Zaintza Araba elkarteak salatu du Arabarren zahar etxean "zaintza kalitate eskasa" ematen zaiela egoiliarrei, eta "egoera larria" dela azpimarratu. "Luxuzko hotela bailitzan saldu zuten eta egoerak antza handiagoa dauka beldurrezko pelikula baten gidoi batekin", adierazi dute ohar batean. Besteak beste, nola egin diren jakiterik ez dagoen ubeldura eta zauriak, mespretxuzko komentario eta errespetu faltak, 29 graduko tenperatura gauez, eta medikazioa ematerakoan akatsak izan direla salatu dute.
Elkartearen arabera, langile ugari "ez dira profesionalak", eta horren ondorioak egoiliar eta senideek pairatzen dituzte. Langileek legezko ratioak betetzen dituzte, "baina ez behar bezalako arreta kalitatea eskaintzeko" ezinbestekoak direnak. Hala, azaldu dutenez, gertatzen da gauez unitate jakin batean lanean ari den gerokultorea beste solairu batera joan behar izatea, egoiliar ugari bakarrik utziz. "Hori gutxi ez eta langile kopurua murriztu nahi dute, 25 egoiliarreko hiru gerokultore izatetik bira igarotzeko. Zer zaintza emango dute horrela?".
Kudeaketa honen helburua etekin ekonomikoa dela berretsi dute elkartetik, "ez zaintza ona", eta horren adibide dira, euren esanetan, pixoihal aldaketen murrizketa edo janari kopurua gutxitzea. Arabarren egoitzan bizitzen ari direnaren zertzelada hauek egoiliar, senide zein gertukoak bizitzen ari diren "tratu txarren isla" baino ez direla esan dute. "Honi guztiz tokiz kanpo dauden jarrerak gehitu behar zaizkio, hala nola, familiei eskutitz anonimoak helaraztea, antsietate jasanezina eraginez".
Egoitza publikoa dela gogoratu dute elkartetik, nahiz eta Mondragon taldearen eskuetan egon. "Egoitzak kudeatzen dituzten instituzio eta enpresek, beste behin, agerian utzi dute egoiliar, senide eta gertukoek ez dutela eskubiderik, kobratzeko eta etekin politikoa ateratzeko soilik kontuan hartzen duten zifra hutsa".