Gasteizko kultur sortzaile guztiak gonbidatu nahi ditu aurten Aihotz plazara GEU elkarteak. 2012tik egin duten moduan, euskararen presentzia indartzeko asmoz, txosna izango du bertan elkarteak, eta aurten bereziki "aterpe" izan nahi du euskal kulturgile guztientzat, "egiten duten ahalegina" txalotzeko plaza.
Musika, antzerkia, zinema, literatura, arte bisualak, eskultura, ikus-entzunezkoak. Euskal kulturgile guztiek "olatu gogorren kontra arraunean"jarraitzen dutela nabarmendu dute GEUtik, "hizkuntza baten eta jendartearen sostengu", eta, hain zuzen, eurei eskaini nahi die Andre Maria Zuriaren jaien atariko ospakizunetan banatuko duten saria. Egindako ibilbide, hautu eta ahaleginagatik, euren alorrean erreferente diren Paul Urkijok, Josune Velez de Mendizabalek, Beñat Goitiak (Benizze) eta Karmele Jaiok jasoko dute saria.
Txosnaren inaugurazioa
Abuztuaren 2an banatuko dute GEU saria, txosnaren inaugurazioarekin batera, eta kontzertu programazio erakargarriarekin: 20:00etan Bele taldea, 22:00etan Bidelapurrak eta, jaialdiari itxiera emanez, 23:30ean DJ Pineapple Sweets. Abuztuaren 3an, familiarteko giroan egongo dira, familiei zuzendutako Patata Tropikala taldearen ikuskizun batekin eta Azido folklorikoren eskutik dantza-plazan batekin. Hurrengo egunetan ez da sorpresarik faltako txosna ingurun, kontzertu akustiko eta drag performanceak tartean.