11 egunez Euskal Herria zeharkatu duen mezuak dagoeneko argia ikusi du Baionan, atzo iritsi baitzen haren azken helmugara 23. Korrika.
Garazi Arrula idazle eta editoreak idatzitako testuak "egiazko trantsizioa" eskatu du, euskarak "hegemonia" har dezan. Modu berean, milaka euskal herritarrek eskuz esku eramandako mezuak argi utzi nahi izan du hizkuntzaren auzia "politikoa" dela, bai eta "urgentziazkoa" ere.
"Esna dadila piztia, zeren kea usaindu duelako izanen da, eta guk badakigu sua egiten", amaitu du mezuak.
AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kide Bixente Claveriek eta AEK-ko Iparraldeko lehendakari Maider Hegik hartu dute hitza amaierako ekitaldian, eta, besteak beste, "konpromiso eta baliabide gehiago" eskatu dituzte euskara gizartearen gune guztietan eta instituzioetan egon dadin.
"Instituzioek ardura handia dute: hizkuntz-politika ausarta eta sendoa behar dugu eta ez brilli-brillizko bilgarria: konpromiso gehiago eta baliabide gehiago ditugu behar, eta orain behar ditugu", aldarrikatu dute.