Eutsi Ukraina eta beste hainbat elkarte eta eragilerekin elkarlanean, Errusiak 2022an hasitako inbasioaren ondoren Ukrainak bizi duen "unerik gogorrenean" beste behin laguntza humanitarioa eramateko bidaia iragarri du La Exploradora elkarteak.
Besteak beste, Oriental Star gobernuz kanpoko erakundeari ibilgailu bat lagako diotela iragarri dute. Gerra zauriek desitxuratutako soldaduen aurpegiak berreraikitzen ahalegintzen da elkarte hori. Modu berean, Kieveko ospitalera material medikoa eramango dute, eta Mission Kharkiv erakundearekin ere elkarlanean jarraituko dute. Azken honek minbizia duten pertsonei laguntza ematen die, eta, besteak beste, energiari lotutako azpiegituretan lan egiten duten langileei lehen sorospenak egiten irakasten diete, errusiar armadak ukrainar azpiegitura zibilak bonbardatzen dituenean ahalik eta biziraupen tasa handienak lortu nahian.
"Gerraren hasieratik lagundu dugu, eta, orain, lehenbailehen laguntza behar dugu berriz ere proiektu hauek gauzatzeko", azaldu du La Exploradorak. Sare sozialen bitartez kontu korronte zenbaki bat zabaldu dute, nahi duen orok diruz lagundu ahal izateko.
Aurreko bidaietan bildutako materialarekin eta oraingo honetan eskuratutakoarekin Kalinka Roja: resiliencia de un pueblo ante la invasión rusa izeneko dokumentala grabatuko dutela aurreratu dute. Bertan salatu nahi dute "inbasioaren ondorioz populazio zibila bizitzen ari den sufrimendua". Iragarri dute laguntza emango duten lagun guztien izen-abizenak dokumentalaren kredituan jartzeko asmoa dutela.