Edizioz edizio indartzen da Korrika Euskal Herrian, baina gure mugetatik kanpo ere gero eta gehiago dira data eta helburu berdinen bueltan mundu osoan antolatzen diren ekimenak.
Horietatik batzuk honezkero benetako klasikoak bihurtzen ari dira, zenbait tokitan euskaldunen diasporak gogotsu ari direlako horien antolaketan: Bruselakoa, Pariskoa, Bremengoa edo Bartzelonakoa dira horren lekuko, baina euskal metropolian bizi diren euskaldunentzat askoz exotikoagoak diruditen tokietan ere korrika ari dira euskararen alde: Mumbain, Seulen, Tokion, edo Sidneyn, batzuk aipatzearren.
'Bremen ere, euskararen alde!'
"Pasa den asteburuan gure txanda izan da, eta datorren ostegunetik aurrera, zuena", adierazi dute Bremenen (Alemania) bildutako euskaldunek. Bremengo Euskal Kultur Elkarteak antolatzen du bertan Korrika. Arrazoia argi dute: "Euskara maite dugulako, eta atzerrian ere, ahal dugun heinean erabili nahi dugulako", azpimarratu dute. "Pausuz pausu, hitzez hitz, euskara eta euskal kultura mundura zabaltzen ari gara", erantsi dute. Hiriaren izenak aukera eman die Euskal Herrian ozen entzun ohi den ohia egokitzeko: Bremen ere euskararen alde!
Igande goizean egin dute ekimena, giro ederrean. Aurrena, txikien txanda izan da, umeek ere gozatzeko aukera izan dezaten. Bigarrena, luzeagoa izan da, Unisee gisa ezagutzen den bertako laku ospetsuari bira emanez. Ondoren, piknika, euskal musika eta derbia izan dituzte: Errealaves eta Athletikuna taldeak lehiatu dira.