Arabako Foru Aldundiko gizarte zerbitzuek 31 salaketa jaso dituzte kudeaketa pribatuko egoitza eta etxebizitza komunitarioetan, 2023tik 2024ko uztailera bitartean. Senideen, gertukoen eta hirugarrenen salaketa horiek eragin dituzten arrazoi ugariren artean, honako hauek jaso ditu aldundiak: janari gutxi, medikazioan akatsak, langilerik ez izatea, arropa edo hortzak galtzea, zaintza eskasa, tratu txarrak, erorketak, ihesaldiak, baita sexu eraso bat ere, poliziaren aurrean salatu dutena.
EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan egindako idatzizko galdera bati erantzunez eman ditu datuok Gizarte Politiken foru diputatu Gorka Urtaranek. Txosten horretan jasotzen dute, halaber, 29 zigor espediente ireki dizkietela denbora epe horretan Arabako zenbait erresidentziari. Claudia Venceslao EH Bilduko batzarkideak nabarmendu du espediente batzuk "ikuskatze lana oztopatzeari buruzkoak direla, eta legeak falta oso larritzat tipifikatzen duela hori, baina espedienteetan artxibatu egin da edo larritzat baino ez da tipifikatzen".
Bestalde, epe horretan zenbat ikuskapen egin diren galdetzen zuen EH Bilduk idatzizko galderan. Aldundiak bidalitako informazioaren arabera, 2023 urtean, guztira, 52 ikuskapen egin zituzten, herrialde osoan; eta 2024an, abuztura arte, 27 egin dituzte. "Ez da betetzen legezko minimoa, legeak agintzen baitu egoitza bakoitzeko urtean ikuskapen bat egin behar dela", esan du Venceslaok.
Egoitzetan atzemandako "gabeziak" konpontzeko, Venceslaok uste du beharrezkoa dela ikuskapen zerbitzua indartzea: "Gogora dezagun zerbitzu garrantzitsu horren plantilla ez dela handitu azken 12 urteetan izandako zerbitzu igoerarekiko modu proportzionalean, adinekoen egoitzez gain mota guztietako gizarte zerbitzuak ikuskatu behar baitituzte". Hori dela eta, mozio bat aurkeztu dute, premiaz plantilla handitzeko eskatuz, eta profil profesional desberdinak egotea ere.
Arabarrengo salaketak
Gizarte zerbitzuen txostenaren inguruko ekimenaz harago, iragan astean, Arabarrengo senideek salatutako "tratu txarrak" direla eta, Arabarrenen erantzukizunak argitzeko eskatu du EH Bilduko batzarkide taldeak Batzar Nagusietako Osoko bilkuran, mozio baten bidez.
Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu du aldundiak adinekoen zaintzan duen erantzukizuna: "Gure ustez, onartezina da egoera horiek senideek eurek salatu behar izatea, Arabarren zaintzarako foru eredu berriaren ikur gisa saldu zigutenean; izan ere, horrek esan nahi du aldundia ez dela bere lana behar bezala egiten ari". Halaber, Arabako zaintza eredu osoa "birpentsatzeko" deia egin dio foru gobernuari, eta nabarmendu du EH Bilduk "argi eta garbi" egiten duela apustu zaintza publiko komunitarioko eredu baten alde.