Talgoren administrazio kontseiluak Sidenorrek egindako "proposamena aztertu ondoren", "balizko salerosketa" baterako negoziazioak abiatzea erabaki du. Tren ekoizleak gaur helarazi dio bere erabakia Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari, goizean igorritako ohar batean. Idatziak dio "une oro, sozietatearen eta akziodunen interesak babestuko" direla, eta "negoziazioek aurrera" egin ahala, "araudiak eskatzen duena jarraituz", edozein "informazio garrantzitsu" jakinaraziko zaiola merkatuari.
Joan den astean baieztatu zuen Sidenorrek Talgo erostea aztertzen ari zirela, osorik edota zati bat, eta tren konpainiari asmoen berri eman ziotela ere jakinarazi zuen. Talgok Ribabellosan duen lantegian 700 langile inguruk lan egiten dute, behin-behineko langileak eta enpresa osagarrietako beharginak kontuan hartu gabe.