Arabako Foru Suhiltzaileek beren lan-hitzarmena eskuratzeko protesta egin dute gaur goizean Gasteizen. Langileen ordezkariek "nazkatuta" daudela adierazi dute gaurko agerraldiaren haritik idatzitako ohar batean. Salatu dutenez, zortzi urte baino gehiago daramate hitzarmenik gabe, eta "negoziazioen erritmoan, beste zortzi urte egon" daitezkeela diote.
Ziurtatu dute EAEn lan hitzarmenik gabeko "zerbitzu publiko bakarra" direla. Modu berean, ohartarazi dute txanda eta parke bakoitzean dagoen suhiltzaile kopuruak ez direla "nahikoak segurtasunaren ikuspegitik", ez langileena, ezta herritarrena ere. Diotenez, "urtearen ia herenean" parkeetan hiru suhiltzaile baino ez daude, eta horrek izan ditzakeen arriskuez ohartarazi dute. Hala, herritarrei helarazi diete larrialdi bat izaten denean "aukera asko" daudela lehen 25 minutuetan hiru suhiltzaile baino ez egoteko.
Hori dela eta, diputazioaren jarrera kritikatu dute, sinetsita daudelako foru erakundearen portaera kalean uso, etxean otso esamoldearekin bat datorrela. Hedabideei begira "elkar ulertzea" argudiatuta ere, barrura begira aldundiak "inposaketa, mehatxuak, mespretxuak eta negoziatzeko jarrera falta nabarmena" duela salatu dute.