Erromesaldien benetako zentzua ez da agian asko aldatu azken bost mendeetan, baina agerikoa da beste hainbat eta hainbat gauza dezente aldatu direla: Ameriketako Estatu Batuetako erromes talde batekin zegoela harrapatu du ALEAk Inaziotar Bideko erromesaren bulegoko zuzendari Josep Lluis Iriberri; erromesaldi betean, eta mendiaren erdian, hain justu. Teknologiaren mirariak dira, askotan horiek suposatutzat ematen ditugun arren. Iriberrik aurten egiten duen laugarren erromesaldia da hau, baina aurreratu du beste sei edo zazpi bat gehiago egingo dituela 2022an.
Batez ere atzerriko erromesak artatzen ditu. "Hemengoek ez dute horrenbeste arazorik bidea haien kabuz egiteko, eta, arazoren bat badute, errazago dute hori konpontzea". Alabaina, urrundik etorritakoek eskertzen dute ingurune ezezagun batean jasotako laguntza. "Azken taldean Singapurreko eta Australiako jendea izan nuen, eta hurrengo erromesaldian vietnamdar batzuekin egongo naiz. Tira Zeelanda Berriko jendea ere etorri da, berariaz bidea egitera bertaratutakoak!". Dioenez, bide osoa egin nahi izatekotan, komeni da 30 egun inguru izatea. Orotara, 27 etapa eta 655 kilometro ditu bideak, eta badira hemezortzi egunetan osatu dutenak. "Halere, horrek egunean 40 bat kilometro egitea suposatzen du; ez da batere komenigarria", ohartarazi du Iriberrik.
Motibazioari dagokionez, badira Done Jakue bidea egin dutenak eta, ondoren, "basatiagoa" den zerbaiten bila ari direnak. Iriberrik azaldu duenez, nahiko berria izanik, bide hau ez dago Done Jakuerena bezain prestatua, eta, oro har, zerbitzu gutxiago ditu, batez ere ostalaritzari dagokionez. "Esango nuke 1980ko hamarkadan Done Jakue bidea zegoen berdinetan dagoela; ez orain bezain masifikatua". Baina bidea egiten duten gehienek inaziotar espiritualtasunaren bila ari direla azaldu du jesuitak, hori baita bidearen ezaugarri nagusia.
Lopez de Loyola
Bidearen abiapuntua ulertzeko, beharrezkoa da jotzea bidearen hasierara. Eta bide honek jatorri argia du: San Ignazio Loiolakoak 1522an egin zuen bidaia batean. Hain justu, aurten 500 urte bete dira lehen bidaia horretatik, eta data nabaritu da ere erromesen kopuruan. Goraldia are gehiago nabaritu da pandemiak suposatu duen etenaldiaren ondoren. "Covid-19a dela-eta, erromesaldi gehienak bertan behera utzi ziren. Jakina, erromesaldi batek badu oso pertsonala den zerbait, baina beharrezkoa da ere bidean jendearekin egiten duzun kontaktua", azpimarratu du Iriberrik. "Orain, birusa mantentzen bada ere, argi dago jendeak berriro bideari ekiteko gogoa duela".
Iñigo Lopez de Loyola (1491-1556) Jesusen Lagundiaren sortzailea izan zen, eta eragin handia izan zuen Elizaren historian. Jatorrizko Loiolan hasi eta Manresaraino (Katalunia) egin zuen ibilbide hori "fisikoa baino, aldaketa espiritual baten abiapuntua izan zen", EHUko arte historialari Eneko Ortegak azaldu duenez. Jesusen Lagundiak gure artean erabili zuen ikonografia landu zuen Ortegak bere doktoretza tesian, eta ondo ezagutzen du Loiolakoaren bizitza. Izan ere, haren bizitzako pasarteek aztarna bat utzi zuten gero jesuitek mundu osoan zabaldu zuten ikonografian, bai eta Euskal Herriko eraikuntzetan eta artelanetan ere.
"San Ignaziori ohartarazi zioten ez zuela hitz egiteko autoritate nahikoa". ENEKO ORTEGA, ARTE HISTORIALARIA
Lopez de Loyola bigarren seme bat izan zen. Halakoetan, egoera horretan zeudenek gehienetan bi aukera baino ez zituzten: karrera militarra egitea edo Elizan sartzea. Kuriosoa bada ere, San Ignaziok biak egin zituen, baina ez batera. Haren kasuan, batetik bestera igaro zen, bizitza erabat aldatuz.
Loiolakoen familiako bigarren seme horrek hasiera batean bere burua prestatu zuen Gorteko pertsona izateko. Horregatik, gazte zenean Arevalora (Avila, Espainia) bidali zuten, bertako noble baten etxean morroi bezala aritzeko, eta nobleen moduak ondo ikasteko. Gero soldadu gisa aritu zen, oinaztarren alde. 1521ean Gaztelako tropekin Iruñeko gudan parte hartzen ari zela, kanoikada baten ondorioz Loiolakoak zauri larriak jaso zituen hanketan, eta familiak Azpeitian zuen etxera eraman behar izan zuten. "Bertan ebakuntza batzuk egin zizkioten, eta izugarri sufritu zuen", azaldu du Ortegak. Zauri horietaz sendatzen ari zela etorri zitzaion erlijioarekiko grina, modu nahiko xelebre batean.
"Sendatzean ari zenean, aspertzen hasi zen, eta eskatu zituen zalduntza liburuak, irakurtzeko". Baina, antza, etxean ez zuten garaiko Ken Folletten liburuen parekorik, ezta prime zerbitzua ere. "Erlijio liburuak eraman zizkioten; santuen liburuak, eta horrelakoak". Hor hasi zen betirako aldatzen zauritutako soldadu horren bizitza. "Artean ohean zegoela, irudipen batzuk izan zituen, tartean, Ama Birjinarenak. San Pedrori ere egotzi zion sendatu izana. Funtsean, aldaketa espiritual bat izan zuen".
Mezu arriskutsua
Halakoetan gertatu ohi den moduan, atzean utzitako bizitzari uko egin eta bizitza berri bati ekin zion gerora San Ignazio izango zenak. "Bere autobiografia irakurtzen dugunean, aurreko garai horri ez dio inolako garrantzirik ematen. Idazten du armetara eta munduko banitateetara emandako gizona zela", gogora ekarri du EHUko irakasleak. Arantzazuko santutegian Ama Birjinari agindu zion bizimodu hori atzean utziko zuela. Orduan erabaki zuen Montserrateko santutegira joatea, eta, handik, Manresara. Ibilbide hori da, hain zuzen, orain Inaziotar Bide gisa ezagutzen duguna.
Hor ez zen bukatu santuaren ibilbidea. "Gero, Jerusalenera ere joan zen, Jesukristo egon zen leku guztiak ezagutzeko". Handik bueltatu zenean, ordea, arazoak izan zituen, soldadu ohi hori hasi zenean bizi izandako esperientzia espiritual hori jendeari azaltzen. Izan ere, hori ez zen garaiko Eliza katolikoaren gustuko. Berak bere esperientzia pertsonala kontatzen zuenez, elizako agintarien ikuspuntutik pertsona arriskutsua izan zitekeen. "Ohartarazi zioten ez zuela halakoen inguruan hitz egiteko nahikoa autoritatetik, ikasketarik ez zuelako". Horregatik, garrantzi handiko unibertsitate batzuetatik pasa zen. Besteak beste, Parisko Sorbonan egon zen; bertan lagun batzuk hurbiltzen hasi zitzaizkion, eta hortik hasi zen gero Jesusen Lagundia.
"Erromesaldia bukatzen duzunean, zure barruan zerbait aldatzen da". JOSEP LLUIS IRIBERRI, JESUITA
Azkenean, Paulo III.a aita santuak ordena berria onartu zuen 1540an. "Pentsa hogei bat urte pasa zirela Iruñean zauritua izan zenetik bere erlijio ordena onartua izan zen arte". Handik aurrera, Euskal Herrira ez zen bueltatu Loiolakoa, eta bizitza gehiena Erroman eman zuen. Halere, jesuiten eragina mundu osoan nabarmena izan zen, baita gurean ere. Santuaren figurari dagokionez, bereziki Gipuzkoan eta Bizkaian pisu handia du, probintzia horietako patroia delako. Araban, jakina, San Prudentzio dugu patroi —lasai ba, irakurle fina, ez hasi hiperbentilatzen: santu horren bizitzari buruzko pasartea ez dizugu enegarrenez kontatuko hemen, eta ahaleginduko gara Gasteizko jaietako hurrengo zenbaki berezian istorio horri berriro ez heltzen—.
Erromes galduak
Ignazio Loiolakoak ireki zuen bide hori berreskuratzeko agindua eman zioten duela hamar bat urte Iriberri jesuitari, eta ordudanik bideari lotuta egon da. "2012an aurkeztu genuen Donostian, Deustun eta Manresan. Ni neu bi urtez ibili nintzen lanean San Ignaziok egin zuen ibilbidea berreskuratzeko, batez ere bere idazkietan eta garaiko dokumentazioan oinarrituz". Ordudanik, gero eta ospe gehiago hartu du bideak. "Hasieran guztiz ezezaguna zen, eta, herrietan erromesek ibilbideaz galdetzen zutenean, askotan kontrako norabidean bidaltzen zituzten, herrikoak Done Jakue bideko norabidera ohituta zeudelako". Denborarekin, baina, lan asko egin da seinaleetan eta bestelako osagarrietan. Iriberrik dioenez, askotan herritarrek beraiek atondu dute seinalizazioa. "Burura datorkit, adibidez, Haranean kontatu zidatena: herrian erreserba bat egina zuten erromesek ostatuetara deitzen zuten sarritan, galduta zeudela esanez, eta herrietakoak horien bila atera behar ziren. Horregatik, herri askotan seinale propioak jarri dituzte, erromesak galdu ez daitezen".
Zalantza izpirik ez dago zein den bide honen erreferentzia nagusia: Done Jakue bidea. Iriberrik sei aldiz egina zuen bide hori Inaziotar Bidearen ardura hartu aurretik, eta hori izan zen, hain justu, mandatu hori emateko arrazoietako bat. Jesuitak gogora ekarri du Done Jakue bideak azken hamarkadetan izan duen bilakaera itzela: "1978an hamahiru erromes iritsi ziren Santiagora, baina gero izugarrizko mugimendua hasi zen". 2019an 347.000 erromes iritsi ziren Santiagora. "Eliza konturatu da erromesaldiek jendearen kontzientzia aldarazten dutela", ziurtatu du Iriberrik. "Izan ere, erromesaldia bukatu ondoren, bada zure barruan zerbait aldatzen dena, oso ondo zer den ez dakizun arren".
Bost etapa Arabako lurretan barrena
Euskal Herrian, hein handi batean, Inaziotar Bideak GR-120 ibilbidearekin bat egiten du. Orotara, Araban 73 kilometro egiten ditu: ibilbide ofizialaren 3. etapa Arantzazun (Gipuzkoa) hasten da, eta 7. etaparaino Arabar lurraldean zehar doa, Nafarroan egindako tarte labur batean izan ezik. Ibilbide gehiena mendi bizikletaz ere egin daiteke, baina zenbait puntutan orografiak bizikletatik jaistea eskatuko du.
ARANTZAZU-ARAIA 18 km.
Bidea Loiolan hasten den arren, 3. etapa da Araban egiten den lehena: Arantzazun hasi eta Aizkorri-Aratz parkea zeharkatzen du, Araiaraino.
ARAIA-ALDA 22 km.
Ibilbidea Entziaraino igotzen da, eta mendizerra iparraldetik hegoaldera zeharkatu. Ondoren, beherantz jarraitzen du, Aldaraino.
ALDA-GENEVILLA 18,5 km.
Vasco-Navarroko ibilbide berdearekin batera jarraitzen du bideak, Arabako hegoaldeko mendilerroen magalean zehar, Nafarroan sartzeraino.
GENEVILLA-GUARDIA 27,3 km.
Toloño eta eta Kodes mendilerroen artetik, berriro ere Araban sartzen da ibilbidea, etapa Guardian amaitu arte.
GUARDIA-NAVARRETE 19,6 km.
Aintziren inguruan doa bidea, Lapuebla de Labarcarantz. Handik aurrera, Euskal Herria atzean utzi eta Errioxan sartzen da inaziotar bidea. Kataluniako Manresa izango da azken jomuga.
OHARRA: Paperezko edizioan Josep Lluis Irisarri gisa agertzen da aipatuta Inaziotar Bideko erromesaren bulegoko zuzendaria, baina abizen zuzena edizio honetan agertzen dena da; hots, Josep Lluis Iriberri.