Otsaileko traktore martxa ikusgarrien ostean, lehen sektorea babesteko neurriak eskatzeko protesta berria abiatu zuten atzo, asteartean, Arabako nekazari eta abeltzainek, UAGA Arabako Nekazarien Elkartearen eta Trebiñu eta Araba Landa Eremuaren Alde Elkartearen eskutik. Oraingoan, martxoaren 5ean, 6an eta 7an, hiru eguneko mobilizazioa izango da. Egunero, 10:00etatik 17:00etara bitartean, Eusko Jaurlaritzaren inguruko kaleak zeharkatuko dituzte; eta gaur, gainera, elkarretaratzea egingo dute 12:00etatik aurrera, Jaurlaritzari euren aldarrikapenen berri emateko.
Ostegunean Eusko Jaurlaritzarekin bilera bat izatea espero dute. Bitartean, asteazken goizean zabaldutako ohar batean, UAGAk iragarri du "aurrerapenak" izan direla Arabako Foru Aldundiarekin izandako negoziazioetan. Izan ere, UAGAko ordezkariekin bildu ziren atzo Amaia Barredo Nekazaritza diputatua, Itziar Gonzalo de Zuazo Ogasuneko diputatua, sailetako zuzendariak, eta Eduardo Aginako Arlo Estrategikoetako zuzendaria.
Bi dira hitzartutako puntu nagusiak: alde batetik, aldundiak hil honetan bertan, martxoan, itzuliko die 2023an aurreratutako BEZa lurraldeko nekazari eta abeltzainei; bestetik, PFEZean, Nekazaritzako Erregimen Bereziko deklarazioetan, justifikatzen zailak diren gastuen %70eko hobaria mantenduko du.
NPBa, mahastizaintza eta abeltzaintza
Bestalde, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) laguntzei dagokionez, baldintzazkotasun indartuan eta eko-erregimenetan aldaketak malgutzeko eta sinplifikatzeko aukera aztertu dute bi aldeek. Foru administrazioak konpromisoa hartu du egindako ekarpenak txosten batean jasotzeko, eta Eusko Jaurlaritzari bidaltzeko, EAEko gobernuak Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari helaraz diezaion.
Horrez gain, mahasti-aseguruetarako laguntzen kudeaketa aldatzeko konpromisoa hartu dute 2025eko kanpainari begira, eta laguntza kontratazioaren unera aurreratuko dute. Orain arte, ustiategiek aseguruaren zenbateko osoa aurreratu behar zuten, eta hobaria hilabete batzuk geroago jasotzen zuten.
Azkenik, abeltzaintza sektoreari dagokionez, elkarteentzako abeltzaintza laguntzetan tarteko eta amaierako ziurtagirietarako laguntzak zatikatzeko konpromisoa hartu dute, aurtengo likideziarik eza dela eta.
Aste honetako negoziazioetan beste gai batzuk geratu dira mahai gainean, hala nola otsoa, Arabako Errioxaren egoera edota energia berriztagarriak ezartzeko planak. Horiek eta beste batzuk jorratzeko, laster beste bilera bat egitea adostu dute UAGAk eta aldundiak.