erresidentziak

Premiazko ikuskapenak egiteko eskatu dute Arabako Batzar Nagusiek

Erredakzioa 2024ko urr. 9a, 17:42

Politika orokorreko plenoaren irudia. Argazkia: BBNN

Ikuskatzaileek agindutako zigor neurriak ezartzeko, akatsak konpontzeko, eta erresidentzietako familiei emaitzen berri emateko exijitu dute batzar nagusiek.

EH Bilduko batzarkide taldearen mozio batean oinarrituta, Arabako Batzar Nagusiek aldundiari eskatu diote premiazko ikuskapenak egiteko Arabako erresidentzietan; eta Arabarrenen behar diren zigor neurriak hartzeko, zentro horretan bizi diren pertsonen hainbat familiak egindako salaketen ondoren.

Gaurko osoko bilkuran aho batez adostutako hiru puntuko mozioan, ikuskapen zerbitzuko langileek atzemandako akatsak konpontzeko neurriak premiaz hartzea ere eskatzen da. Halaber, batzar nagusiek aldundiari eskatu diote erabiltzaileen familiei ikuskapenen emaitzen berri emateko, bai eta egoitzan salatutako irregulartasun larrien aurrean aurreikusitako neurrien berri emateko ere.

EH Bilduk Arabarren egoitzako erabiltzaileen familia batzuen salaketaren berri izan ostean aurkeztu zuen mozioa. Salaketa hartan, jatorri ezezaguneko hematomak, ohetik erortzea, logeletako gehiegizko tenperatura, medikazioko akatsak edo arroparen galera nabarmentzen ziren. Horrekin batera, familiek ere salatu zuten langile gutxi zituztela senideak behar bezala artatzeko.

Claudia Venceslao EH Bilduko batzarkidea pozik agertu da akordioarekin, salaketa "oso larria" dela iritzita, nahiz eta "Arabarren modeloa handinahikeriaz iragarritako zaintza eredu berri baten harribitxi gisa saldu ziguten".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago