Herrialdean abian diren makroproiektuek landa eremuaren "arpilatzea" suposatzen dutela salatzeko, eta horiek guztiak bertan behera gelditzeko eskatzeko manifestazioa egingo dute urriaren 26an, larunbatean, Gasteizen. Agerraldia egin dute, asteon, herrietako ordezkariek, UAGA sindikatuak eta makroproiektuen kontrako hainbat eragilek mobilizazioaren edukiak azaltzeko, eta herritar guztiak mobilizaziora deitzeko: "Dei egiten diogu Arabako gizarteari lurraldea mehatxatzen duten makroproiektuen aurkako jarrera erakuts dezan".
"Erakundeei eta arduradun politikoei erakutsi nahi diegu lurraldea, gure herriak eta landa inguruneko bizimodua defendatzen dugunak gehiengoa garela", esan dute. Halaber, manifestazioarekin exijitu nahi dute erakunde publikoek "ezinbestekoa" den lurraldearen plangintza eta antolamendua egin dezatela, "ez guk eta ezta etorkizuneko belaunaldiek ere ez dezagun gure lurraldea eguzki plaka, errota eoliko eta hormigoi itsaso bihurtuta ikusi." Ildo horretan, galdegin diote Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari "gure lurraldearekin espekulatzeari utz diezaiotela, eta haren defentsan apustu garbia egin dezatela".
Makroproiektuen kontrako eragileek beste behin azpimarratu dute informazio falta dagoela, eta informazioa ezkutatzen ari dela ere salatu dute. "Gizarteari beharrezkotzat saldu nahi zaizkion negozio espekulatibo horiek, zuzenean beraien eragina pairatzen duten komunitateekiko inolako gardentasunik, informaziorik eta errespeturik gabe planteatzen ari dira", nabarmendu dute.
Halaber, eredu iraunkorren aldeko apustua egiten dutela berretsi dute, "berriztagarriekin ekoitziz autokontsumorako; ez hemen eredu makroetan ekoizten duten eta gero Europari salduko dioten enpresen negoziorako".