Ziurgabetasun garaietan, konspirazioaren teoriak eta bestelako gezurrak erakargarri izan daitezke herritarrentzat, eta are nabarmenago sare sozialek hauspotutakoak badira. Nola egin aurre, ordea, bazter desberdinetatik datorren desinformazio erauntsiari? Gasteizko Udalak antolatutako +55 Elkartegiak egitasmoaren eskutik, alfabetizazio mediatikorako erramintak mahai gainean jarri ditu egunotan Txema Ramirez de la Piscina kazetari eta ikertzaileak.
Albiste faltsuak eta konspirazioaren teoriak ez dira kontu berria, gogoratu duenez; jatorri historikoari erreparatu behar zaio egitura eta ezaugarriak etengabe errepikatzen direla ikusteko. Ignacio Aldekoa kultur etxean elkartu diren solaskideek bat baino gehiago gogoratu dituzte. M-11ko atentatuetan eraiki zen errealitate alternatiboak arrastoa utzi du, esate baterako, 2004ko hauteskundeen atariko gezurren erantzule politiko eta mediatikoek zalantzaren orbana zabaltzen jarraitu baitute orain gutxi arte. Prestige, Yak-42, Podemosen kontrako konspirazioak eta Euskal Herriko mugimendu politikoen kontrakoak ere nabarmendu dituzte. Eta, egunotako egunkariei begira, Valentziako uholdeek utzitako bulo eta informazio faltsu erauntsia ezin aipatu gabe utzi. "Baina nola ez dute zigorrik jasotzen gezur hauek? Zergatik ateratzen da horren merke gezurra esatea?", galdetu du solaskideetako batek.
"Ongi informatuta egoteak nekatu egiten du. Ez da 'fast' piluletan hartzen"
Txema Ramirez de la Piscina
Kaos sentsazio orokorraren erdian sortzen dira halako teoriak, Ramirez de la Piscinak azaldu duenez, polarizazio politikoa, ziurgabetasuna, erreferente falta dagoenean. "Testuinguru hori perfektua da halako teoriak sinesteko. Eta botereak hori badaki, betidanik erabili izan du desinformazioa". AEBetako eskuin muturraren konspirazio teoria nagusietako bat da QAnon, esate baterako, Donald Trump eta bere jarraitzaileen aurka antolatutako ustezko sare sekretu batek zuzentzen duen plana; horren arabera, badira haurren sexu trafikoan ari diren hainbat lagun Alderdi Demokratako politikarien eta Hollywoodeko aktoreen artean. Baina gertuagoko adibideak ere badira, azaldu duenez, eta historian atzera hainbat adibide. "Zer izan zen sorgin ehiza?", galdetu die parte hartzaileei. Gezurrez eraikitako prozesu baten adibide nagusia da, baina etxean beste hamaika aurki daitezke; garrotez hil zuten Jose de Elosegi okin arabarraren inguruan gezurrekin eraikitako bertsio ofiziala zalantza jartzen du, esate baterako, oraindik oholtzetan dabilen Ogiak hizketan baleki antzezlanak.
Immigrazioari buruzko gezurrak eta albiste faltsuak ere barra-barra zabaldu dira azken urteetan, jarrera xenofoboak elikatuz. Laguntza gehiago jasotzen dituztela edota delitu gehiago egiten dituztela dira horietako nagusiak, herritarren artean ondo barneratu direnak. "Azalaren kolorea azkarregi lotzen dugu delinkuentziarekin; beldurra sartu digute", esan du solaskideetako batek, eta onartu du aurreiritziei aurre egitea zaila dela askotan, jatorri atzerritarreko bizilagunak gehiengoa diren auzoetatik "beldurrez" ibili ohi dela: "Kudeatzen ikasi behar dugu". Ramirez de la Piscinaren esanetan, "kiribil makurraren" adibide garbia da immigrazioarena, eta gai erabakigarria, mundua aldatzen ari dena: "Baldintza eskasak dituzte, bizi baldintza makurrak, baztertuta sentitzen dira, baztertzen ditugu, baztertuta daude...".
Albiste faltsuen aurrean "denbora" klabea dela gogoratu du. Pazientzia, ebidentzia zientifikoa eta ikerketa. "Ongi informatuta egoteak nekatu egiten du, ezin da zortzi minutuko fast piluletan hartu. Zuri edo beltz geratzen gara askotan eta gris mota asko dago. Arazo konplexu baten Òabardurak detektatzeko denbora behar da".