Ehun bideotik gora izango dira lehian Bertso-kopla bideo lehiaketako V. edizioan. Aurrekoetan bezala, arrakasta izugarria izan du lehiaketak eta 2.000 parte-hartzaile inguru ariko dira lehian aurtengoan.
Gaurtik hasita, eta azaroaren 28ko eguerdia bitartean (12:00), bideorik onena aukeratzeko epea irekita izango da. Guztien artean, hiru bideorik gustukoenak aukeratu ahalko dituzte ALEAko irakurleek.
Irabazleak eta sariak
Jasotako lan guztien artean, bideo-kopla onenaren saria aukeratuko du publikoak, eta, horrekin batera, ALEAko eta Arabako Bertsozale Elkarteko epaimahaiek lan bana aukeratuko dute. Ugari izango dira sarituak horrenbestez, eta askotariko sariak izango dituzte eskuragarri:
- Laboral Kutxaren eskutik, taldean gozatzeko Eskape Room bat Lautadan.
- BAHK-eko izotz pistan taldean gozatzeko esperientzia bat.
- ELKAR-en material sortak irabazleentzat eta taldearentzat.
- HONTZA EXTREM abentura parkerako sarrerak.
Sari banaketa
Iazko edizioan bezala, bertso saio paregabe batekin amaituko da aurtengo lehiaketa. Abenduaren 1ean, igandean, Zabalganako gizarte etxean, 12:00etan, Maddalen Arzallus, Peru Abarrategi, Oihane Perea eta Irati Anda izango dira, sari banaketaren aurretik bertsotan. Beraiekin izango dira Uxue Diaz de Zerio —gai jartzaile gisa—, Nahiara Eizagirre eta Aintzira Gorosabel —musika eta laguntza eskaintzeko—.
Ekitaldian parte hartzeko gonbidapenak doakoak dira, baina aldez aurretik eskuratu beharko dira, saioaren eguneko 11:00ak baino lehen. Saioaren egunean sarrerarik geldituko balitz, 11:40ean zabalduko da txarteldegia, aretoko ateak irekitzearekin batera.