Aizkorri-Aratz eta Gorbeiako parke naturaletako zidorren sareko seinaleak hobetzeko eta eguneratzeko lanak egingo ditu Arabako Diputazioak.
Erakundeak ohar batean iragarri du 135.000 euro bideratuko dituela parke horietatik igarotzen diren hainbat ibilbideren seinaletika berritzeko. Lanek sei hilabeteko iraupena izango dute.
Diputazioak onartu du Azkorri-Aratz parkeko zenbait bidek "gabeziak" dituztela seinalizazioari dagokionez, "beste parke batzuetan ez bezala". Gainera, diputazioak dio azken urteetan erabiltzaile “tipologia berria” batu dela horien bisitara, eta, egin duten diagnosi batean, ikusi dutela bisitari berri horien "segurtasuna bermatzeko" beharra.
"Zidor zailetara hain ohituta ez dauden erabiltzaileak dira, eta informazio nahikoa emanez sartzen lagunduko diegu, espazioaz goza dezaten", azaldu du Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen foru diputatu Amaia Barredok.
Gorbeiari dagokionez, azken 25 urteetan esku hartze puntualak egin direla azaldu du diputazioak, baina ez da seinaleen "eguneratze orokorrik egin". Besteak beste, horien formatua bateratzeko asmoa dute, eta hori zein izango den Bizkaiko Aldundiarekin adostu dute.
Besteak beste, Inaziotar Bidea, Done Jakue Bidea, Arabako Lautadako Itzulia edo Artzaintza Naturbidea dira hobekuntza horiek jasoko dituzten bide eta zidorretako batzuk.