Azken egunetan Arabako, Bizkaiko zein Gipuzkoako nekazari eta abeltzainek egindako mobilizazio jendetsu eta ikusgarriek iritzi publikoa eta agenda politikoa astindu dute, zalantzarik gabe. Eta euskal erakundeen erantzuna azkarra izan da: asteazken honetan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, hiru foru aldundiekin batera, Euskal administrazioek lehen sektorearekiko hartutako konpromisoaren dekalogoa aurkeztu du, lehen sektoreko pertsonei "baldintzarik gabeko babesa" adieraziz.
Lau erakundeek hamar konpromiso eta 50 bat neurri zehatz adostu dituzte, eta dokumentua aurkezteko agerraldian, Arantxa Tapia sailburuak alboan izan ditu aldundietako ordezkariak, tartean Amaia Barredo Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko diputatua.
Plazaratutako konpromisoen artean daude, besteak beste: Europako araudia malgutzea eta eskumen esparrua defendatzea, elikadura katearen legea garatzea (kontrola indartuz), "ingurumen politikak nekazaritzako jarduerarekin sentsibilizatzea" (besteak beste, otsoa babestutako espezieen katalogotik ateratzeko), belaunaldi erreleboa eta emakumeen presentzia bultzatzea, laguntza neurriak, nekazaritza aseguruak indartzea, teknologia eta berrikuntza sustatzea...
Data zehatzik ez badago ere, lau hilabete baino gutxiago falta dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde autonomikoetarako. Beraz, agindutako neurri gehienak ezingo lirateke onartu edo indarrean sartu hurrengo legegintzaldira arte.
Tapiaren prentsaurrekoari erantzuteko hiru lerroko ohar labur batean, UAGA Arabako Nekazarien Elkarteko presidente Edurne Basterrak adierazi du "aurkeztutako dekalogoaren edukia alde batera utzita, egokiena sektoreko eragileak aldez aurretik biltzea izango litzatekeela, lehen sektorearen protestak eta aldarrikapenak sortu dituen egoera bertatik bertara ezagutzeko".