Artzainen bide zaharrak berreskuratuz

Juanma Gallego 2024ko urt. 21a, 06:00

GR-282 bidea osorik egiteaz gain, Intxaurragak gaiari buruzko dokumental bat grabatu du, bidean bizi izandakoez eta artzainen bizimoduez. Argazkia: AITOR INTXAURRAGA

GR-282 edo Artzaintza Naturbideari buruzko dokumentala aurkezten dabil Aitor Intxaurraga mendizalea. Arantzazuko Santutegian hasi eta bukatzen den ibilbide hau hertsiki lotuta dago Arabari, lurraldeari bira osoa ematen diolako. Egileak uste du instituzioek lan gehiago egin dezaketela bidea zaindu eta sustatzeko.

Bizitzaren une gehienak sedentarismoan ematen ditugun honetan, bide bazter batean ikusitako seinaleak mendian aurrera egiteko gonbidapena izan daitezke paseoan dabilenarentzat. Ez dira gutxi dauden aukerak. Horietako bat da GR-282 Artzaintza Naturbidea. Hego Euskal Herriko lurralde guztiak zein Burgos zati bat hartzen ditu ibilbideak, baina zati gehien-gehiena Araban egiten du, probintziaren ibilbide perimetral baten gisan. Gure lurraldeari hertsiki lotuta egon arren, oraindik ere ez da oso ezaguna. 

Ez da, inondik inora, ibilbide laburra: 485 kilometro ditu, hemeretzi etapatan banatuta. Horietako batzuk laburragoak diren arren, etapa askok zortzi orduko ibilbidea suposatu dezakete. "Ibilbide gogorra da, eta dauden baldintzak ez dira onak", ohartarazi du Aitor Intxaurraga mendizaleak. "Azpiegitura aldetik ondo antolatzen ez baduzu, ez duzu jateko eta lo egiteko lekurik".

Intxaurragak lehen eskutik ezagutzen du bidea, horri buruzko dokumentala grabatu duelako. Azken hilabeteotan lan hori aurkezten ibili da, eta dozena bat hitzordu egin ditu; baina bide horretan ere aldapa malkartsuren batekin ere egin du topo. Non eta Gasteizen, noski, azken hilabeteotako telenobela amaigabearekin topo egin zuenean: "Izaskun Arrue kulturunean dokumentala ematekoa nintzen. Baina antzokiaren lanak atzeratu direnez, Montehermoson eman behar nuen hitzaldia. Azken orduan, baina, bertan behera geratu zen, udalarekin arazo batzuk izan zirelako".

Orain bidea nahiko ondo ezagutzen duen arren, GR-282arekin izandako lehen kontaktua bide seinaleek eman zioten. "Mendizalea izanda, Urbasan, Gorobelen... edozein tokitan hasi nintzen seinale horiek ikusten. Kuriositatez, ekin nion interneten begiratzeari, baina, garai horretan, ez zegoen informazio askorik". Denbora pasata, mendizaleak pentsatu zuen argitu behar zuela ea zer zen hori. "Badirudi 1993. urtean Espainiako gobernuak diru laguntza bat jaso zuela Europatik, nekazaritza eta abarrekoak lantzeko... eta, hortik abiatuta, erabaki zuten aisialdirako egokitzea garai batean erabiltzen ziren bide batzuk", gogora ekarri du. Funtsean, artzainek erabilitako bide txiki asko elkartu zituzten naturbidea asmatu zutenek. "Baten batek lotuko zituen bide horiek, baina leku askotan bideak berak ez du logika askorik. Dena dela, oso proiektu polita eta ikusgarria da, baina arazoa da gaur egun artzainak falta direla".

Artzainen bizimodu zaila

Hain zuzen, jardun tradizional horri eskainitako bidea izanik, Intxaurragak artzainengan jarri nahi izan du, hein handi batean, dokumentalaren fokua. "Artzainen lana goraipatu nahi izan dut, eta bidea bera ezagutarazi. Ez soilik bideagatik beragatik, edo artzainen lanetik ikasi daitezkeen gauzengatik. Herrietan dagoen kultura ere ezagutarazi nahi izan dut: toponimia, historia... zentzu horretan, bideak gauza asko eskaintzen ditu", erantsi du. 

Bidearen hainbat zati ondo zainduta daude, baina beste zenbait lekutan kontserbazio arazoak daudela dio Intxaurragak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA.

2021ean dokumentala prestatu zutenean, maiatzaren hasieran egiteko asmoa zuten, baina hilaren azkenera atzeratu behar izan zuten. "Horren arrazoia da artzainak gaur egun gero eta beranduago igotzen direla mendira. Baserriko landa eremuetan ganadurik ez dagoenez, artzainek landa horiek erabiltzen dituzte. Erosoagoa da beraientzat, etxetik eta familiatik gertuago daudelako. Horregatik, ahal den luzaroen mantentzen dira beheko larreetan", azaldu du mendizaleak.

Bidean oso artzain gutxi topatu zituztela dio. Horretaz jakitun, aurretik hainbat hitzordu lotu zituen beraiekin, mendian bertan beren testigantzak jaso ahal izateko.  

Intxaurragak ez zuen bidea bakarrik egin. "Norbaitekin joan behar nuen, baina lagunei zaila egiten zitzaien hamabost egun ateratzea eta egun osoa ibiltzen ematea". Hala, bidelaguna topatzeko modua nahiko bitxia izan zen. "Emaztea eta biok Kanariar Uharteetan bizikletan ari ginela, gizon bat ezagutu genuen. Hala, Victor Luis de Pedro galdakarrari proposatu nion bidea nirekin egitea". De Pedrok baietz esan zion, eta horrela hasi zen euren abentura txikia. "Ez genuen aurretik elkar ezagutzen, baina ederki moldatu ginen, eta lagun handiak gara gaur egun". 

Mendizaleak gogoan du 2022an Manuel Iradier mendi taldearekin Dendaraban izandako dokumentalaren lehen aurkezpena, eta pozik azaldu da horren ostean bidea ezagunagoa delako. "Adibidez, orain Peña Karria taldea, aldundiak lagunduta, ibilaldia egiten ari da urtean zehar, etapaka. Eta autobusa bete egiten dute! Horrek esan nahi du gutxienez lortu dugula bidea ezagutaraztea".

"ARTZAINEN LANA GORAIPATU NAHI IZAN DUT DOKUMENTALEAN, BAITA BIDEA EZAGUTARAZI ERE". AITOR INTXAURRAGA, MENDIZALEA

Bidera bueltatuz, artzain gutxi topatzeaz gain, bakardade asko ere aurkitu zuten. "Sarritan hitz egiten da hustutako Espainiaz. Bada, hustutako Arabari ere hitz egin beharko genuke", ohartarazi du mendizaleak.

Ikusi dutenez, bidearen kontserbazioa ez da onena. "Batez ere leku batzuetan oso gaizki seinaleztatuta dago. Urbasan adibidez, leku askotan sastrakak daude, bai eta botatako arbolak ere... Ganaduak berak azkura duenean posteak erabiltzen ditu hazka egiteko, eta botatzen ditu. Horregatik, bidea egin nahi duenak ezinbestean ibilbidearen tracka eraman behar du".

Hobetzeko proposamena

Kontserbazio arazoak ikusita, Intxaurragak dio proposamen bat helarazi ziola Arabako Aldundiari. "Arabako zatian 55 poste lurrean zeudela esan nien. Guarda bakarra zutela erantzun zidaten, baina, tira, nik hor bost lagun ikusi nituen eserita". Ohi bezala, burokraziarekin egin zuen topo. "Proiektua aurkeztu nien, oso pozik hartu zuten, eta deituko zidatela erantzun zidaten. Gaurdaino".

Intxaurraga sinetsita dago bidea askoz gehiago sustatu daitekeela, eta hori onuragarria izan daitekeela inguruko biztanleentzat. "Jende gutxi izan arren, bidea egiten dutenek diru pixka bat uzten dute herrietan. Jendea mugitzen baldin bada, urtean hamar ogitarteko saltzen dituen taberna batek agian 30 salduko ditu. Ez da asko izango, baina lagungarria izango da".

Dena dela, mendizalea ez da oso baikorra instituzioek eman dezaketen erantzunarekiko. Maila pertsonalean ere arazo ugari izan ditu Gorbeian familiak duen GZT Gorbeiako Zastegi Txabola sustatzeko. "Parke Naturalaren dekretuan onartzen da artzain txabolak erabiltzea eta egokitzea erabilera turistikorako, eta horregatik erabaki nuen zerbait egin ahal zela horrekin", azaldu du. "Gaur egun udalaren baimenarekin funtzionatzen dut, baina, adibidez, ezin dut turismo hitza erabili, Jaurlaritzaren Turismo Sailak ez dituelako aintzat hartzen halako txabolak aterpetzat". Dioenez, halako proiektuak oso lagungarriak izan daitezke era jasangarri batean parkea ezagutarazteko, bai eta xumeki artzainei laguntzeko. "Txabolaren aurretik egunero Zeberioko artzainaren artaldea igarotzen da, eta haren gaztak eskaintzen dizkiet bezeroei. Baina artzainek beraiek dioten moduan, eurak boto gutxi dira agintarientzat".

GR-282, pausoz pauso

Mapa: ALEA

1 ARANTZAZU - ARLABAN

Santutegi ospetsuan hasi eta gutxira Gomiztegiko artzain eskolatik igarotzen da bidea, Aizkorri-Aratz parkeko pagadietatik jarraiki.

2 ARLABAN - URKIOLA

Legution sartu gabe, Urrunaga eta Albina urtegiak alboan izango ditugu Arabako lurraldean sartuta.

3 URKIOLA - ARRABA

Urki eta pago motz ikusgarrien artean, Urkiola eta Gorbeiako parkeak bisitatzen dira etapa honetan, Arrabako zelaietara iritsi arte. 

4 ARRABA - IZARRA 

Arlobi zutarria bisitatuz, Sarriako parketxetik Altuberaino joaten da bidea, eta, handik, Urkabustaizko herri nagusira.

5 IZARRA - VILLALBA DE LOSA

Nerbioi ur-jauzi ikusgarritik igarota, Burgosen sartzen da naturbidea, Santiago mendiko otso zuloak ikusteko aukerarekin. Handik, Lausa haranera jaisten da.

6 VILLALBA DE LOSA - BÓVEDA

Haraneko hainbat herri bisitatu ostean, berriz ere Araban sartzen da xendalaria, Gorobel mendilerroko agertoki ikusgarriez inguratuta.

7 BÓVEDA - SAN MILLÁN DE SAN ZADORNIL

Mendebalde urrutian dago Valderejo, eta horrek lagundu du ingurune hori bikain mantentzen. Tartean, Puron ibaiaren haitzartea ikusi ahalko da.
 
8 SAN MILLÁN DE SAN ZADORNIL - ESPEJO

Besteak beste, Valpuestako eliza ikusgarria edo Baronatarren Dorretxea dira tarte honetako harribitxiak. 

9 ESPEJO - LANGRAIZ OKA

Bellojín eta Ginea artean tenplarioen eraikuntza bat egon zela diote hainbat zantzu historikok, baina momentuz inork ez du aurkitu horren arrastorik. Auskalo zortea dagoen.

10 LANGRAIZ OKA - OKINA

Etapa honetan Done Jakue bidearekin bat egiten du Artzaintza Naturbideak. Subilla Gasteiztik, Gasteizko Mendietan gora egiten da.

11 OKINA - ANTOÑANA

Trebiñun pasarte bat eginda, Izkiko parkera iristen da, Urarte, Markiz eta Korres bisitatuz.

12 ANTOÑANA - DONE BIKENDI HARANA

Mendialdean jarraituz, etapa laburra da hau, Oteo herria erdian duena, eta, nahi izanez gero, bizikletaz egiteko modukoa.

13 DONE BIKENDI HARANA - URBASA

Entzia eta Iturrietako mendiak zeharkatuz, besteak beste, Santa Teodosia baseliza eta Legaireko multzo megalitikoa dira izarrak.

14 URBASA - ARTAZA

Nafarroan sartuta, Urbasako pagadi ikusgarrien artean, Pilatosen balkoira iristen da bidea, Urederra ibaiak milurtekoz zizelkatutako paisaia ederrean.

15 ARTAZA - LIZARRAGA

Ameskoa Ibarra dotore agertzen da pago artean. Haitzuloak, dolinak eta artzainek egindako harrizko hormak ere ikusi ahal dira, Lizarraga mendatean ibilbidea amaitzeraino.

16 LIZARRAGA - UHARTE ARAKIL

Urbasa eta Andia mendilerroak bereizten dituen puntutik abiatuta, Arakil ibaiaren ibarrera jaisten da ibilbidea.

17 UHARTE ARAKIL - LIZARRUSTI

Arakil ibaitik Aralar mendilerroan gora egiten du bideak, Done Mikel Aralarkoaren santutegira iritsi arte. Handik, megalitoez eta txabolez zipriztindutako bideetatik doa tartea.

18 LIZARRUSTI - MIKELETEN ETXEA

Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugatik doa etapa, berriro ere Aizkorri-Aratz parkean aurrera, San Adriango aterpetxeraino.

19 MIKELETEN ETXEA - ARANTZAZU

San Adriango tunela igarota, historia eta geologia uztartzen dituzten paisaiez gozatu ahalko da, azken helmugara iristeraino.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago