UKRAINA

Adierazi ez ezik, elkartasuna gauzatu egiten da

Juanma Gallego 2022ko mar. 18a, 06:00

Besteak beste, Gasteizko Slavianka dendatik gertu dagoen lokal batean jasotzen ari dira laguntza materiala, Ukrainako mugara bidaltzeko. ALEA

Ehunka lagun mobilizatu dira Araban Ukrainatik ihesi ari diren pertsonei laguntza emateko eta herrialdean geratu diren pertsonek nozitu behar dituzten bizi baldintza kaxkarrak arintzen saiatzeko ere. Oraingo erronka nagusiena izango da pertsona horiei guztiei babesa bermatzea, baita epe luzera ere.

Erraz botatzen dira mapa baten gainean geopolitikaren alorrean ohikoak diren hitz ponposoak. Estatu tapoia; pibotea; eurasiar lautadaren atea; itsasoari sarbidea bermatuko lukeen herrialdea; Kieveko Rusaren bihotza; katolizismoaren eta ortodoxiaren arteko banda. Testuinguru historikoa. Aurrekariak. Halakoetan, sarri ahantzi egiten da mapa horrek marrazten duen lurraldean pertsonak daudela. Eta ez dira gutxi: 44 milioi inguru ukrainar dira. Bertako umeei handitan zer izan nahi duten galdetzen zaienean, seguruena ez dute erantzungo tapoi edo pibote izan nahi dutela.

Bereziki Euskal Herrian familia edo lagunak dituzten iheslariak ekartzen ari dira

Kopuruak handitzen doaz egunetik egunera, baina lehen kalkuluak ikaragarriak dira. UNHCR Iheslarientzako NBEren Agentziak emandako datuen arabera, otsailaren 24tik hiru milioi lagun inguru atera dira herrialdetik, gerratik ihesi, eta kopurua gora doa etengabean. Horrez gain, herrialdearen barruan bi miloi desplazatu daude. Askotan, zero azpiko tenperaturak nozituz.  Kalkulatu dute beste lau milioi lagunek alde egin dezaketela, gerra luzatzen bada. Eta, oraintxe bertan bederen, etorkizun ezin ilunagoa dute.  

Errusiar Federazioak Ukrainaren gainean egindako "operazio bereziaren" biktimei laguntzeko, elkartasun uholde erraldoia eratu da mundu osoan. Baita gurean ere. Kasurako, Gasteizko Slavianka dendatik gertu dagoen lokal batean Ukrainako mugara bidaltzeko laguntza jasotzen ibili dira azken egunotan. Bertako boluntarioa da Irina Babii, eta zaila izan zaio hitzak aurkitzea haren aldartearen berri emateko. "Zinez harro gaude herri honetako parte izateaz", azaldu du Gasteizen hamar urte daramatzan emakume ukrainar honek, Euskal Herriko herritarren partetik jasotako elkartasunari erreferentzia eginez. "Ez dakit nola adierazi, barruan sentimendu asko pilatuta ditudalako. Ikusi dut adineko jendea hona etorriz, etxetik janaria ekarri dutenak, eta gero egunean bertan bueltatu direnak supermerkatuan erositako gauza gehiagorekin, ea zer gehiago behar genuen galdezka... izugarria izaten ari da", adierazi du. 

Elkartasun bidalketak

Etengabekoa da lokal horretan dagoen mugimendua. Jasotako materiala kutxetan bildu eta furgoneta batean sartzen dute, gero kamioietara eramateko. Kamioilariak ere boluntarioak dira, eta Poloniarako bidaia luzea dute aurretik. Bertara iritsita, zamak beste kamioi batzuetara mugitzen dituzte, Lviv (Ukraina) hirira eramateko. "Bertan logistika aldetik egoera konplikatua da, eta ilara luzeak sortzen ari dira. Horregatik, orain saiatzen ari gara lan egiten Txernivtsi hiriarekin, eta ideia da hurrengo kamioiak bertara bideratzea", aurreratu du Babiik.

Oraingoz lan gehiena hara laguntza bideratzen ematen badute ere, jakitun dira pixkanaka iheslariak hona etorriko direla. Momentuz, batzuk baino ez dira iritsi. "Hasi gara erregistratzen etortzen hasi direnak. Normalean hona datozenak toki hau aukeratu dute hemen familia edo lagunak dituztelako. Baina badakit beste hiri batzuetan iheslari batzuek erabaki dutela hona etortzea iruditzen zaielako gerratik urrutiago egongo direla hemen, gauzak are gehiago zailduz gero".

Iristear diren errefuxiatuei begira, Ukraina-Euskadi elkarteak laguntza eskaini dio Jaurlaritzari, zenbait behar asetzen laguntzeko. Horietako bat hizkuntza izan daiteke. "Batzuk agian ingelesez moldatuko dira, baina beste askok itzultzaileak beharko dituzte". Orain laguntza jasotzeko erabiltzen hasi diren lokala ere etorkizunean ekimen gehiago egiteko erabili ahal izateko esperantza agertu du Babiik.

Ukrainarren inguruko lotura zuzenak dituztenak ez ezik, bestelako pertsonak modu aktiboan inplikatu dira laguntza lanetan. Horren adibide da Gasteizko La Exploradora elkartea. Bertako kide Miguel Gutierrez Garitanok azaldu du motibazioa. "Gainean dugun hondamendia ikusita, dozena bat gasteiztar antolatu gara. La Exploradora elkartekoak gara gehienak, baina baita elkartekoak ez diren lagun batzuk ere. Ibilbide bat sortu dugu Poloniara dauden laguntza biltegietara joateko, premiazkoak diren produktuak hara eramateko, bai eta errefuxiatu batzuk ekarri ahal izateko ere".

Ukrainatik ateratzen ari den errefuxiatuen konboi batean zegoen Gutierrez Garitano ALEArekin mintzatu denean. "Herrialdean sartu nintzen datuak eta behar genituen kontaktuak lortzeko. Une honetan, nirekin bueltan datoz gaixorik dauden eta botiken beharra duten bi lagun. Kievetik atera dira, gerra alboan zutelako. Ideia da Euskadin etxea, familia edo edo kontakturen bat duen jendea hona ekartzea. Modu berean, familiak artatuko dituzten boluntario sare bat ere antolatzen ari gara".  

Epe luzerako babesa

Harrera herrian aurretik lotura horiek izatea zer garrantzitsua den ondo daki Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko zuzendari Arantza Chaconek. "Hemen dagoeneko sare bat daukatenek errazago izango dute egokitzea, haien bizitzan den-dena berria izango ez delako".  Gainera, hasieran bereziki gehienak shock egoeran egongo direla aurreikusi du, eta seguru aski fokua jarrita izango dute Ukrainan utzitako senideengan. "Kezka hori kudeatzen ikasi beharko dute". 

Gurean aterpe hartuko duten iheslarien kopurua zein izango den kalkulatzea oso zaila dela dio. "Batetik, ez dakigulako zenbat pertsona aterako diren Ukrainatik. Bestetik, pertsona horiek aukeratu behar dituztelako euren ibilbideak, eta non geratu. Familia asko bai geografikoki zein kulturalki gertuagokoak dituzten herrialdeetan geratzen ari dira. Beste pertsona batzuk hemendik pasatzen ari dira, baina Portugalera edo familia duten beste lekuren batera joaten ari dira". Momentuz, Jaurlaritzak kontingentzia plan bat prestatu duela azaldu du Chaconek, agertoki desberdinekin. "Baina, oro har, argi dago kopuru handietara prestatuta egon behar dugula", erantsi du.

Oraingo egoeragatik kezka azaltzeaz gain, epe luzera begira gaia kudeatzea "iraupen lasterketa" bat izango dela aurreratu du Zeharreko zuzendariak. "Ahalegin garrantzitsua egiten ari da orain, baina azpimarratu behar da oraingo ahalegina bezain premiazkoa izango dela ondorengo harrera lantzea". Horretan ere, gizartearen inplikazioa mantendu beharko dela uste du. "Orain errazagoa da enpatia itzel hau sentitzea, bonbak nola erortzen diren ikusten dugunean. Baina pertsona hauek luzera begira ere laguntza beharko dute". Bai aterpe bila datozenek, zein hemengo gizarteak ere, biek ala biek ahalegin bat egin beharko dutela dio Chaconek.

Argi du ere oraingo larrialdiak ez dituela beste errealitate batzuk lausotu behar. "Ukrainako errealitateari erantzuna eman behar diogu, baina ez dugu ahaztu behar nazioarteko babesa eskubide bat dela indarkeriatik alde egiten duten lagun guztientzat", nabarmendu du. "Pentsatu nahiko nuke gizarte gisa gaitasuna izango dugula Ukrainarekin egiten ari garen irakurketa hau beste zenbait gatazkara eramateko moduan egongo garela. Izan ere, ez dugu ahaztu behar zer gertatzen ari den Mediterraneoan, Ceuta eta Melillan edota Yemen, Afganistan edo Siria bezalako herrialdeetan ere. Kasu horiek ere aitortzeko gaitasuna izan behar dugu". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago