Iritzia

Artifizio adimentsua

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2024ko eka. 3a, 09:50

Argazkia: 'Terminator'

"Beldur gara? 'Terminator' garaitik iragarri digute teknologiak suntsituko gaituela"

Neure obsesioei buruz idazten dut beti. Ez da serioa iritzi emaile zintzo batentzat. Nahiz eta ez menperatu, hemendik aurrera kulturgintzan pil-pilean dauden gaiak landuko ditut… Ze ondo! Erabakia hartuta, tertulianoagoa sentitzen naiz. Ea, zer dago modan? Adimen artifiziala?

Dirudienez –Internetek esan dit, hori paradoxa–, AA-k  gizon-emakumeen ikaskuntza, arrazoibidea edota pertzepzioa eskatzen dituzten sistemak sortzen ditu. Orduan, klon burujabeak? Industria, produktibitatea… Buff, zer esan? Hobe emozioak jorratzea. Ezjakinaren babesa dira.

Zer sentiarazten digu AA-k? Harridura? "Bere kabuz" sortzeko gaitasuna du. Margoak, argazkiak, idazketak, musika... Pertsonaiak! Dena birtuala, bai, baina ez al gara denbora erdia pantailan bizi? Mugikorra, ordenagailua, tableta, telebista, markesina… Ispilu amaigabe horretatik igeri egiten dugu, scroll estiloan, lan, burokrazia eta aisialdiaren artean.

Harriduraz gain, beldur gara? Terminator garaiatik iragarri digute teknologiak suntsituko gaituela. Frankenstein munstroa doktorearen aurka… Joan-etorriko metafora da: sortzeko orduan AAk guk emandako informazioa erabiltzen du zatika. Bigarren mailako generotzat daukagu collagea, baina beste maila batera badarama… Zelako autodidakta!

Ni ere birziklatuko naiz. Nire hasierak, kazetaritzan, beti hara-hona, libretak, deiak... Pixkanaka, prentsa-oharrez bete zen posta. Ikerketak webguneetan egiten genituen. Bilerak, streaming bidez. Bila joan ordez, berriak ailegatzen ziren, publizitate bihurtuta. Dena kontrolpean, aulkitik. Erredakzioak husten joan ziren.

Nola edo hala, AA-k zabalpena izango du. Zertarako hainbeste artista bitartekari, prekario, apetatsu eta egolatra, programek artelanak sortzen badituzte?

Egun, teknologia paisaia nabaria da nonahi. Izapideak klik-labirintoan, kutxa automatikoak superrean, lonjak ixten dituen online salmenta, mamu-gasolindegiak... Harrera lekurik gabeko hotelak ere ageri dira. Abantailak eta aukerak irekitzen direla? Onartuko dut hainbat kontu errazten direla; produktuak garraiatu, kodigoak elikatu… bigarren mailako ustezko kontaktuak saihesteko lanpostu batzuk sortzen direla. Baina ez dugu basamortu kiribila ispilatzean ikusten? Espioi batek baino pasahitz gehiago buruan, adi gaude etengabe hurrengo abisuari –hamaika mezu, hamaika jakinarazpen–, korrika egiten dugu guasapetik agendara, deskontutik gure deskontura… Konturatu gara aurrerapena maiz zuribidea baino ez dela? Merkatuak gure soldatak aurrezten ditu, fereka birtuala egiten digun bitartean, guk erosteko. Gu erosteko. Aurresalmentan gaude.

Nola edo hala, AA-k zabalpena izango du. Zertarako hainbeste artista bitartekari, prekario, apetatsu eta egolatra, programek artelanak sortzen badituzte? Amestutako margoa hautatu klik-labirintoan, eleberria diseinatu kutxazainean, zinemak ixten dituen on line pantailan laboratorioan sortu den filma ikusi… Iep, hori egiten da dagoeneko! Gainera, akademiak, fakultateak aurreztu daitezke, AA heldua, ikasia jaio zaigu. Ez du zalantzarik, akatsaren eraginik. Ez du pasiorik behar. Txaloak kontzertuan ez… sare sozialean bakarrik. Beste bat! Beste bat!

AA ailegatuko da ala artifizio adimentsu bihurtuko gara? Tertulianoek barre egiten didate. A zer frankentestua! Nabaritu da konfort eremutik atera naizela. Bide erosora bueltatuko naiz... Agian hurrengo zutabea AAren esku uzten badut? Logaritmoak nire obsesio-joera primeran ezagutuko du...

David Mangana.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago