EH Bizirik-en eta sindikatuen "moral bikoitza" kritikatu dute

Erredakzioa 2025ko mar. 21a, 13:04

Asteon onartu dute otsoa Espania osoan hil ahal izatea, orain arte Duero ibaitik gora zuen babesa kenduta. Argazkia: COMMONS

Euskadiko Otso Taldeak "inkoherentzia" leporatu die sindikatuei, eta salatu du plataforma ekologista "mutu" dagoela otsoa hiltzeko onartu den baimenaren aurrean.

Bihar EH Bizirik plataformak deitu duen manifestazioaren aurrean, Euskadiko Otso Taldeak deialdi honen alde agertu diren "kolektibo batzuen hipokrisia" salatu du. Komunikatu batean, elkarteak dio manifestazioa babesten dutenen artean badirela EAEko nekazaritza sindikatuak, eta hauek, Euskadiko Otso Taldearen esanetan, une honetan "txalotzen ari dira otsoen hilketak Espainian eta Euskadin". Elkarteak dio deialdiaren adierazpenean aldarrikatzen diren printzipioekiko "kontraesan nabarmenean" dagoela jarrera hori, eta "biodibertsitatearekiko mespretxu argia" erakusten duela.

Sindikatuak ez ezik, plataformaren beraren jarrera kritikatu dute, "agerikoa" baita "EH Bizirikek otsoarekin gertatzen ari denaren aurrean isiltasun ozena" duela. "Plataformak biodibertsitatea benetan defendatzen badu, argi eta garbi jarri behar da gure ekosistemetan funtsezkoa den espezie horren hilketen aurka". Diotenez, "ez du balio hegaztiak eta saguzarrak proiektu energetikoen aurrean defendatzeak eta otsoen hilketaren aurrean isiltzeak, haien aliatu estrategikoak ez molestatzeko".

Taldearen esanetan, otsoa "Euskadiko harrapari apikal bakarra den aldetik, biodibertsitatearen adierazpen gorena da" gure ingurunean, eta "funtsezko zeregina betetzen du oreka ekologikoan". Gauzak hala izanik ere, taldeak dio manifestazioaren alde egiten duela, baina, modu berean, EH Bizirik elkartea gonbidatu dute "otsoaren ehizaren aurka esplizituki agertzeko eta ordezkatzen dituzten printzipioekin bat datorren jarrera hartzeko".

PP, Vox, Junts eta EAJren aldeko botoekin, aste honetan Espainiako Kongresuak onartu du Duero ibaitik gora Espainia osoan iberiar otsoaren ehiza baimentzea, espezieak orain arte zuen babesa kenduta. Elikagaien soberakinak gutxitzeko proposamen baten barruan sartu dute neurria.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago