Araba Abesbatza

Mila motibo kantatzeko alai

Anakoz Amenabar 2023ko abe. 1a, 06:00

Ehun bat lagun pasa dira 55 urte hauetan Araba abesbatzatik. Argazkia: Araba Abesbatza

55 urteko ibilbidean etxean zein nazioartean dozenaka kontzertu eskaini ostean, agur esateko momentua heldu zaio Araba Abesbatzari; abenduaren 1eko emanaldiarekin itxiko dute.

Joan den ekainean iragarri zuten, eta aste honetan emango dio behin betiko amaiera Araba Abesbatzak 55 urteko ibilbideari. Urteotako "familia" handia batu nahi dute azkeneko emanaldian, koruan aritu direnak, gertukoak eta zaleak, bizitakoak gogoratu eta elkarrekin ospatzeko. Abenduaren 1ean izango da kontzertu berezi hori, Jesus Guridi kontserbatorioan, 19:30ean.

Abesbatzak bere bidea jarrai zezan hamaika lan egin eta gero, ez da belaunaldi erreleborik izango, eta penaz esango diote agur kideek. "Sekulako penarekin goaz, koruak jarraitzea nahi eta ezin, baina azken kontzertua alaia izatea nahi dugu, pozik amaitu. Gure historia gogoratu nahi dugu, pasa diren zuzendariak, musikariak eta sorpresaren bat edo beste ere bai", azaldu du Iñaki Lasa kideak (Gasteiz, 1952) ALEArekin egindako hitzorduan. Hunkituta ageri da abesbatzaren sorreratik izan den Pedro Mari Lopez de Alda ere (Gasteiz, 1936), ezin konta kontzertu eta oroitzapen gogoan. "Dagoeneko ahotsean ere nabari dut abisua nik, urte asko ditugu, pentsa, aitak nik gerra ekarri nuela esaten zidan kar-kar. Etapa hau amaitzeko garaia da, baina pozik egingo dugu despedida".

Abesbatzak euskal musikarien obrak kantatu ditu, beste hainbat klasikorekin batera. Argazkia: Araba Abesbatza 

"Besteak beste, Arezzoko jaialdi ezagunean zilarra jaso zuten kantu gregorianoekin"

Izan ere, 55 urte ez dira alferrik pasa, arrasto sakona utzi du Araba Abesbatzak. Kantatutako ia 1.000 partitura dituzte gordeta entseguetarako gelan –Jose Uruñuela dantza kontserbatorioan– urte hauetan argitaratutako disko eta liburuekin, eta jasotako sari guztiekin batera. Euskal Kantagintza Berriak emandako kanten bertsioetatik hasi, konposizio klasikoetara pasa, erlijio obrak edota abesbatzarentzako propio sortutakoak eraman dituzte noizbait oholtza gainera. Hasieratik, abesbatzak euskal kultura ardatz izan duela gogoratu du Lasak, musika eta koruei dagokienez, eta aberastasun hori kanpora eramatea izan dutela helburu. "Eta, aldi berean, herriari musika eramatea, kanpoko kultur musika ekartzea; eta horregatik kantatu ditugu, adibidez, erromantizismoko hainbat autoreren obrak". Betiere, Arabako autoreak ahaztu gabe, elizarako kantetan batik bat. "Musika erlijiosoan Bixente Goikoetxea izan da gure autore gogokoena, eta Sabin Salaberri edo Luis Aranburu folklorikoan".

Lehen pausoak

Salamancan ikastetik zetozen Manu Sagastume eta Ernesto Torquemadak izan zuten abesbatza sortzeko ideia, eta beste hainbat lagunekin elkartu ziren. "Robapollos esaten genion tabernan egin genituen lehendabiziko bilerak, Pinto kalean. Hara batu ginen Jose Manuel Aloa Metxas eta biok, eta zuzendari bila hasi ginen: Antton Lete batu zen", gogoratu du Lopez de Aldak. Entsegu lokalik gabe, batean eta bestean izan ziren Principe antzokian hasi ziren arte, ostean Guridi zinemak izango ziren eraikinean. Solfeo ideiaren batekin zenbait, eta kantak errepikatzearen errepikatzeaz beste zenbait, euskal musika lurraldean zabaltzen hasi zen 1968an ahots baxuz osatutako taldea. Hogeita bost bat gazte elkartu ziren orduan.

Bigarren familia bat osatu dute abesbatzako kideek; argazkian, Erriberrira egindako bidaia. Araba abesbatza. Argazkia. Araba Abesbatza

Laster, Sabin Salaberrik hartu zuen koruaren zuzendaritza. Araba Abesbatzaren alma materra, nabarmendu dutenez. "Herritarrak esnarazi behar zirela esaten zuen, herri guztiak bisitatu behar genituela. Konposizio klasikoak alde batera, bestelako errepertorio bat ekarri zuen. Euskal Herrian nagusiki bi izan ziren lan hori egin zutenak; Imanol Urbietak Zarauzko Oleskariak abesbatzarekin, eta Salaberrik gurean", gogoratu du Lasak. Harmonizatu zuen lehen kantetako bat Raimon kantautore valentziarraren Al vent izan zen, frankismo garaiko protesta abestia: "Amets, beti amets...", kantatu du. "Hori entzuteko beharra zuen herri baten aurrean egoten jakin zuten. Egurtuta zetorren herri bat berpizten ari zen orduan, ezin zen euskaraz kantatu, eta 'askatasuna' modukorik ezin aipatu ere...". Abesbatzarekin batera, taldekide batzuek Amets taldea osatu zuten, hainbatetan koruaren laguntzaile izan zena gitarra elektrikoa, organo elektrikoa eta bateriarekin. Arrakasta handia izan zen batean eta bestean, halako musika entzuteko gosez zegoen lurraldean.

Traba eta debekuak

Kantatzeko izan zituzten trabak ondo gogoan ditu Lopez de Aldak, frankismoaren debekuetatik ihesi. Kantarien eta kanten zerrendak Gobernu Zibilean aurkeztu behar izaten zituzten hilero, eta abestietako batzuk kantatzea debekatu zieten. Halako batean Ondarroan kantatu behar zutela gogoratu du, Guardia Zibilak errepertorioa eskatu, eta lauzpabost debekatu zituen emanaldi horretarako. "Guardia gizajoek euskara arrastorik ez zutenez, halere, publikoak 'beste bat' eskatu ahala, debekatutako guztiak sartzen joan ginen, opari; halako batzuk bizi izan genituen bai".

Lete eta Salaberrirekin batera, Manu Sagastume, Roberto Ugarte, Angel Aldai eta, azkena, Aitor Saez de Kortazar ere izan ditu zuzendari abesbatzak, eta beste hainbat koru, talde eta musikarirekin ere aritu da elkarlanean. Errenteriako Musikasten, esaterako, sei aldiz izan dira; 1973an Jose Luis Ansorenaren eskutik jaio zen egunean bertan, eta baita Araba Abesbatzaren azkeneko kontzertuan ere, joan den ekainean. Emanaldien oroitzapenak pilatzen ari zaizkie, horien artean baita Euskaldunan eskaini zuten kontzertu zailenetakoa bat ere; Andra Mari eta Easo abesbatzekin batera, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin izan zen. "Schönberg-en Gurrelieder kantatu behar izan genuen, eta benetan zailenetako bat izan zen guretzat; musika erabat berria zen". Etxetik kanpo ere, munduko dozenaka bazter bisitatu ditu Arabako taldeak; gogoan dute Italiako Arezzon ospatzen den nazioarteko jaialdian izan zirenekoa, edota Argentinan egin zuten bira. "Lagun talde bat izan gara, eta gozatu egin dugu", esan du Lopez de Aldak, "beharbada lehiatzera joan ez garen bidaietan, batez ere".

Asteartean egin zuen azkeneko entsegua Araba Abesbatzak. Argazkia: Juanma Gallego / ALEA

Bigarren familia

Abesbatza bat baino gehiago izan dela azpimarratu du Lasak ere, hori izan da hainbeste urtez taldeari eusteko gakoa. "Ez da abesbatza bat, bigarren familia bat baizik. Jesus Estarrona eta beste hainbatek urteetan lan handia egin dute honen alde, eta horren guztiaren emaitza da". Esker oneko hitzak ugari lagun askorentzat, eta ezin ahaztu, Juanjo eta Carlos Mena anaien babesa ere. Taldearen bokazioa "errepertoriorik onena aukeratuz" ondare hori transmititzea izan dela azaldu dute, ahal izan duten kalitate hoberenarekin kantatuz.

"Sabin Salaberri musikaria omenduko dute, koruaren oinarriak jartzeko egindako lanagatik"

Abesbatzari agur esateko arrazoien artean, "nagusiegiak" egin dira, nahiko luketen kalitateari eutsi ezinik, eta taldekide gazteagoak erakartzeko zailtasuna izan dute. "Paskinak jarri ditugu hainbat lekutan, beste abesbatza batzuetara jo dugu laguntza eske... baina ezinezkoa izan da. Abesbatza guztien egoera da hau, ordea, ez gurea bakarrik", azaldu dute. Koruak gainbehera bidean doazela uste dute, salbuespenak salbuespen, talde kopurua gutxiagotuz doa, "eta askotan errepertorio eta interpretazio eskasekin". Euren esanetan, gutxi zaindu da kantagintza, eta eskoletan ia apenas dute musikarik gaur egun. "Administrazioak gutxi egin du musika kulturaren alde, eta are gutxiago abesbatzen alde. Norbaitek mugitzen hasi beharko du", gogoratu du Lasak. Musika irakaslea izan da Lasa, eta abesbatzan aritzeak dakartzan onurak zenbatu ditu, neska-mutikoak gogoan. "Abesbatza batean bestearen ahotsa entzun behar duzu, harekin bat egin, eta baita beste aldean den harekin ere harmonia osatzeko. Horrek exijitzen duen konexioa, kontzentrazioa, isiltasuna eta errespetua izugarria da, eta beste ikasgaietan ere nabari da emaitza". Gazteak abesbatzara erakartzea, ordea, zaila dela uste du, eurekin txikitatik landu ez bada. "Etxetik, akaso, sakelakoan jarritako marrazkiak utzi eta beharbada gehiago kantatu beharko genieke".

Azkeneko agurra, kantagintza suspertzea eskatzeko ere erabili nahi dute. "Kantatzen duen herria da gurea, abesteko tradizio handikoa eskola, eliza eta etxeetan, eta hori zaindu beharra dago". Hala amaituko dute ostiralean 55 urteko bidea, aldarrikapen eta festa giroan. Urteotako historiaren errepaso labur bat egingo dute, elkarteak urte hauetan izan dituen zuzendariak eta bertan parte hartu duten pertsonak gogoratuko dituzte, eta omenaldi berezi bat egingo diote Sabin Salaberri musikari eta konpositore arabarrari. Ez dira faltako ohiko kantak, baina badakite amaiera zeinek emango dion: Gora Araba.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago