Araban ere traktoreak kalera atera dituzte

Erredakzioa 2024ko ots. 6a, 13:30

Astearteko traktore martxa Jundizen, Mercadonaren gune logistikoaren aurrean. ALEA

Traktore martxak antolatu ditu UAGA sindikatuak asteartean eta asteazkenean. Europa osoko laborariek bezala, lehen sektorea "ezinbestekoa" dela aldarrikatuko dute.

Europa osoan nekazariak egiten ari diren protestak Arabara heldu dira aste honetan. UAGAk deituta, traktoreak kalera atera dituzte astearte honetan, bihar jarraipena izango duen mobilizazio historiko batean.

Asteartean, hilaren 6an, ehunka traktore —500 inguru, antolatzaileen arabera— zutabetan abiatu dira lurraldeko puntu ezberdinetatik: 07:30ean, Arabako Errioxatik (Samaniego herritik); 08:00etan, Kanpezutik; 08:30ean, Aguraindik (Galzar industrialdetik) eta Bernedo eta Trebiñutik (Armentiako Bentako zerbitzugunetik); eta 09:00etan, Armiñonetik. Traktoreek eragin handia izan dute trafikoan, eta goiz osoan zehar auto-ilarak sortu dira lurralde osoko zein hiriburuko errepide nagusietan.

Jundizko industrialdean bildu dira nekazariak, 10:00etatik aurrera, eta Mercadona, Eroski eta Lidl enpresetako plataforma logistikoen aurrean protesta egin dute. 14:00ak aldera, autobiatik Buesa Arenako aparkalekura joan dira, eta bertan geldituko dira bihar arte. Besteak beste, 18:00etan hitzaldi informatiboa izango dute.

Asteazkenean, hilaren 7an, berriz, Buesa Arenatik Eusko Jaurlaritzara egingo dute traktore martxa, 10:00etatik aurrera; eta 13:00etan, aldarrikapenen agiri bat irakurriko dute Lakuako egoitzaren aurrean. Arratsaldean, 18:00ak arte, Jundizko gune logistikoetara eramango dute protesta berriz ere.

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak nekazari eta abeltzainen "kezkarekin bat" datorrela adierazi du, eta bilera bat eskatu du sektoreko ordezkariekin, haien aldarrikapenak bertatik bertara ezagutzeko eta foru eskumenen barruan babes neurriak hartzeko.

 
 
Protestak, Europatik Euskal Herrira

EBren Nekazaritza Politika Bateratua sinplifikatzea exijitu du UAGAk, eta ohartarazi du gehiegizko burokraziak kostu onartezinak dakarzkiela baserritarrei: "Sektorearen frustrazioa eta gero eta kezka handiagoa eragiten dute", esan du sindikatuak. Halaber, EBren merkataritza libreko itunak bertan behera uztea nahi dute nekazariek, Mercosur kasu: "Ezin dugu onartu Europako ekoizleok ditugun eskakizun berberak betetzen ez dituzten hirugarren herrialdeetako produktuak sartzea", esan dute.

Azken asteetan, nekazarien protestak ugarituz joan dira Europako Batasuneko zenbait herrialdetan. Ipar Euskal Herrian, iragan aste osoan aritu dira protestan; eta otsailaren 1ean, hainbat herrialdetako nekazariek mobilizazioa egin zuten, Bruselan, EBko Estatu buruen goi-bileraren egunean. Mila traktorek Brusela blokeatu zuten, babes eske.

Espekulazioa gelditzeko eskaera

Arabako nekazarien aste honetako protestaren atzean, arrazoi orokorrak daude, EBren nekazaritza politikarekin lotuta, baina baita tokiko aldarrikapenak ere. Hala, nekazaritza sektoretik kanpoko eragileek zein inbertsio funtsek lurrak espekulaziorako erostea geldiaraztea exijitu dute, baita nekazaritza lurretan energia berriztagarriak instalatzea eragoztea ere. Halaber, Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari nekazaritza eta abeltzaintza sail propioa berreskuratzea eskatu diete. "Eta, jakina, ez sustatzea familia nekazaritzako ereduen aurkako makroproiekturik", azpimarratu du UAGAk. Bestalde, abeltzaintza jarduera babesten duten politikak ere behar dituztela adierazi du UAGA sindikatuak, otsoaren edo EHE (Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoa) bezalako mehatxuen aurrean.

Nekazarien aldarrikapen historikoa da, halaber, Elikadura Katearen Legea aldatzea eta zabaltzea, "nekazarien prezioek ekoizpen-kostuak estaltzeko jardunbide desleialak debekatzeko". Eta, ildo horretan ere, Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziak egindako arau haustearekin bat datozen isunak ezartzea eskatu dute, eta horretarako kontrol baliabide gehiago izatea.

Halaber, nekazari gazteek eta berriek lurra eskura dezaten erraztea proposatu dute, sektorearen etorkizuna bermatze aldera. "Gizarteak entzutea eta lehen sektorea ezinbestekoa dela kontzientziatzea" nahi dute mobilizazioekin. "Bertako elikagaiak ekoizten ditugu;landa-ingurunea, mendiak eta naturguneak zaintzen ditugu. Lehen sektorerik gabe gure herriak hil egiten dira", azaldu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago