Gasteizko Udala Palestinarekiko elkartasun keinuak debekatzen saiatu dela salatu dute

Erredakzioa 2024ko abu. 6a, 18:04

Palestinaren aldeko keinuak txupinazoan. Argazkia: Palestinarekiko Elkartasuna

Abuztuaren 4ko txupinazoan Palestinako banderak konfiskatzea leporatu diote udalari, besteak beste. Bihar, abuztuak 7, Palestinar Erresistentziaren aldeko manifestazioa izango da 18:30ean, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta.

Palestinarekiko Elkartasuna taldeak salaketa egin du Gasteizko Udalaren aurka, elkartasun adierazpenak debekatzen saiatu izana egotzi dio. Abuztuaren 4ko txupinazoan, ohikoa den bezala, aldarrikapen ugari ateratzen dira kalera, dozenaka mila pertsona elkartzen direla baliatzeko. Aurten, Palestinar herriaren egoerak eta Gazako genozidioak leku nabarmena izan dute Andre Maria Zuriaren plazan. Banderak, Palestinako aldarriez betetako pilota erraldoiak eta beste hainbat adierazpen ikusi ahal izan ditugu.

Hala ere, Gasteizko Udala elkartasun keinuak debekatzen saiatu zela salatu dute. Palestinarekiko Elkartasuna taldearen esanetan, txupinazioaren aurretik udal langileak zein udaltzaingoak plazarako sarbideetan boluntarioek banatutako 1.500 banderetako batzuk "konfiskatzeko lanetan aritu ziren", eta boluntarioetako bat identifikatu zutela ere salatu dute. Balkonadara igotzeko akreditazioa zuten hainbat laguni ere banderak kendu zizkietela gaitzetsi du elkarteak. Bestalde, teilatu batetik elkartasun pankarta bat zintzilikatzera zihoan pertsona talde bat atzeman zuen poliziak ere, eta pankarta kendu zieten.

Gasteizko herritarrei dei egin die Palestinarekiko elkartasuna taldeak, bihar, egingo den manifestazioan parte hartzeko. "Gora Palestinar Erresistentzia" lelopean protesta antolatu da, abuztuaren 7an, 18:30ean, Andre Maria Zuriaren plazatik.

Elisa Rueda aurtengo pregoilariaren hitzaldia aldatu izana ere leporatu dio elkarteak Gasteizko Udalari. Izan ere, poetak Palestinaren aurkako "genozidioa" aipatu bazuen ere, udalak zabaldutako oharrean hitza aldatu eta "gatazka" jarri zutela salatu du Palestinarekiko Elkartasuna taldeak.

Salaketak salaketa, elkarteak positibotzat jo du Palestinaren aldeko adierazpen ugari ikusaraztea lortu izana. Zeledonen segizioko kideek banderak erakutsi izana goraipatu dute, edo "sarrerako kontrolak saihestu zituzten ehunka lagunek" Palestinako bandera aireratu ahal izatea. Gasteiz eta Euskal Herriko biztanleei dei egin diete elkartasuna landu eta Israelen aurkako boikot, desinbertsio eta zigorrak bultzatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago