituz, Espainiako Trantsizio Ekologikoaren ministerioak penintsula osoan espezieari ematen zion babes berezia bertan behera geratuko da horrela. Espainia mailako elkarte ekologista nagusiek batera kritikatu dute erabakia, zientziaren babesik gabe hartu dela iritzita, baina baita araudia aldatzeko modua ere. Ohartarazi dute aurrekari horrek "arriskuan" jar dezakeela natura babesteko marko legal osoa.

Araban, talde ekologistek gogor kritikatu dute Jaurlaritzak gaiaren bueltan hartutako jarrera, eta Amaia Barredo Nekazaritza sailburuaren hitzak arbuiatu dituzte. Izan ere, kongresuak hartutako erabakia babestu du Barredok, eta esan du "bizikidetzari hobeto egokitzen zaion beste kategoria batean babestuta" jarraituko duela otsoak, espezie bakan gisa sailkatuta. Jaurlaritzak berak zabaldutako prentsa agiriak lerroburura ekarri du "batez ere abeltzainak eta nekazariak" egongo direla erdigunean. Jaurlaritzaren arabera, espezieari orain arteko babes maila kentzeak ez du ahalbidetuko "uxaldi, harrapaketa edo itxaronaldi bat inolako justifikaziorik gabe" egiteko aukera.

"Erdi Aroko politika"

Euskadiko Otso Taldea, Ekologistak Martxan eta Eguzki talde ekologistek gogor salatu dute Jaurlaritza neurriaren alde azaldu izana, eta esan dute "jarrera arduragabea" izateaz gain neurriak biodibertsitateari eta oreka ekologikoari "zuzeneko erasoa" egiten diola. Are, Jaurlaritzari leporatu diote EAEn otsoa "iraungi nahi izatea", eta abeltzaintzaren eta basa faunaren aldeko elkarbizitzarako neurriak eskatu dituzte. Barredoren jarrera "lotsagabea" da, ekologisten aburuz, eta epe laburreko interesen alde lerrokatu izana egotzi diote. Otsoa jazartzea "Erdi Aroko politika bat da, eta ez da onargarria XXI. mendean", salatu dute.

Modu berean, Euskadiko Otso Taldeak Euskal Herria Bizirik plataformaren "mututasuna" kritikatu du. "Plataformak biodibertsitatea benetan defendatzen badu, argi eta garbi jarri behar da gure ekosistemetan funtsezkoa den espezie horren hilketen aurka". Diotenez, "ez du balio hegaztiak eta saguzarrak proiektu energetikoen aurrean defendatzeak eta otsoen hilketaren aurrean isiltzeak, haien aliatu estrategikoak ez molestatzeko", joan den larunbateko manifestazioarekin bat egin zuten nekazaritza sindikatuei erreferentzia eginez.

2023an, Jaurlaritzaren aginduz egindako txosten batean teknikariek kalkulatu zuten EAEn 9-11 otso daudela. Arabari dagokionez, adituek egindako azken kalkuluak zioen Arkamu-Gibillon 4-5 otso daudela, Gorobel-Urduñan 2-3, eta Gorbeian, bat.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago