Ezaguna da zurrunbilo bat bezala Korrikaren inguruan milaka mundu eta istorio eratzen direla sarritan, eta zenbakitik zenbakira marrazten diren irudi horiek azaleratzen diren modu berean, proiektu eta ideia berriak gorpuzten direla herri ekimenaren kilometro bakoitzarekin. Hain justu, Korrikak beste ezer baino hobeto irudikatzen duelako zeinen garrantzitsua den nork bere ezaugarri, proiektu eta berezitasunekin, norabide bakar batean gorpu handi baten moduan abiatzea.
Filosofia horri eutsita, AEK-k eta ALEAk kolaborazio hitzarmen bat sinatu berri dute 23. Korrikaren aitzakian, hedabide hau jaio zenetik ondu izan den erlazio sakonean beste aurrerapauso bat emanez. "Orain arte ALEA eta AEK eskutik joan dira, eta bion arteko harreman hori modu naturalean jaio, garatu eta gorpuztu izan da urtez urte", azaldu du ALEAren sustapen arduradun Erlantz Andak. "Baina aurten beste aurrerapauso bat ematea erabaki dugu, uste dugulako gure artean sortu diren berezko sinergiak are gehiago indartu daitezkeela".
Hala, aurten hasi eta hemendik aurrera urtero mantenduko den dinamika jaso du hitzarmenak. Publizitatea, zozketak, Korrikaren jarraipena, Korrikaren mapa, herri ekimenaren aldeko aldizkari berezia edo AEKren matrikulazio kanpaina jaso ditu hitzarmen horrek. Besteak beste, AEK-k ALEA ezagutaraziko du bere ikasleen artean, eta ALEAk AEKren edukiak zabaltzen jarraituko du.
1079
Aurtengo kilometroari dagokionez, zuzeneko jarraipenaz gain, aurreko edizioan egin zuen puntu berdinean egingo du ALEAk bere kilometroa, Lazarraga eta GEU elkarteekin batera: Andre Maria Zuriaren plazan. Gasteizko Udalaren eskutik jasoko dute lekukoa, eta ikusteko dago horrekin batera Izaskun Arrue Kulturgunearen giltzak joango ote diren.