Proiektu energetikoen zaparradak ez du etenik

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2024ko urr. 24a, 08:00

Larunbateko manifestaziorako deia egin dute hainbat eragilek. Argazkia: HORRELA EZ

Gaubeako Risca de San Miguel mendilerroan sei aerosorgailu kokatzeko proiektua aurkeztu du Mendia Wind konpainiak; Iruña Okan, berriz, 4.788 panel fotovoltaiko dituen parkea eraiki nahi dute.

Arabako udalerri guztietan, tantaka baina etenik gabe iragartzen ari dira proiektu energetikoak. Asteotan, Gaubeako Pocilla mendiaren gainean, Boveda aldean, Burgosko mugan eraiki nahi duten sei aerosorgailuko parke eolikoaren berri eman dute ALHOn; eta Iruña Okan, Mandaita eta Olabarri herrien ondoan, kokatu nahi duten 4.788 eguzki panelen parke fotovoltaiko bat iragarri dute, EHAAn.

Gaubeako parke eolikoaren proiektuak Mendia 4 du izena, eta Mendia Wind-ek, Delta taldeko sozietateak, sustatzen du. Delta Fernando Valldeperes enpresaburu nafarraren jabetzakoa da, garai batean Gamesako goi karguduna izan zena, eta dagoeneko Bizkaian Mendia 1, 2 eta 3 proiektu eolikoak aurkeztu ditu, Gordexolan, Durangaldean eta Arratia bailaran, hurrenez hurren.

Mendilerro horren punturik altuena Raso mendia da; eta Valderejoko parke naturaletik oso gertu dago.

Gaubeako parke eolikoa, berriz, Pocilla mendiaren gainean eraiki nahi du enpresak, Araba eta Burgosko probintzia artean dagoen Risca de San Pedro mendilerroan. Mendilerro horren punturik altuena Raso mendia da, 1.051 metrorekin; eta Valderejoko parke naturaletik oso gertu dago. 
Kokapen horretan, sei aerosorgailu eraiki nahi ditu konpainiak, 43,2 MWeko potentzia sortzeko. Proiektuak lehen urratsa baino ez du egin; aldez aurreko administrazio-baimenaren eskaera aurkeztea, hain zuzen.

Ez da lehenbiziko aldia zonalde horretan parke eoliko bat eraikitzeko proiektua aurkeztu dutena. 2010ean Peñalta izeneko parke eolikoaren proiektua aurkeztu zuen Empresa de Energía Eólica y Renovables SL-k. Alta, garai horretan, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak –Mikel Mintegik zuzenduta– kontrako txostena idatzi zuen. Txosten horretan, faunari eta florari eragindako kalteez gain, haize sorgailuak Gaubeako herrietatik oso gertu zeudela ere esaten zen, eta horrek soinu inpaktua oso nabarmena izatea eragingo lukeela.

Iruña Okan, 4.788 panel

Añanako Kuadrillatik atera gabe, aste honetan bertan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, informazio publikora atera da Iruña Oka udalerrian kokatu nahi duten parke fotovoltaikoa. Arganzon FV izeneko parkeak 4.788 panel izango lituzke, 2,90 MW-eko potentzia instalatua, eta 8,59 hektareako nekazal lurra hartuko luke, Mandaita eta Olabarri herrien inguruetan.

Iruña Okako parke fotovoltaikoaren sustatzailea Fotovoltaica Comunión S.L. enpresa da, hain zuzen Lantaronen beste lau parke fotovoltaiko eraikitzea aurreikusi duen konpainia. Izan ere, Lantarongo egitasmoak nahikoa aurreratuta ditu Zamorako konpainiak, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen inpaktuko aldeko txostena eta  baimen administratiboa jaso baitu.

Manifestazioa, urriaren 26an

Proiektu hauek landa eremuko herritarren artean azken urtean zabaldu den  ezinegona areagotzera datoz, neurri handi batean Solariako hiru makroparkeren balizko instalazioak eragindako polemikaren ondorioz sortutakoa eta baita tantaka agertzen ari diren dozenaka proiektu energetikoen hedatzeak eraginda ere.

Atsekabe hori dela eta, hainbat kontzejuk, gizarte eragilek eta sindikatuk manifestazioa deitu dute urriaren 26rako, larunbaterako, Gasteizen, "lurraldea arriskuan jartzen ari diren makroproiektuen aurka" azaltzeko, eta "Araba salgai ez dagoela argi uzteko". Bilbo plazatik abiatuko da martxa, 18:00etan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago