Atzo, asteartean, Araba osotik iritsitako ehunka traktore iritsi ziren lurraldeko hiriburura, Gasteizera; 500 inguru antolatzaileen arabera, eta gaur are gehiago helduko dira, bi eguneko protestaren deialdi nagusian. Izan ere, Europa osoan nekazariak egiten ari diren mobilizazioen testuinguruan, traktore martxak deitu ditu UAGA sindikatuak gure lurraldean, asteartean eta asteazkenean.
Lehenengo mobilizazio egunean, lurraldeko errepide nagusietan eta Jundiz industrialdean izan ziren protestak, Mercadona, Eroski eta Lidl enpresetako plataforma logistikoen aurrean. Iluntzean Buesa Arenan bildu ziren traktoreak, eta horietako askok gaua bertan igaro dute.
Asteazken goizean, berriz, aldarrikapenek kutsu politikoagoa hartuko dute, traktore martxa Buesa Arenatik Eusko Jaurlaritzara egin baitute nekazari eta abeltzainek, 10:00etatik aurrera: Zurbanoko Atetik, N-1 errepidetik eta Forondako Atetik igaro ostean, Blas de Otero, Donostia eta Rafael Alberti kaleetatik joan dira Jaurlaritzaraino. Betoñu inguruan, zenbait nekazarik ibilbide ofiziala atzean utzi eta beste bide bat hartu dute; eta Ertzaintzak haietako batzuk identifikatu ditu. Eguerdian, 12:30etik aurrera hasi dira Lakuara iristen, eta bertan aldarrikapen nagusiak jasotzen dituen agiri bat irakurri dute.
Arratsaldean, 18:00ak arte, Jundizko industrialdean Mercadona, Eroski eta Lidl enpresek dituzten gune logistikoetara itzuliko dira, atzo bezala. Gaur ere, egun osoan zehar hiriburuko trafikoa kolapsatzea espero da zenbait puntutan; Udaltzaingoak eta Ertzaintzak gertutik jarraituko dute mobilizazioa.
ARGAZKI GALERIA
BIDEOAK
Impresionante y emocionante #elcampoenlucha #nekazaritzaborrokan pic.twitter.com/gDTkftcd9O
— UAGA (@UAGAiNFO) February 7, 2024
Lehen sektorea, "ezinbestekoa"
Europa osoko laborariak bezala, lehen sektorea "ezinbestekoa" dela aldarrikatzen ari dira Arabako nekazari eta abeltzainak, UAGA Arabako Nekazarien Elkartearen eskutik. Tokian toki izaera propioa hartu dute azken egunetako protestek, betiere oinarri komun batzuen inguruan.
Nagusiki, Europako Batasunaren Nekazaritza Politika Bateratua sinplifikatzea exijitu du UAGAk, "burokraziak baserritarrentzako kostu onartezinak, frustrazioa eta kezka" dakartzala iritzita. Halaber, EBren merkataritza libreko itunak bertan behera uztea nahi dute, ekoizpen eta salmenta kostuen arteko desoreka murrizteko: "Ezin dugu onartu Europako ekoizleok ditugun eskakizun berberak betetzen ez dituzten hirugarren herrialdeetako produktuak sartzea", kritikatu dute.
Bestalde, Arabaren kasu zehatzean, nekazaritza sektoretik kanpoko eragileek zein inbertsio funtsek lurrak espekulaziorako erostea geldiaraztea exijitu dute, bai eta nekazaritza lurretan energia berriztagarriak instalatzea eragoztea ere. Horrekin batera, nekazaritza eta abeltzaintza sail propioa berreskuratzea eskatu diete Jaurlaritzari eta Aldundiari.
Eskakizun gehiago plazaratu ditu Arabako lehen sektoreak, hala nola: abeltzaintza babesteko politiken beharra, besteak beste otsoaren edo EHE (Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoa) bezalako mehatxuen aurrean; Elikadura Katearen Legea aldatzea eta zabaltzea, "nekazarien prezioek ekoizpen kostuak estaltzeko jardunbide desleialak debekatzeko"; arau-hausteen aurrean isunak ezartzea eta kontrol baliabide gehiago izatea; eta nekazari gazte eta berriek lurra eskura dezaten erraztea, sektorearen etorkizuna bermatzeko.