Gizonezkoen %67,7ak du gidabaimena herrialdean; emakumeen kasuan, berriz, %48,36ak soilik. Ehuneko hogei puntuko aldea. Espainiako Trafiko Zuzendaritzak emandako datuak dira, 2023. urtekoak. Emakumeak gizonezkoak baino gehiago izan arren, gidabaimenen bolumenarekin ez da horrela gertatzen. 112.314 gizonezkok dute gidabaimena herrialdean, eta 82.670 emakumezkok. Ia 30.000 gizon gehiago emakumeak baino. Gainera, azken urteetan arrakala ez da txikitu. Izan ere, 1990ean, sexuaren arabera bereizitako datuak dauden lehen urtean, genero arrakala gaur egungoaren antzekoa zen Araban: gidabaimenaren titular berri guztien %36 baino ez ziren emakumeak, eta gaur egun, berriz, %32. Faktore asko hartu behar dira kontuan zenbakiak testuinguruan kokatzeko orduan. Historikoki, emakumeek autoa eta gidabaimena eskuratzeko aukera gutxiago izan dituzte, patriarkatuaren eta gizarte matxistaren ondorioz. Europa osoan, XX. mendearen erdialdera arte, aitaren edo senarraren baimena behar zuten emakumeek gidabaimena ateratzeko. Espainian, berriz, murrizketak 1975era arte iraun zuen. Frankismoan, sei hilabeteko "gizarte zerbitzua" asmatu zuten emakumeentzat, gidabaimena lortzeko; eta aitak, nebak edo senarrak emazteari horretarako baimena ematea ere ezinbestekoa zen.