Izaskun Arrue Kulturgunea garatzeko diru laguntzetatik 112.817 euro bueltatu ditzan Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak egindako eskariak Gasteiz Antzokiaren egitasmoa "kolokan baino, hilzorian jartzen" duela adierazi du Lazarraga Kultur Elkarteak.
Ohar baten bitartez, elkarteak esan du "kezka izugarriz" eta "harridura handiz" hartu duela proiektua garatzeko emandako diru laguntzaren zati bat itzultzeko prozedura "modu horretan hasi izana". Gauzak horrela, kulturgunea egoera "larrian" dagoela ohartarazi dute.
Lazarragak "ez du ulertzen kontu-hartzailearen xedapena, eta dakienarekin ez dago ados". Kritikatu dute orain arte "kopurua baino ez dela ezagutzen", eta "gehiegizkoa" iruditzen zaiola. "Ez da izan elkartearen ardura kulturgunea martxan jarri ez izana, Gasteizko Udaleko arduradunena baizik".
Berretsi dute orain arte "euroz euro justifikatu" dutela gastatutako dirua, udalak berak onartutako plan operatiboak ezarritakoaren arabera. Modu berean, gogora ekarri dute egin ez diren jarduerak ez direla gauzatu kulturgunea prest ez dagoelako. "Egin izan ez diren jarduera horien dirua itzultzeko, elkarteak ez du inolako arazorik, eta aurkeztutako zuriketan 50.487, 48€ itzultzea proposatu zuen". Azaldu dutenez, gainerako gastuak proiektua martxan jartzera bideratuak izan dira: besteak beste, giza baliabideak, komunikazio planak, webgunea, eta kudeaketa sistemen ezartzea aipatu dituzte. Horiek guztiak udalari helarazitako azalpen txostenean "zehatz-mehatz jasota" daudela berretsi dute.
Behin elkarteak "bere lana" eginda, galdetu dute ea "udalak gaizki egindakoak" ordaindu behar ote dituen Lazarragak. Aurreratu dute jakinarazpen ofizialaren zain daudela, kontu-hartzailearen argudioak ezagutu ahal izateko. Modu berean, urgentziazko bilera deitu dute, egoera zertan den aztertu eta "hartu beharreko neurriak" erabakitzeko. Horrez gain, udalari biltzeko eskatu diote, eta apirilaren 9an egin behar den udal batzorde batean hitza hartzeko eskaera egin dute ere.