Lehenengo aldia da ihauteriak elkartzeko eguna egiten dela Araban. Nola sortu da ideia?
Arabako Landa Eremuko Ihauterien elkartea 2018an sortu zen, eta ordutik herri bakoitzak egin izan ditu bere inauteriak, batzuk besteen inauterietara joan izan gara, baina elkartu ez gara inoiz elkartu. Alex Peredak proposatu zigun Arabako Landa Eremuko Ihauterien Elkartekoei. Berak asko daki ihauterien inguruan, eta asko gustatzen zaizkio. Gainera, hurrengo urtean 50 urte beteko dira Zalduondoko inauteriak berreskuratu zirela, eta zerbait egiteko asmoa genuen. Batu ditugu, beraz, Peredak proposatutako ideia eta guk Zalduondon genuena; eta lehen Maskarabaren anfitrioi gisa aurten Zalduondoko ihauteriak daude.
Beste herri batzuetan ere egiten dituzte horrelako topaketak?
Bai. Iaz, esate baterako, Zalduondoko inauteriekin joan ginen Asturiasera topaketa batera. Oso esperientzia polita izan zen, eta, beraz, herrian ez zaigu ezer kostatu jendea animatzea horrelako zerbait antolatzera. Nahiz eta Araban lehenengo aldia izan, oso arrunta da beste herri batzuetan horrelako topaketak egitea, Galizian egiten dute, Portugalen egiten dute, Asturiasen.
Arabako bost inauteri eta bi botarga izango dira Maskaraban. Zer dira botargak?
Oionen eta Guardian ateratzen diren pertsonaiak dira, Katximorro eta Katxi. Erdi Aroko bufoi modukoak dira, koloretako jantziak eramaten dituztenak; horiei esaten zaie botargak. Pertsonaia horiek ere neguko jaien barruan daudenez, topaketan integratu ditugu, eta gurekin izango dira. Badaude beste herri batzuk botargak dituztenak, baina aurten proba bezala horiek gonbidatu nahi izan ditugu.
Zenbat parte hartzaile izango dira?
160 pertsona gutxi gorabehera kalkulatu ditugu.
Nolako ekitaldia izango da?
Herri bakoitzak bere pertsonaiak eramango ditu, agian ez guztiak, baina bai pertsonaia nagusia; eta kalejira bat egingo dugu. Goizean ere solasalditxo bat egin nahi dugu herri inauteriei buruzkoa. Arratsaldean, herrietako inauteri tradizionaletan egiten ohi den sermoiaren irakurketa edo epaiketa egingo du herri bakoitzak, eta pertsonaiak akabatuko ditugu.
Nola hartu dute Zalduondoko herritarrek ekimena?
Harrigarria da nola inplikatu diren bizilagunak, ematen du jaiak direla. Jendea oso animatuta dago. Eskatu genuen laguntza antolaketan, eta izugarria izan da jendea nola busti den. Jende pilo bat parte hartzen ari da antolakuntzan.
Jakin-mina piztu du jendearen artean lehen Maskarabak?
Elkartean gaudenok badugu harremana gure artean, bilerak egiten ditugulako maiz. Oso komunikazio handia dugu gure artean, eta batzuen zein besteen inauteriak ezagutzen ditugu, baina egia da jakin-mina sortu dela egunarekin, inauteri guztiak biltzeko momentuarekin. Deigarria izango da.
Arabako landa eremuko inauteriak berreskuratzeko ahalegin horretan, emaitza gehiago izan dira azken urteetan?
Ez da egon; edo gutxienez gurekin ez dira harremanetan jarri. Badakigu herri batzuetan, Agurainen eta Laudion, badaudela esperientzia batzuk herri inauterietako kutsu bat dutenak, sorgina bezalako pertsonaia batzuk ateratzen dituztela, baina ez dira osorik herri inauteriak. Bost inauteri berreskuratu genituen hasiera horretan, eta horrela jarraitzen dugu. Agian esperientzia honek ere balioko du beste herrietako inauteri tradizional batzuk berpizteko.
Zalduondoko inauteria berreskuratu zenetik 50 urte igaroko dira hurrengo urtean. Nola pasatzen den denbora!
Bai. Egin behar dugu inauteriak berreskuratzen egon zen jendearen lana aitortzeko zerbait, baina hori aurrerago izango da.
Bigarren Maskaraba izango dugu 2025ean? Zer asmo duzue?
Ba printzipioz bai, hori da gure asmoa. Ea aurten nola ateratzen den, eta nola moldatzen garen. Herria gainezka izango dugula pentsatzen dugu, aparkatzeko tokia egokitzen ari gara, eta eguraldiarekin arazoak saihesteko karpa bat ere muntatuko dugu. Bazkaltzeko tokirik ez dagoenez Zalduondon, furgonetak egongo dira janariarekin. Egun pasa polita egiteko aukera aproposa izango da.
Maskarabaren programa:
- 11:00 Hitzaldia, Lazarraga jauregian: landa eremuko inauterietako eta maskaradetako pertsonaia nagusiei buruzko hitzaldia, eta jarraian, kultur adierazpen horiek komunitateetan duten eraginari buruzko mahai ingurua.
- 12:30 Inauterien eta botargen desfilea: lurraldeko talde esanguratsuenak Zalduondoko kaleetan barrena ibiliko dira, maskara eta pertsonaia tradizionalekin, herria kolorez eta bizitzaz betez.
- 15:00 Parte hartzen duten taldeen arteko bazkaria, esperientziak partekatzeko eta taldeen arteko lankidetza sustatzeko.
- 17:30 Epaiketak eta pertsonaien erreketa: transgresioa eta berrikuntza irudikatzen dituen tradiziorik sinbolikoenetako bat esanahiz betetako zeremonia batean egingo da.
- 18:00 Aitzina Ceol taldearen kontzertua. Zalduondoko Frontoiko karpan, Aitzina Folk jaialdiarekin elkarlanean.
- 19:00 Lekittoko Deabruak taldearen ikuskizun piroteknikoa.
- 20:00 DJ Etxekoik itxiko du eguna.