Euskaraldiaren laugarren edizioa izango da 2025eko maiatzaren 15etik 25era, eta Euskaraldia ON! topaketa izan da ariketaren lehen mugarria. Antolaketan ibili diren edo ibiliko diren boluntario, teknikari eta eragileek herritarren aktibaziorako modu eta molde berrien proposamenak entzun dituzte. Izan ere, herrietako mugimendurik gabe ez da Euskaraldirik posible izango. Euskaraldiaren laugarren edizioaren lehen urratsa izan da.
Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak izan du topaketa irekitzearen ardura. "Konbentzituta nago, handia dela herriz herri elkarrekin egitera goazena", adierazi du. Horrekin batera, Euskaraldia ariketa bera jendea aktibatzeko eta saretzeko "tresna ezin hobea" izan daitekeela gaineratu du: "ahalik eta komunitate zabalena jarri nahi dugu dantzan, euskararen alde".
Garazi Azkuek eta Goiatz Urkijok, Euskaraldiaren komunikazio arduradunak eta koordinatzaileak, hurrenez hurren, hurrengo edizioaren hainbat gako eman dituzte, "gozatzeko, hunkitzeko eta ongi pasatzeko aukerak" izango direla nabarmenduz.
Ondoren, Kike Amonarrizek eta Gorbeialdeko euskara teknikari Manex Agirrek euskararen bueltan herritarrak aktibatzeko gakoak eskaini dituzte. Herrietan Euskaraldiaren antolaketara kideak batzeko modu berriak proposatu dituzte, eta helburu horrekin aurkeztu dute "Euskara aktibatzaileen gida-liburua", Euskaraldiak ondutako gida praktikoa. Gidak emango ditu, beraz, Euskaraldiaren mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko, ekintzak antolatzeko eta indarberritzeko hainbat gako.
Herrien izen-ematea irekita
Ehunka herritan sortutako batzordeek ahalbideratu dute hasieratik Euskaraldia. Aurreko ediziotan 400dik gora herritan antolatu zen ariketa; herritarrek, euskara elkarteetako kideek, udaletako ordezkariek edota entitateetako arduradunek osatutako batzordeek antolatzen dute Euskaraldia herriz herri.
Laugarren ediziorako ere egin dute antolatzen hasteko deia "batu eta osatu batzordea, eman izena Euskaraldian!". Gaurtik aurrera izango dute herriek, beraz, izena emateko aukera, www.euskaraldia.eus gunean bertan.
Norbanakoen txanda, ordea, 2025eko martxoan izango da; orduan izango dute belarriprest eta ahobizi guztiek Euskaraldian izena emateko aukera.