"Erreferentzia", alde bakarrekoa

Juanma Gallego 2024ko eka. 21a, 08:00

Aurkeztu berri duten kontseiluaren osaketak upategi handiak baino ez dituela ordezkatzen salatu du ABRAk. Argazkia: EDA DRINKS & WINE

EDA Drinks and Wine Campusak eratu duen Upeltegien Kontseiluaren osaketak ezinegona eragin du Arabako Errioxako upategi txikien artean. ABRAren arabera, upategi handiak baino ez dituzte ordezkatu.

Zerrenda nahiko luzea da, baina hasierako aipamenak jartzea besterik ez dago osotasunaren ideiaren bat izateko: Pablo Alvarez (Vega Sicilia, Macan, Alión, Pintia, Oremus), Jose Ramon Urtasun (Remírez de Ganuza, Torralbenc), Juan Carlos Lopez de Lacalle (Artadi, Artazu, El Sequé, Izar Leku), Guillermo Aranzabal (Torre Oña, La Rioja Alta, Aster, Lagar de Cervera), Gonzalo Saez de Samaniego (Ostatu), Jon Cañas (Luis Cañas, Amaren, Dominio de Cair), Miguel Eguren (Viñedos de Páganos, Teso La Monja, Sierra de Cantabria)... beste zazpi izen gehiago ere badira. Horiek guztiek EDA Drinks & Wine Campusaren Upeltegien Kontseilua osatuko dute, joan den astean Basque Culinary Centerrek garatutako hezkuntza proiektuak iragarritakoaren arabera. Aukeraketaren arrazoia da "erreferentziazko" upategi horiek "aintzatespen eta ospe handia" izan dutela sektorean, eta, horregatik, "ikuspegi etengabe eguneratua emango diote" erakundeari.

"HOR AGERTZEN DIREN PERTSONEK BI, HIRU EDO LAU UPATEGI DITUZTE". ITXASO COMPAÑON, ABRA

Aukeraketa aurkezteko zabaldutako prentsa oharrean, erakundeak dio kontseilu berri hau "dinamikoa" izango dela, eta etorkizunean upategi berriak sartu ahal izango direla, "eredu guztien adierazgarri".

Familia upategirik ez

"Dinamikoa" izan asmo omen duen kontseilu horren osaketak ezinegona sortu du eskualdeko upategi txikien artean, uste baitute ordezkapena ez datorrela bat sektorearen errealitatearekin. Hala, adierazgarria da oso upategi txikiak biltzen dituen ABRA elkarteko presidente Itxaso Compañoek "prentsaren bitartez" izan duela osaketa horren berri. Compañonek ez du ezkutatu haserrea. "Adierazgarria da hor agertzen diren pertsonek bi, hiru edo lau upategi dituztela", azaldu du. "Baina, non daude ordezkatuta upategi familiarrak?", galdetu du. ABRAko presidentearen esanetan, sektorea "krisi momentu" batean dago. "Krisi honetara ekarri gaituzten errudunak Rioja lideratzen duten upategi handiak dira, beraiek hartzen dituztelako jatorri izendapenaren erabaki guztiak", argudiatu du. Arreta eman dion beste faktore bat generoari dagokiona da. "Hor dauden gehien-gehienak gizonezkoak dira", ohartarazi du.

Etorkizun zaila

Compañoni gustatuko litzaioke jakitea "upategi horiek aurten mahatsa erosiko ote duten, edo mahastizainei esan dieten mahatsa erosiko duten, edo zer preziotan erosiko duten. Eredugarri baldin badira, ereduarekin predikatu beharko dute, ezta?", adierazi du, ironiari eutsita.

Egoeragatik kezka agertu du ABRAko presidenteak "Upategi handiek gero eta lur gehiago erosten dute, eta mahastizainek balore katetik baino prezio txikiagoetan saltzen dute mahatsa. Ondorioz, jendea upategiak ixten eta mahastiak saltzen ari da. Etorkizuna bermatzeko plan bat behar dugu, eta ez, orain bezala, urtez urteko adabakia".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago