"Erantzukizuna" eskatu die aldundiak suhiltzaileei

Erredakzioa 2024ko uzt. 12a, 08:10

Diputazioaren aurrean ostegunean egindako kontzentrazioa. Argazkia: ELA

Hiru asteko greba iragarri dute Arabako Foru Suhiltzaileen zerbitzuan, uztailaren 15etik abuztuaren 4ra arte.

 

Langileek kopurua handitzea, hitzarmen kolektiboa negoziatzea eta "inposaketak amaitzea" eskatzeko grebara deitu dute Arabako suhiltzaileek, hiru astez, hurengo uztailren 15etik hasita. "Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileen zerbitzuko langileok gure lanbidea eta zerbitzu publikorako bokazioa defendatuko ditugu edozein mehatxuren aurrean, edonondik datorrela ere", ziurtatu dute langileek.

Gainera, ELAk eta LABek ohartarazi dute "aldundia ez bada negoziatzera esertzen langileen egiturazko arazoak konpontzeko" grebak uda osoa hartuko duela. Plantilla handitzeko aldarrikapen historikoaz gain, langileek gogoratu dute urte daramatzatela lan hitzarmenik gabe. "Ondo definitutako lan baldintzak ez dituen EAEko zerbitzu bakarra gara.

Arabako Foru Aldundiak bere aldetik "erantzukizuna" eskatu die zerbitzuko langileei deitu duten grebaren aurrean. Ohar batean adierazi du aldundiak "errespetatu" egiten duela grebarako eskubidea, baina ez duela ulertzen deialdia plantilla handitzeko eskaeran oinarritzea, "datozen asteetan langile kopurua murrizten den bitartean"; eta gogoratu dute baso suteen arriskuari dagokionez eragin handieneko aldia dela grebarena.

Gutxieneko zerbitzuak

Aldundiak %100eko gutxieneko zerbitzuak proposatu ditu, baina, azkenean, Eusko Jaurlaritzak ohiko dotazioaren % 75ean finkatu ditu gutxieneko zerbitzuak. Langileek, berriz, eskatu dute Arabako Suhiltzaileen Erakunde Autonomoak egunerokorako ezarrita duen dotazio osoarekin bat datozen zerbitzuak onartzeko, "hau da, gaur egun plantillan dauden gehieneko langile posibleak".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago