Madrilen du egoitza Talgo enpresak, eta Euskal Herrian fabrika nagusietako bat, Ribabellosan, Burgosko mugan. EAEko ekonomian pisu handiko enpresa da; izan ere, Arabako tren faktorian 700 bat lagunek lan egiten dute eta harreman zuzena du, gainera, inguruko sektoreko enpresa laguntzaile guztiekin. Beraz, Talgoren jarduera ekonomikoaren menpe daude milaka lanpostu erkidegoan. Langileek industria plan bat eskatu dute aste honetan, bizi duten "ziurgabetasunaren" aurrean.
Enpresak 2030. urtera arte du sinatutako lan karga, 4.000 milioikoa, baina ez du lan hori epean amaitzeko gaitasun nahikorik, eta gauzatu ahal izateko premiaz handitu behar du bere fabrikazio ahalmena, inbertsore berrien bitartez. Langileek baieztatu dute Madrilgo Las Matas lantegira bidaltzen ari direla bagoi asko, amaitzeko, euskal enpresak jada ez duelako lan guztia aurrera ateratzeko modurik.
EEPa, bertan behera
Talgoren arazoa produktiboa da. Eskariei garaiz aurre egiteko ekoizpen gaitasunik ez du, eta horrek entregetan atzerapenak eragin ditu. Talgok bere gaitasuna handitu behar du, eta aurrera egiteko inbertitzaileak behar ditu. Aukeren artean zegoen orain arte Ganz Mavag (Magyar Vagon) Hungariako enpresa taldeak Talgoren %100 erosteko egin zuen 620 milioi euroko erosteko eskaintza publikoa (EEP). Alta, Espainiako Gobernuak, EEPari betoa jarri dio, interes estrategikoak eta segurtasun nazionaleko arrazoi "gaindiezinak" daudela iritzita. Magyar Vagonek gobernuaren oniritzia behar zuen erosketa egiteko. Atzerriko inbertsioei buruzko legediaren arabera, Espainian egoitza duen enpresa bat erosteko haren baimena behar da, operazioa 500 milioi euro baino handiago bada.
Kepa Alcaine Talgoko CCOOko ordezkariak azaldu du, orain arte, talde hungariarrak egindako EEPa zela mahai gainean zegoen aukera, baina Espainiako Gobernuak jarritako betoaren ondoren, langileek ez dute etorkizunari buruzko informazio gehiago. "Orain inbertitzailerik gabe geratzeak erabateko zehaztugabetasunean egotea esan nahi du. Ez dakigu zer gertatuko den orain, baina... eta 2030etik aurrera? Noiz amaitzen da lan karga?", galdetu du.
Errekurtsoak jarriko dituzte
Espainiako Gobernuaren betoaren aurka estatuko zein Europako auzitegietara jotzeko asmoa du Hungariako enpresa taldeak. Konpainiaren iritziz, Ministroen Kontseiluaren erabakiak "ez du inolako motibaziorik, eta eskaintzaileari erabateko babesgabetasuna eragiten dio". Hori dela eta, "haren deuseztapena eta eragindako kalte guztiak ordaintzeko" eskatuko du.
Taldeak adierazi duenez, Talgoren gaineko EEPak "indarrean dauden lege baldintza guztiak betetzen ditu, eta Espainiako Gobernuak ez dauka aurka egiteko arrazoi oinarrizkorik". Beraz, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) jakinarazi dio "eskura dituen lege ekintza guztiak" abiarazteko asmoa duela, "bai maila nazionalean, bai Europako Batasunean".
Ganz Mavagen EEPa atzera bota ondoren, Skoda enpresa txekiarra da Talgorekin interesa duen bakarra, betiere proposamena zuzendaritzak onartzen badu. Izan ere, Talgok bi aldiz errefusatu du eskaintza. Printzipioz, Espainiako Gobernuak ondo ikusiko luke mugimendu hori, eta ildo horretan bat egingo luketen inbertsoreen bila ari da.
Talgoren akziodun nagusiek, gaur, akzioak saldu nahi dituzte. Pegaso Transportation International izeneko partzuergoa da Talgoren %40,22aren jabe. Partzuergo horren baitan akziodun nagusia da Trilantic inbertsio funtsa (%63arekin), eta Oriol familia (Talgoren familia sortzaileetako bat) eta Juan Avello enpresaria, Torrealen bitartez.
Egoera arantzatsu horren aurrean industria plana garatzeko eskatu du Talgoko enpresa batzordeak. "Epe laburrerako eta epe luzerako industria plan bat nahi dugu; epe laburrerako, gaur egun egiten ari garen fabrikazioarekin jarraitu ahal izateko, eta epe luzerako, fabrikak Espainian geratzen jarrai dezaten", adierazi du Alcainek; eta iragarri du bilera bat eskatuko dutela Eusko Jaurlaritzarekin, prozesuan laguntza eskatzeko eta lanpostuak bermatzeko. Alcainek ohartarazi du langileei ez diela "ezertarako balio talde hungariar batek enpresa erosteak, gero, hemendik lauzpabost urtera, fabrikatzen dakitenean, Espainiatik alde egingo badute".
Eusko Jaurlaritzak, berriz, "bideragarritasun plan bat duen eta jarduerari eta enpleguari eusten laguntzen duen industria proiektu sendo batean oinarritutako ekimen oro babesteko konpromisoa" berretsi du.