Agur esan du Araba Abesbatzak

Erredakzioa 2023ko eka. 29a, 10:26

Udazkenean itxiko dute 55 urteko ibilbidea. Argazkia: Araba Abesbatza

55 urteko ibilbideari amaiera jarri dio taldeak; udazkenean azkeneko kontzertua eskainiko dute.

Ekainean Errenteriako Musikasten parte hartu ondoren jakinarazi du Araba Abesbatzak bere musika ibilbideari amaiera eman diola. 55 urteko ibilbidean etxean zein nazioartean dozenaka kontzertu eskaini ostean, agur esateko momentua heldu zaio taldeari. "Helburua, batez ere, euskal kultura eta identitatea lantzea eta zabaltzea izan da, euskaraz abestutako musika koralaren bidez eta ahots grabeen erregistroan, Euskal Herriko koruen berezitasun bat izanik, zoritxarrez gaur egun rara avis den praktika", gogoratu dute ohar batean.

Taldearen bokazioa "errepertoriorik hoberena aukeratuz" ondare hori transmititzea izan dela azaldu dute, ahal izan duten kalitate hoberenarekin helaraziz, "lan irmoa eta musikaren zerbitzuan". Jarduera honek eraman ditu estilo eta garai guztietako nazioarteko musika korala interpretatzera. Ibilbide honetako osagairik beharrezkoena "talde jator eta sendoa" lortzea izan dela nabarmendu dute, "Araba Abesbatzako partaide izateko ohorea izan dugunontzat, bigarren familia bat".

"Abesbatzen gainbehera"

Abesbatzari agur esateko arrazoien artean "nagusiegiak" egin direla azaldu dute, "nahi genukeen kalitateari eutsi ezinik", eta taldekide gazteagoak batzeko zailtasuna izan dutela. "Zoritxarrez, ez gara bere adarretatik sortutako zain berrietatik guztiz berpiztu daitekeen agina zuhaitzaren antzekoak. Horregatik nahiago dugu agur estea gure ahalmenak gehiegi galdu aurretik".

Badago, halere, egoeraren araberako beste arrazoi bat ere, azaldu dutenez: ez da posible izan taldearen ibilbidea luzatuko lukeen pizgarri berririk aurkitzea. "Izan ere, gertatu zaiguna abesbatzen munduan gertatzen ari denaren isla kezkagarria izan da. Koruen mundua gainbehera bidean doa, salbuespen batzuk aparte, talde kopurua gutxiagotuz doa, eta askotan fidagarritasun gutxiko errepertorio eta interpretazioekin". Abesbatzek bultzada bat behar dutela uste dute, eta agur hau erabili nahi dute herrietan, etxeetan, eskoletan eta gizartean orokorrean, kantagintza suspertzea eskatzeko. "Guztiz sinetsita gaude kantagintza dela biharko musikari tinkoak sortzeko ezinbesteko bidea. Bestalde gizarteratzeko eta elkarrenkitzarako bide oso egokia dela txiki txikitatik horretarako aukera eskaintzen badiegu gure neska-mutikoei. Ez luke Euskal Herriko ikastetxe bat bera ere egon behar koru edo instrumentu talderik gabe, horretarako prestatuak dauden profesionalekin".

Amaitzeko, urte hauetan guztietan alboan izan duten publikoa gogoratu nahi izan dute. "Gure eskerrik beroena urte guzti hauetan lagundu eta jarraitu gaituzuen guztioi. Gozamen handia izan da". Udazkenean eskainiko dute azken agurra, oraindik zehaztu ez duten egunean.

Erlazionatuak

Arabaren eztandatik, 50 urte

Itsaso Estarrona/Eider Villa 2018 mai 10 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago