NINA SHEPEL

"Nazismotik salbatu nahi gaituztela diote, baina hori gezurra da"

Juanma Gallego 2022ko mar. 11a, 06:00

Duela 11 urte iritsi zen Arabara Nina Shepel, Ukrainan 30 urtez bizi ondoren. ALEA

Errusiak abiatutako Ukrainaren inbasioak milioika lagun kinka larrian jarri ditu, seguru aski Bigarren Mundu Gerratik Europan izan den krisi handiena piztuz. Bertatik datozen albisteak kezka handiz jarraitzen ditu Nina Shepel ukrainarrak. Baikortasuna galdu nahi ez duela dio, baina aitortu du loak hartu ezinean dabilela.

Siberian jaioa, bi urte zituela Ukrainara bizitzera joan zen Nina Shepel (Novosibirsk, Errusia, 1979), bertakoa zelako Nikolai aita. Haren ama Ludmila errusiarra den arren, Sobietar Batasunean nazionalitatea aitaren partez jasotzen zela azaldu du Shepelek. Ukrainan 30 urte eman zituen, orain senarra duen Patxi bertan ezagutu zuen arte. 11 urte daramatza gurean, eta Murgiatik kezka handiz jarraitzen ari da bere jatorrizko herrialdetik datozen albiste kezkagarriak. Elkarrizketa hasi baino bost minutu lehenago Odesan bizi den amarekin hizketan ibili da telefonoz. Kasualitatez, ama Ludmilaren urtebetetzean izan da elkarrizketa. "Esan diot hurbildu gaitezkeela Moldaviara haren bila, Ukrainatik ateratzeko, baina ez du atera nahi".

Nola bizitzen ari zara Ukrainan gertatzen ari dena?

Ez dakit den ezjakintasunean bizi ote garelako ala baikorrak izan behar dugulako. Baina, egia esanda, duela gutxira arte lasai nengoen, eta uste nuen ez zela ezer pasako. Izan ere, duela hilabete bat edo telebistan esaten zuten egoera osa zaila zela. Baina berdina esaten zuten 2015ean, Donbassko gerran. Bada, ni garai horretan nire bi alabekin Ukrainan egon nintzen, eta dena oso lasai zegoen. Askoz jota, errepideetan noizean behin polizia kontrolen bat aurkitu nuen. Oraingoan, lehen bonbardaketak hasi zirenean ere, bertatik esaten zidaten ez kezkatzeko. Amak berak esaten zidan soilik aireportuen eta base militarren aurka jotzen ari zirela, zibilei eraso egin gabe. Donetsken dudan lagun batek ere esaten zidan gauzak lasai zeudela. Baina hurrengo egunean bertan hiriak erasotzeari ekin zioten. Albiste hauek izanda, askotan gaueko laurak arte egon naiz esnatuta, loak hartu ezinean. Batez ere sare sozialetatik etengabean etortzen dira testigantzak, eta inpotentzia handia sentitzen duzu. 

Besteak beste, errusiar hiztunen alde eta "nazismoaren kontra" justifikatu nahi dute inbasioa. Zer duzu esateko?

Bai, esaten ziguten gu nazismotik askatzera sartuak zirela Ukrainan, baina hori gezurra da. Handik kanpo bizi den jendeak baino ezingo luke hori sinetsi. Bestetik, gerrarako ez dago aitzakiarik. Ez dago, ez, inoiz norbait hiltzeko aitzakia nahikorik. Hizkuntzari dagokionez, errusiera dut ama hizkuntza, eta nik errusieraz hitz egiten nuen Ukrainan, lasai asko, inolako arazorik gabe. Ukrainera mendebaldean eta herrietan hitz egiten zen batez ere. Nik eskolan ikasi nuen ukrainarra, eta, errespetuagatik, eremu horietan ukraineraz zuzentzen nintzaion jendeari, bai eta hemengo ukrainarrei ere. Baina askok erantzuten dizute nahiago dutela nik errusieraz jarraitzea, horrela hizkuntza hori ahazten ez zaiela esanez. Askotan, beraiek ukraineraz eta ni errusieraz hizketaldian ari gara. Hizkuntzak ez dira inoiz arazo bat: nire alabak euskara, gaztelera, errusiera eta ingelesa ikasten ari dira.

"Errusian oso zaila da zenbait gauza publikoki esatea. Alternatiba kartzela da"

Zuk dakizula, nolakoa da bertako egoera?

Ukrainar gehienak oso beldurtuta daude, are gehiago seme-alabak edo familia dituztenak. Ahal duenak, bertatik alde egiten du. Baina, zortearen arabera, bi ordu edo bi egun egon daitezke mugan. Beste batzuek nahiago dute bertan geratzea. Amaren kasua da. Odesan bizi da, eta esan diogu joan gaitezkeela haren bila Moldaviako mugara. Orain bederen egunero bere hiritik tren bat ateratzen da, eta autobusez edo autoz ateratzeko modua badago. Inbasioaren lehen egunetan hori zailagoa zen, batez ere gasolindegiak itxita zeudelako. Baina ez du atera nahi.

Nola uste duzu bizitzen ari direla hau Errusian bertan, herritarren artean?

Ni hemendik jarraitzen ari naiz Ukrainako eta Errusiako albisteak, eta sinetsita nago Errusiako jende askok ez dakiela benetan zer gertatzen ari den. Eta aintzat hartu behar da Errusian oso zaila dela publikoki zenbait gauza esatea. Alternatiba kartzela da, edota tortura eta heriotza. Krasnodarren [Errusia] dudan senitarteko batek esaten zidan bertakoak gure alde zeudela, baina ezin zutela ahoa ireki. Eta, halere, ikusten dugu jende asko atera dela kaleetara gerraren kontra. Bazekiten zer gertatuko zitzaien, eta hala eta guztiz ere protestatzera atera dira. Agerikoa izan da ere soldaduek ez zekitela oso ondo nora zihoazen. Orain, beldurtuta daude, baina borrokatzeari uko egiten baldin badiote, hiltzeko arriskuan egon daitezke. Hori ez ezik, askok beldurra dute haien familiei gerta ahal zaienagatik, armak uzten badituzte. 

Bielorrusian ere antzeko zerbait gertatzen da, ezta?

Bai, pentsa ezazu Lukaxenkori ez diotela deitzen presidente, Бацька baizik, aita, bielorrusieraz. Benetan aita balitz, aita bat modura jardungo luke. Baina Bielorrusian ere herritarrek ezin dute hitz egin, badakitelako bestela kartzelara eramango dituztela. Kamioilari bielorrusiarren aurkako hainbat eraso egon dira Europan, baina horiek, noski, ez dute ezeren errurik. Beti bezala, herria ateratzen da galtzaile.

Arma nuklearrak erabiltzeko mehatxua mahai gainean jarri du Putinek…

Edozein gerra txarra da. Armekin edo bonbekin, gaizki. Arma nuklearrekin, zer esanik ez. Baina ezin gaituzte horrekin mehatxatu. Sobietar Batasunetik atera zenean, Ukraina munduko hirugarren potentzia nuklearra zen. Ez soilik arma nuklearrak izateagatik, horiek egiteko gaitasunagatik baizik. Independentzia sinatzeko baldintza izan zen arma nuklearrak ematea. Eta Ukrainak arma horiek libreki entregatu zituen. Eta orain arma nuklearrekin mehatxatzen dute Ukraina. Putinek uste zuen horrekin jendea isilaraziko zuela, baina argi geratu da azkenean ez zaiola ondo atera. 

"Edozein gerra politikarien kontua da, baina jende normala da sufritzen duena"

Gainerakoen erantzuna nolakoa izan da, zure ustez?

Izugarria izan da. Polonian, Moldavian edo Errumanian, adibidez, milaka ukrainar jasotzen ari dira. Kontuan izan behar dugu ere herrialde horien egoera. Moldavian batez besteko soldata 150 euro ingururen parekoa da. Horregatik, ihesean doazen ukrainarrek hori ere aintzat hartu behar dute, eta eskertu behar dute jasotako laguntza, ezeri muzin egin gabe. Bestetik, ez nuen espero Europaren eta handik kanpoko herrialdeen laguntza hain handia izango zenik. Ziur naiz ere Putinek ez zuela espero laguntza hori, herrialde guztiei beldurra sartzen saiatu den arren. Zelenski presidentearen erantzuna ere nabarmendu nahiko nuke. Atera ahal zuten herrialdetik, baina nahiago izan du geratzea eta borrokatzea. Bere herrian sinesten duela uste dut. Eskertzekoa da babesa. Orain lelo bat bilakatu da mundu osoan Itsaso Beltzeko uharte batetik errusiar armadako itsasontziari eman zioten erantzun hori, pikutara bidalita. Русский военный корабль, иди на хуй! Orain jende guztiak dio idi na khui hori. 

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Kezka handia dut, eta oso estresatuta nago honekin guztiarekin. Ni berez oso baikorra naiz, eta pentsatu nahi dut dena ondo bukatuko dela. Baina buruan ahots batek esaten dit: "ea, Nina, zu ere oso ziur zeunden gerra ez zela hasiko, eta hasi da". Tira, agian berekoikeriagatik izango da, baina pentsatu nahi dut ere honetatik zerbait argi aterako dugula. Batez ere, jendea gehiago baloratzen ikasiko dugula. Bestetik, hemen bezala, Ukrainan alderdi politiko asko daude, eta beti ari dira bata bestearen kontra. Bada, orain behintzat alderdi horiek guztiak oso batuta agertu dira. 

Zaila izango da zauriak ixtea, ezta? 

Gerretan beti berdina gertatzen da. Norbaiti ama, aita edo seme-alabak hiltzen badizkiote, mendekua hartu nahi izango du, eta hori lortu arte ez da geldituko. Eta errusiarrek ere berdina egingo dute. Bizitzako gainerako arloetan bezala, gerran ere arazoak soilik konpondu daitezke bi aldeak entzuteko moduan badira. Baina ikusi dugu ere zer gertatu den. Negoziazioa ematen ari zen une berean erasoekin jarraitzen ari zen errusiar armada, Kharkiv bonbardatuz. Tira, edozein gerra politikarien kontua da, baina jende normalak baino ez du sufritzen. Den-dena, gutxi batzuen anbizioagatik. 

 
 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago