Maskaraba I. Arabako Herri Inauteriak eta Botargak Topaketa antolatu du AHIK Arabako Herri Inauteriak Elkarte Kulturalak. Herri inauteri guztiak eta botarga tradizionalak elkartzea izango da Zalduondoko Udalaren eta Kultur Elkartearen laguntzarekin prestatutako hitzorduaren helburu nagusiena, antolatzaileek ohar batean azaldu dutenez. "Kultura adierazpen horien ezagutza, zaintza eta ikusgarritasuna sustatu" nahi dituzte horrela, horiek baitira "gure kulturaren adierazpenik autentikoenak".
Azaroaren 16an egingo dute topaketa, Zalduondon. "Jai egun bat izango da, non tradizioa eta kultura elkartuko diren ospakizun hauen aniztasuna eta aberastasuna erakusteko", erantsi dute.
Antolatzaileek gogora ekarri dute AHIK 2008an sortu zela, "indarrak batu, ahaleginak koordinatu eta Araban ospatzen diren herri inauteriak biziberritzen laguntzeko". Tradizio hau bizirik mantentzen duten bost eskualdeetako ordezkariak bilduta daude elkartean: Ilarduia-Egino-Andoin, Kanpezu, Kuartango, Salcedo eta Zalduondo. Halere, iragarri dute elkartea "herri berriak gehitzeko irekita" dagoela, "bertako inauteriak berreskuratu edo bultzatu nahi badituzte".
Aurreneko aldia da horrelako topaketa bat egiten dutena. "Azaroaren 16an, oroitzapenak partekatuko ditugu, non transgresioak eta poztasunak askatasun eta dibertsio apur bat eskaintzen zuten". Aurreratu dute adin guztietako pertsonei zuzendutako "ekimen irekia eta erakargarria" izango dela.
Honako eragile hauek parte hartuko dute Maskaraban: Salcedoko Inauteria (Salcedoko Kultur Elkartea), Ilarduia, Egino eta Andoin Inauteria (ILEGAN), Kanpezuko Inauteria (XVII Mendea kultur elkartea), Kuartangoko Inauteria (Kuartangokoak Gizarte eta Kultura Elkartea), Zalduondoko Inauteria (Zalduondoko Kultur Elkartea), Katxi (Oiongo Udala), Katximorro (Laguardia-Biasteri Katximorro Kultur Elkartea), eta topaketan parte hartuko duten zazpi eskualdeetako udalak eta kontzejuak.