Carvalho Araujo portugaldar estudioaren 'Mugarik Gabe’ proiektuak irabazi du Arabako ardoaren campusaren (EDA Drinks & Wine Campus) bi egoitzak –Guardia eta Gasteiz– diseinatzeko deitutako nazioarteko arkitektura lehiaketa. Bere berezitasunagatik eta ingurunean bi kokapenetan duen integrazioagatik eta elkarreraginagatik aukeratu du Basque Culinary Centerrek (BCC) proiektua.
Gaur eman dute proiektuaren berri, Guardian egindako ekitaldi ofizial batean. Jose Manuel Carvalho Araujo arkitektura estudioaren sortzailearekin batera, aurkezpenean izan dira Imanol Pradales EAEko lehendakaria, Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusia, Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerren zuzendaria, Raul Garcia Guardiako alkatea, Maider Etxeberria Gasteizko alkatea eta Txema Elvira Arabako Errioxako Kuadrillako presidentea ere.
BCCko arduradunek nabarmendu dute aurkeztutako proposamenen kalitatea eta maila altua, eta azterketa sakon baten ondoren 'Mugarik gabe' proiektuaren alde egin dutela azaldu dute. Azpimarratu dutenez, paisaiaren integrazioaren aldeko apustua egin du portugaldarren proiektuak, "bai hiri ingurunean, bai landa ingurunean", eta proposamen arkitektonikoan "jarduera programaren antolaketa, funtzionaltasuna eta malgutasuna nabarmentzen dira, proiektuaren premiekin bat datozenak".
Mugarik Gabe proiektuak beren artean lotura estua duten bi eraikin proposatzen ditu, bat Gasteizen eta beste bat Guardian; eta hartzen duten eremuan hedatzen dira, "mugak ezarri gabe". Bakoitzak bere testuinguruari eta baldintzatzaileei erantzuten diela azpimarratu du BCCk, "nahiz eta biak estrategia berarekin jorratu diren: talentua erakartzeko espazioak sortzea, prestakuntza espezializatua eskaintzea eta ezagutza sektorera transferitzera bideratutako ikerketa ildoak garatzea, nazioarteko proiekzioarekin eta ikuspegi integral batekin".
Eraikin berria, Guardian
Guardiako EDAko egoitza eraikin berria izango da, eta Ardoaren Etxetik hurbil dagoen 3.900 metro koadroko lursail batean eraikiko da. "Guardiako proposamena paisaia zabal batean pausatu eta aldarrikatzen da, eta Gasteizkoa, berriz, sortu eta ingurunera zabaltzen da". Arabako Errioxako eraikina nabarmentzen da herritarrei irekita dagoelako. "Fatxadek barruan egiten den jarduera ikusten uzten dute, eta kanpoko korridoreek eraikinaren ingurua zeharkatzen uzten dute, mahastiz osatutako ingurunea ikusteko".
Aurkezpenean adierazi dutenez, Guardiako proiektuak bi solairuko egitura bat sortzen du estalki baten azpian, plataforma berde zabal bat, "mahastien erdian pausatzen den kolomadi lirain bati esker zutik mantentzen dena". Solairu batek, kalearen parean, aurreko espaziora sartzeko bidea ematen du, eta beste batek, kota txikiagoan, lekuaren topografia ahal den neurrian errespetatzeko aukera emango du, "ingurunea finkatu eta babestuz, eta kareharriaren harrizko zurian mantu berde gisa integratuz".
Lakuako egoitza
Gasteizen kasuan, Lakuako autobus geltokiaren ondoan, paratuko dute EDAren bigarren egoitza. Eraikinak paisaiarekiko, testuinguruarekiko eta herritarrekiko errespetu maila handienak bilatzen dituela azpimarratu dute BCCko arduradunek. "Landare-mantu bat balitz bezala, lurzoru-geruza bat eraikitzen da, ibiltzeko moduko eta izaeraz eta mugakide diren eraikinekiko kontsiderazioz definitutako espazio bat sortzeko, inguruko espazioak hobetuz, jardueraz eta berezko izaeraz hornituz, eta esku hartzearen ikusizko inpaktua modu organikoan murriztuz".