Espainiako txirrindulari itzulia, Vuelta, Arabatik igaroko da datorren ostegunean, eta eragile ugarik probestuko du eguna haien aldarrikapenak zabaltzeko. Palestinarekin Elkartasuna taldeak sportwashinga salatzeko erabiliko du etapa, Gazan genozidioa eragiten ari diren bitartean Israelgo talde batek Vueltan parte hartzen duela kritikatzeko. Gure Esku plataformak ere zabalduko ditu bere aldarriak, eta autobus bat antolatu dute Gasteiztik Maeztura heltzeko, errepideak moztuta egongo direlako irailaren 5ean, lasterketaren ondorioz.
Txirrindulari sionistak Araban
Palestinarekin Elkartasuna ekimenak prentsaurrekoa egin du gaur Gasteizen, eta kirola genozidioa justifikatzeko tresna gisa erabiltzea gaitzetsi du. Izan ere, Israel Premier Tech taldea parte hartzen ari da Vueltan. Israelgo propaganda ministerioaren estrategiaren parte dela salatu dute, "nazioarteko foroetan erregimen genozidaren presentzia normalizatzeko helburua" daukala esanez.
Israelgo taldean bost txirrindulari baino ez dira israeldarrak. Horietako bat, Guy Niv, "Sniper" ezizenez ezagutzen dute, frankotiratzaile lanetan aritu zelako Israelgo armadan. Taldearen jabeak berak aitortu izan du txirrindulariek badakitela "euren herrialdeko enbaxadore" lana egiten ari direla.
Palestinarekin Elkartasuna taldeko kideek goraipatu egin dute palestinar erresistentzia, eta elkartasuna adierazteko deia egin dute, 179,5 kilometro izango dituen ibilbideko edozein tokitara joan eta Palestinaren aldarria erakusteko. Hala ere, hitzordu batzuk proposatu dituzte ostegunerako. 12:00etan Maite Zuñiga kalean elkartuko dira, eta 14:00etan Arriagako parkingetik abiatuko dira Maeztura joateko. Han, 16:00etan, Izki tabernan elkartuko dira etapa amaieran Palestinaren alde egin eta Israelen normalizazioa apurtzeko. Gasteiz, Araba eta EAEko administrazioei exijitu diete ez ditzatela zentsuratu elkartasun adierazpenak, "Gasteizko txupinazoan gertatu zen bezala".
Zazpi herrialdeak presente Vueltan
Gure Esku plataformak ere baliatuko du Vuelta Arabatik pasako den eguna. Euskal Herria herri bat dela, zazpi lurraldez osatua dagoela eta erabaki nahi duela aldarrikatuko dute, eta ikurrak banatuko dituzte jendeak adierazpenarekin bat egin dezan. 11:30ean Andre Maria Zuriaren plazan arituko dira ikurrak banatzen, Gasteizen, eta arratsaldean, 16:00etan, Maeztuko okindegi zaharrean banatuko dituzte gehiago, etapa amaieran ere Euskal Herriaren aldarria agertu dadin.
Errepide mozketa ugari egongo direnez ostegunean, Gure Eskukoek autobus bat antolatu dute Gasteiztik Maeztura. 14:30ean aterako dira Gasteiztik, eta behin etapa bukatuta hiriburura itzuliko da, 17:00etan Maeztutik irtenda. 10€an eskaintzen dute autobusean tokia, 645728711 telefonora idatzita.