Garrotez hil zuten Jose de Elosegi okina, Gasteizko Plaza Zaharrean, milaka soldadu atzerritar suharturen aurrean. Traidore izateagatik, soldadu liberalen artean desertzio sare erraldoia antolatzeagatik. Baina, zerbait gehiago ere leporatzen zioten; azken hilabeteetan hirian hil ziren 1.500 soldadu ingelesen erruduna zela uste zuten. Benetan zer gertatu zen, ordea, 1836ko negu hotz hartan? Nagusitu zen bertsio ofizialaren arabera, berak hil zituen soldadu ingelesak pozoitutako ogiarekin. Epaiketa azkarrean, desertzio sarea osatu izana onartu zuen; pozoitzearen akusazioa, ordea, ukatu egin zuen. Gasteizko historian ahaztuta zegoen pasadizo horri tiraka, beste hainbat hari-mutur deskubritu ditu Mamiak kolektiboak, eta korapilo hori oholtza gainean askatu zuten urriaren 29an, Oihaneder Euskararen Etxean; zenbait gauza argitu eta, batez ere, galdera berriak proposatzera dator Ogiak hizketan baleki obra.
Zacatumba heriotzaren kulturaren inguruko jaialdian antolatutako Gasteiz, herioaren hiria erakusketa izan zen abiapuntua. Txema Ramirez de la Piscina kazetari eta ikertzaileak (Ibarra, 1958) ezezaguna zuen pasadizo bat deskubritu zuen han, Jose de Elosegirena, eta zenbait galdera otu zitzaizkion. Pozoitze masiboa egia ote zen? Fake news baten aurrean ote gaude? Elosegi desertoreen burua ala ingelesen pagaburua izan zen? "Gasteizko historian ezezaguna den pasadizo bat berreskuratu nahi izan dugu, gure ustez, gure garaietara gaizki edo deformatuta heldu den pasadizo bat, eta horri beste gako batzuk erantsi performance artefaktu moduan, jendeari zer pentsa emateko, besteak beste, eguneroko gaia diren fake news-en inguruko gogoeta bat egiteko".
"Gasteizko historian ezezaguna den pasadizo bat berreskuratu nahi izan dugu"
Txema Ramirez de La Piscina
Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital Fundazioak otsailean antolatutako Toparaba egitasmoan eman zituen lehendabiziko pausoak proiektuak. Kultura diziplina ezberdinetako sortzaile arabarrei zuzendutako proposamena da Toparaba, euskarazko kultura sormena sustatzea, berrikuntza suspertzea eta sortzaileen artean sareak sortzea helburu dituena, eta egun osoko topaketa hartatik, hain zuzen, abiatu zen antzezlana. Aditu ezberdinen ekarpenak jaso zituzten, eta kultur sortzaileek beren artean elkar ezagutu eta diziplinarteko proiektu zehatzen inguruan saretzeko aukera izan zuten honetan.
Askotariko diziplinak
Ramirez de la Piscinak amua botata, beste diziplina batzuetako sortzaileak batu dira bidean. Josune Velez de Mendizabal (Gasteiz, 1977) aktore eta kazetaria arduratuko da alarguntzear den Josefa de Mujika taula gainera eramateaz. Kazetari den aldetik, hastapenetara bueltatuta, erakargarri egin zaizkio obra honek komunikazioari buruz egiten dituen gogoetak, "gaur egun ere denon ahotan dauden komunikazio moduak, oso zalantzazkoak, agerian uzten dituelako", eta, aktore modura, proiektuan barneratuta, haren esanetan erronka erakargarria izan da Josefa de Mujika protagonistaren azalean jartzea: "Gaur egunera arte heldu den albiste hori oinarri hartuta, nolakoa izan ote zen Josefa de Mujika? Zer pairatu ote zuen emakume horrek? Gauza gutxi dakizkigu haren inguruan, ezezaguna da, garaiko emakumeen antzera, ikusezin...".
Baina albiste honen inguruko zer datu heldu dira gaur egunera arte? Ander Gondra (Gasteiz, 1987) historiagile eta idazleak egin ditu puzzlea osatzeko beharrezko ikerketak, datu gutxi batzuk eskuan. Besteak beste, Jose de Elosegiri leporatu zizkioten hilketak benetan hala izan ziren ziurtatzeko adina daturik inon topatu ez dela argitu du, halere historian izan den serie-hiltzaile handienetako bat izan zela jaso zuen bertsio ofizialak. "Konplexua da, eta guk ere ez dakigu egia den ala ez. Soldadu ingeles batzuen eguneroko idazlanak abiapuntu hartuta, batzuek bertsio hori berresten zuten, benetan beren kideen hiltzailea zela uste zuten, baina zalantza izpi batzuk ere izan ziren haien artean". Lekukotasun haiei helduta, garaiko bertsio desberdinak jasota osatu dute obra. "Garaiko tokiko prentsak azaleko jarraipena egin zuen, eta ontzat eman zuen teoria morbosoena. Baina interesgarria da horren inguruan berriz gogoeta egitea".
"Nolakoa izan ote zen Josefa de Mujika? Zer pairatu ote zuen emakume horrek?"
Josune Velez de Mendizabal
Hamaika aukera eskaintzen dituen materialarekin egin zuen topo Edu Zelaieta (Gasteiz, 1973) irakasle eta idazleak, bere aldetik, Ogiak hizketan baleki antzezlanaren gidoia osatzen joateko. Baina txinparta batek gidatu zuen lana, Arabako artxibategian aurkitutako testamentuan jasotako batek. "Dokumentu mardul bat, gure historia dena, eta goiko aldean, izkina batean Josefa de Mujika, vecina de Vitoria duena". Abiapuntua hor zegoen. Hari tira egitea besterik ez zen behar. "Orduan hartu nuen aurrera egiteko konpromisoa. Ez dakigulako, eta ez jakiteak sekulako askatasuna ematen digulako pertsonaia eraikitzeko, orainean eta iraganean; gai unibertsal baten aurrean gaude nahi duguna egiteko". Mamiak osatzen duten taldekideak elkar ezagutzen ari dira, gainera, eta diziplina desberdinen arteko topaleku hori garrantzitsua izan da: "Erakargarria egin zait arrisku hori, talde bat egiten ari gara oraindik ere, eta ikusiko dugu zer gertatzen den, baina oso bizirik dago; ibilbide desberdinak, eta, hau ere nabarmendu beharra dago, belaunaldi desberdinetako lagunak".
Zelaietak aipatu askatasun hori ere aipatu du Irantzu Lekue (Gasteiz, 1987) artista plastikoak sortzerako momentuan, eta, hasieran buruan zuen bidea atzean utzita, ikus-entzunezkoekin prestatu du antzezlana girotu eta kokatuko duen performancea. "Eszenikoak alde batera utzita, beste leku batera heldu naiz, baina prozesu hori bera ere oso interesgarria izan da". Historian atzera jota, Gasteizen beste garai bat islatzea du erronka Lekuek, irudi eta soinuek lagunduta.
Kazetaritza, historia, literatura, ikus-entzunezkoak... horiek batu, nahastu eta forma emateaz arduratu da Marina Suarez (Gasteiz, 1988) eszena zuzendaria. Denak elkartu eta bidean bere ikuspuntua ere deskubritu du, azaldu duenez, "koktel" horren barruan. "Oso ederra izan da lanerako hainbeste material izatea; nire beste lanetan ez dut hainbesteko informaziorik izan hasieratik, eta hemen ideiak, pertsonaiak... buztinarekin egiten den moduan, pieza poliki-poliki deskubritzen joan gara".
Pieza hori urriaren 29an aurkeztuko dute, hogei bat minutuko antzezlana, baina sortzaileek eurek azaldu moduan, baliteke proiektu honek bide zabalago bati aukera ematea edota beste formatu batzuk bilatzea. "Legamia ezinbesteko lehengaia da ogia egiteko, eta orain hartzidura prozesuan dagoen proiektua da, transformatzen ari dena, eta batek daki hau noiz eta nola amaituko den", aipatu du Ramirez de la Piscinak."Ikusten ari gara potentzial handia izan dezakeela, gasteiztarrei ekarpena egin, eta, aldi berean, gai unibertsalak jorratzen dituena". Izan ere, ugari dira antzezlanak plazaratzen dituen gaiak –fake news-ak edo XIX. mendearen hasierako emakumeen rolak, besteak beste– eta solasaldirako proposamena ere izan daitezke.
Molde berritzailea
Kazetaritza performatikoaren adarrak dira horiek guztiak, ikerketa kazetaritza eta arte eszenikoak zeharkatzen dituen artefaktu kultural baten osagaiak. Errealitatea euskarri berrien bitartez kontatzeko helburuarekin jaio zen Argentinan kazetaritza performatikoa, eta molde horiek Euskal Herrira ekarri nahi ditu Mamiak. "Buenos Airesko unibertsitateko Anfibia agerkari feministaren bidez hasi dira bidea urratzen; ahaztutako gertakari bat, ikerketa kazetaritza eta performancea. Bestelako komunikazioa oholtza gainean", azaldu du Ramirez de la Piscinak. Buenos Airesen izandako hilketa matxista bat izan zuten abiapuntu; 60ko hamarkadan prentsak nola jokatu zuen aztertu, eta berriz ere hilketa hura argitara ekartzea lortu dute performancearen bitartez.
Argentinan abian jarritako lanari jarraituta, orain arte egunkarien orrietan bakarrik lekua izan duten gertakariak beste modu batez gerturatzeko lehendabiziko saiakera egingo du Mamiak kolektiboak Ogiak hizketan baleki lanarekin, baina aurrerantzean ere beste ikerketa batzuetarako plaza izan daiteke antzerkia. Lehenengo honetan, ogiak utzitako arrastoari jarraituko diote 1836ko Gasteiz hartan zer gertatu zen deskubritzeko, errealitatea eta fikzioaren arteko mugan, gogoeta berrietara eramateko asmoarekin.
Irudiek lehen karlistaldira eraman dute publikoa. Piztu dira argiak eta protagonistak hitz egin du: "Zazpi orrialdeko dokumentu bat utziko zaio historiari, Jose de Elosegiren borondatearen agiri, eta bertan goiko aldean nire izena agertuko da: Josefa de Mujika, vecina de Vitoria".