Toloño mendilerroa erdigunean izango duten hiru jarduera egingo dituzte datozen egunetan. Horietatik bi mandazainen bide zaharrari buruzkoak izango dira; bestea, estraperloaren ingurukoa.
Bihar izango da aurrena, hitzaldi formatuan. Izan ere, mandazainen bidea sakonki aztertu duen Salvador Velilla ikertzaileak gaiari buruzko azalpenak emango ditu Elvillarreko tabernan, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Azalpen horiek lehen eskutik paisaia gainean irudikatu ahalko dira, Arabako Errioxako Kuadrillak bigarren urtez bide hori urratuko duen ibilbidea prestatu duelako iganderako. Binasperitik Villafriara busez joango dira, eta bertatik bueltatuko dira hasierako puntura, oinez. Gaur da izena emateko azken eguna.
Garai ilunagoetan mendilerroak izan zuen beste funtzio baten ingurukoa izango da astebururako prestatuta dagoen bigarren ibilaldia, estraperloaren bidetik. Larunbatean izango da hori, eta ibilaldiaz harago joango da. Izan ere, Bernedotik aterako da autobusa, Elvillarreraino, eta bertatik jarraituko dute oinez beharrak bultzatuta gerraostean estraperloan aritzen zirenek egindako bidea. Kasu honetan, ekimenek segida izango dute, besteak beste Bernedon omenaldiak, dantzak, bazkaria eta musika izango dituztelako.