Joan den larunbatean, otsailaren 17an, hil da Manu Sagastume Arregi, 78 urte zituela. 1945ean Ziordian (Nafarroa) jaio bazen ere, Gasteizen eman zuen bere bizitzaren zatirik handiena. Marketineko goi-mailako teknikaria eta Euskal Ikasketetan diplomatua izateaz gain, musikaria, ikertzailea, abesbatzen zuzendaria eta kultur eragilea izan zen urte luzez.
Besteak beste, Araba Abesbatza eta Capilla Peñaflorida abesbatza martxan jarri zituzten lagunen artean zegoen, eta zuzendari gisa aritu zen ere. Bere burua musikaren izen handien dizipulutzat jotzen zuen, hala nola Carmelo Bernaola, Luis Aramburu, Jose Rada eta Sabin Salaberri. Arreta berezia eskaini zion XVII. eta XVIII. mendeetako musikari, eta hainbat transkripzio egin zituen, Juan Garcia de Salazar, Juan Frances de Iribarren, Juan y Matias de Durango, Antonio Literes, Antonio Rodriguez de Hita eta Juan Hidalgo bezalako konpositoreen lanak transkribatuz.
Horrez gain, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko liburuzaina izan zen ere, eta Arabako kulturaren zein musikaren inguruko artikulu eta ikerketa ugari idatzi zituen, esaterako: La Ilustración musical: música y músicos en el País Vasco del siglo XVIII; Gasteiz eta musika: zortziehun urte adiskidetasunean; Evolución en la música para txistu; eta Musika Araban, Sabin Salaberri eta Rafael Mendialduarekin elkarlanean ondutakoa.
Azken hamarkadetan Arabako kulturari egindako ekarpenaren oinordeko dira bere hiru semeak: David, kontratenorra eta biolontxelista; eta Jabolo eta Koldo, soinu, argiztapen eta produkzio teknikoan diharduen Sagasound enpresa erreferentearen sortzaile eta arduradunak.
Astearte honetan, otsailaren 20an, izango da hileta, 19:30ean San Migel Goiaingeruaren elizan.