Estraperloa, gabeziak arintzeko

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko mai. 12a, 10:00

Adineko bi bernedarri omenaldia egin diete, mendiaren alde batetik bestera ibili ziren guztien izenean. E.U.

Estraperloaren bidea zeharkatu dute berriro ere Elvillarreko bizilagunek Bernedora joateko. Gerraosteko garaiak gogoratu dituzte, eta beharrak bultzatuta jarduera horretan aritu ziren adinekoak omendu dituzte.

Elvillarreko eta Bernedoko gazteen laguntzarekin, bi herrietako udalek lehenbiziko aldiz antolatu dute beharrak bultzatuta estraperloan aritu ziren herrikideak omentzeko eguna. Adineko jendeak Toloño mendilerroaren alde batetik bestera egiten zuen bidea gogora ekartzeko eguna, gainera, Elvillarreko eta Bernedoko bizilagunen arteko lehen adiskidetze topaketa bilakatu da.

Arabako Errioxa eta Arabako Mendialdea banatzen dituzten mendiak eta igarobideak mende luzez zeharkatu dituzte inguruko bi aldeetako bizilagunek, eta, gerra garaian eta gerraostean, batik bat oinarrizko jakiak lortzeko erabili dituzte frankismoak inposatutako zergak eta errazionamendua saihesteko.Bernedoko errotara garia eramaten zuten errioxarrek, zaldiz eta oinez, eta bueltarako hartzen zituzten irina eta patatak. Berdin egiten zuten  Kripango, Guardiako eta Arabako Errioxako beste herrietakoek ere. Alta, mendiko zenbait pasabide Guardia Zibilaren kontrolpean zeuden, eta ezkutuan, herritarren zain zeuden. Oso arriskutsua zen bertatik igarotzea. "Basoan ezkutaturik zeuden guardia zibilak, eta jendeak eramaten zituen merkantziak ikuskatzen zituzten; isunak ere jartzeko gai ziren", azaldu du Elvillarreko ekitaldiaren antolaketan ibili den Toño Gainzarainek.

Bada, Elvillar eta Bernedo lotzen duen mendiko bidexka horietako bat erabili dute, iragan maiatzaren 7an, estraperloaren inguruko jardunaldiaren baitan egin duten zortzi bat kilometroko mendi martxan. Laurogei bat lagun animatu dira egun horretan Elvillarreko portuaren bidea egitera, oinez eta zaldiz. Ezer falta ez dadin, gainera, "guardia zibil" bikote bat ere agertu dira bidearen erdian. Ez dituzte, ordea, herritarrak jazarri, eta ikararen ordez txantxak nagusi izan dira. Lau orduko txangoaren ostean, eguerdian, iritsi dira errioxarrak Bernedora, eta orduan, mendiaren alde batetik bestera bidaia horiek egin zituzten adineko bi bernedarrei omenaldia egin diete.

Bizitzagatik, borrokan

Ekitaldian gogoratu dute estraperloan aritu ziren pertsonek beraien familiak aurrera ateratzeko borrokatu behar izan zutela, eta haien familien oinarrizko sostengua ziurtatzeko jo behar izan zutela estraperlora. "Bizitzeagatik borrokatu behar izan zuten, denbora asko ez dela. Gerra betean eta gerraostean, mendiak zeharkatzen zituzten etxekoei jaten emateko, gutxirekin asko egin behar izan zuten, adimena zorroztu behar izan zuten, eta mendiak igotzen zituztenean isilean egiten zuten, igarobideak kontrolatzen zituztenen arreta ez pizteko eta horien gorrotoa saihesteko ere".
Emakumeek garai horietan jokatu zuzten papera ere nabarmendu dute Bernedon eginiko ekitaldian. Izan ere, inguru horretan estraperlista emakume gutxi ezagutu izan badira ere, funtsezkoak izan ziren emakumeak familiaren egunerokoa aurrera ateratzeko. "Agian ez zuten mendilerroa zeharkatzen, baina asko sufritu zuten, bikotearen zain, eta etxeko lan gogorrak aurrera eramateko".

Eguna behar bezala amaitzeko, herri bazkaria egin dute, eta 140 lagun bildu dira. Bernedoko alkate Ruben Martinezek azaldu duenez, hurrengo urtean, herrien arteko topaketa errepikatzeko asmoa dute, baina beste norabidean egingo dute; alegia, Bernedotik Elvillarrera joango dira antolatzen duten hurrengoan.

Martinezek azpimarratu du, Elvillarreko zinegotziak eta alkatea izan direla estraperloaren inguruko egunaren sustatzaileak, eta asmoa 2019tik datorrela, nahiz eta pandemiarekin atzeratu behar izan duten."Bernedon lau edo bost lagun aritu ziren estraperloan. Haien historiak jaso nahi ditugu, eta txikitan aitonari entzun genizkion pasadizoak oroitu". 

Eskualdeen arteko lotura garaiak

Toloñoko mendilerroak dozenaka pasabide ditu, eta, horiei esker, Arabako Mendialdea eta Arabako Errioxa eskualdeen arteko merkataritza eta komunikazioa posible izan da, baita Ebro ibarraren eta Kantauri aldeko haranen artean edo Mediterraneoaren eta Atlantikoaren artean ere. EHUko irakasle Francisco Gomez Diezek Toloñoko ekialdeko muturreko mendateen azterketa arkeologikoa egin du. "Batzuk lepo soilak dira; baina, igarobide altuenak ere gizakiek ibili eta aldatu dituzte igarotzeko errazagoak egiteko". Gaur egungo Rivas de Tereso (Urizaharra eta San Vicente de la Sonsierra artean), Herrera (Urizaharra eta Samaniego eta Leza artean) eta La Aldea (Bernedo eta Ekora artean) dira mendate horietako batzuk. XIX. mendean, diligentzietara egokitu baziren ere, XX. mendean automobilera moldatu behar izan zituzten. Hala ere, Recilla, Toro (Lagran eta Guardia artean) edo Villafria (Bernedo eta Kripan artean) mendi-bideak ez zituzten egokitu, mandoak eta zaldiak ibiltzeko erabili zituzten, eta gerraosteko estraperloaren amaieran abandonatu zituzten.

"Portuak elkartzen zituen ibilbide baten parte zen Bernedo, Bilbo eta Donostia buru zituen Kantaurikoak Zaragozarekin, eta Mediterraneokoak Bartzelonako edo Valentziako portuekin, baina baita Penintsularen erdialdearekin ere. Ez da kasualitatea, beraz, Bernedotik doan ibilbideari aragoiarren, valentziarren eta gaztelarren bidea deitzea". Gainera, ardoaren merkataritza oso iraunkorra izan zen Arabako Mendialdeko eta Errioxako biztanleen artean, eta eskualde bakoitzaren gabeziak estaltzeko balio izan zuen. "Mendateek garrantzia handia dute; izan ere, mendaterik gabe, ez zuen zentzurik izango ardogintzaren laboreak, esportatzeko biderik ez zuelako; eta, era berean, monolaborantzak sortzen zituen gabeziak arintzeko, hornidurak jasotzeko bide nagusia baitziren".

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago