Orain bide bazterrean margotutako marra eta seinaleak baino ez dira historian zehar luze eta zabal erabili izan diren bide asko, baina horietako batzuk horretara ere ez dira iristen. Mendeen joan-etorrian galtzear egon diren bideak dira. Toloño mendilerroa zeharkatzen zuen Mandazainen bidea da horietako bat. Horren oroimen lausoa biztanle batzuen artean geratzen zen, eta baita agiri historiko gutxi batzuetan ere. Alabaina, zenbait lagunek egindako lanari esker, bide hori berreskuratzen ari da orain. Mandazainen Bidearen kasuan, Erdi Arotik bertatik Zaragozatik Araba eta Bizkaira zihoan bidea zen. Logroñotik sartzen zen gurera, eta Binasperitik igarota, Villafríara (Bernedo) iristen zen.
"Gai horren bueltan zerbait entzuna nuen, baina Binasperiko lagun batzuekin hitz egitean konturatu nintzen hor bazegoela zerbait oso polita", azaldu du Arabako Errioxako Kuadrillako batzarkide eta Lantziegoko zinegotzi Raquel Zabalak.
Ondorengo pausua logikoa zen, eskualde horren inguruan edozein gauza ezagutu nahi den orok ondotxo dakienez: Salvador Velilla ikertzailearekin hitz egitea. "Liburu ireki baten antzekoa da Velilla, Kantabria mendilerroari eta inguruko herri txikien inguruko gauza asko ezagutzen ditu. Artxiboetan hasi zen arakatzen, eta hor konturatu ginen datu horiek guztiak argitara ekarri behar genituela, hemengo jende askok ere gauza horien berri ere ez duelako".
Esan eta egin. Bide horren inguruko informazioa esku-orri batean bildu dute orain, baina, bide baten kasuan, hori gogora ekartzeko modurik onena bidea bera urratzea da. Joan den apirilean egin zuten lehen mugimendua, Villafría eta Binasperi arteko bidea egiten. "Oso polita eta interesgarria izan zen, eta hiru autobus bete genituen". Orain, modu xumeago batean, apirilean egin ez zuten bigarren zatia egin nahi dute, Binasperitik hasi eta Logroñoraino joanez. Uztailaren 15ean jarri dute hitzordua: herriko baskulan busa hartuko dute, eta gero Errioxako hiriburutik herrira bueltatuko dira oinez, duela mende asko mandazainek egiten zuten bide beretik.
Eskari formala
Bideari buruzko lehen erreferentzia idatziak duela bost mendekoak baino gehiagokoak dira. Zehazki, 1511n Arabako Batzar Nagusietan idatzita utzi zuten "Logroñokoek eskatu" zutela Villafríatik mendate bat sortzea, beren merkantziak eraman ahal izateko. "Konturatu ziren ardoa eta bestelako merkantziak iparraldera eramateko bide zuzenena zela hau. Eta, egiatan, mapa baten aurrean jartzen baldin bazara, berehala ikusiko duzu hala dela", nabarmendu du Zabalak. Gainera, garaiko geopolitika txikiak ere markatu zuen bidearen beharra, Lapoblaciónetik igarotzen zen bidea erabiltzeko Nafarroako Erresumari zergak ordaindu behar zizkiotelako.
"EGITEKO ERRAZA DEN BIDEA DA HAU, ETA, GAINERA, HISTORIAZ BETETA DAGO". RAQUEL ZABALA
Ez zen izan eskari bakarra, eta bi mende geroago ordura arte zama animalientzat baino ez zen mendate hori gurdietarako egokitzeko beharra ikusi zuten. "Baina kontua da batez ere Gasteiztik eta Guardiatik ikusi zutela beste bide bat bultzatzeko aukera, Herrera mendatearen bitartez. Inguruetako biztanleek bide hori erabiltzen jarraitu zuten arren, pixkanaka Mandazainen Bideak garrantzia galdu zuen.
Zabalak ez du baztertzen gaur egun GR-38 edo Ardoaren eta Arrainaren Bide gisa ezagutzen dugunaren zati bat benetan Mandazainen Bide honetatik joan izana. "Logroñotik iparraldera joateko, logikoena ez da Guardiatik pasatzea, ibilbide hau erabiltzea baizik". Gauzak hala izan ala ez, batzarkideak uste du jendeak ezagutu behar duela bide zahar hau, eta herri txikietako ondareari balioa eman behar zaiola ere. "Orain bidea ez dago markatuta, baina turismo alorreko teknikariekin lanean ari gara etorkizunean bidea seinaletikarekin markatzeko, edo eta Binasperin gaia azalduko duen panel bat jartzeko.
Ibilbide osoa, aukeran
Momentuz, bidea abiatuta dago, eta eskualdeko turismo bulego guztietan banatu dute bidearen berri ematen duen esku-orria. "Egiteko bide erraza da hau, eta historiaz beteta dago. Gainera, jendeak oso ondo hartu du ekimena, eta gaur egun dauden Wikiloc moduko aplikazioekin errazagoa da ez galtzea. Ea datorren urtean, bitan banatuta egin beharrean, ibilbide osoa egiteko moduan gauden!".