Gasteizko Udalaren, Basque Culinary Centerren eta EDA, Drinks & Wine Campus Fundazioaren arteko lankidetza hitzarmena onartu du gaur tokiko gobernu batzordeak. Horren ondorioz, udala EDA, Drinks & Wine Campus Fundazioko patrono izango da.
Udalak ohar batean ezagutarazi duenez, urtero 500.000 euro emango dizkio ardoaren campusari, eta, horretarako, konpromiso kreditu bat onartuko duela aurreratu du. Modu horretan, datozen lau urteetarako bi milioi euroko aurrekontua bideratuko dute. Ez dute zehaztu, ordea, hitzarmenean lau urte barru konpromiso hori berresteko formularik ezarri ote duten.
Modu berean, udalak jakinarazi du Euskaltzaindia plazako orubea 75 urtez lagako diola campusari. ALEAk iazko abenduan aurreratu zuenez, bertan eraikiko dute campusaren Gasteizko egoitza —bestea Guardian egongo da—. Horren ordainean, campusak "kanon bat ordaintzeko konpromisoa" hartu duela dio udalak, baina, kasu honetan ere, ez dute zehaztu zenbat eurokoa izango den kanon hori.
Udalaren arabera, proiektua "interes berezikoa" hiriarentzat, eta "garapen ekonomiko eta soziala" zein "enplegua" ekarriko ditu.